NAIZ
Bilbo

Hautsez eta odolez zikindutako haur zapatak Bilbon, Gaza pairatzen ari den erasoa salatzeko

«Anas Muhammad Mazen, 4 urte, Israelek eraila. Bushra Sharif Youssef, 12 urte, Israelek eraila...». Hautsez eta odolez zikindutako dozenaka haur-zapata bidez Baztan Arte-Kale Kolektiboak eta Bilbo-Palestina herri ekimenak Israel Palestinan gauzatzen ari den genozidioa salatu dute.

Palestinar herria pairatzen ari den genozidioa salatzeko performance bat egin dute Baztan Arte-Kale Kolektiboak eta Bilbo-Palestina herri ekimenak ostiral goiz honetan bizkaitar hiriburuan.

«Israelgo Armadak Gazan milaka haur hil izanaren larritasuna dramatismoz jasotzea» zuen helburu gaur plazaratutako lanak. Hautsez eta odolez zikindutako dozenaka haur-zapata utzi dituzte Bidebarrieta kaleko galtzadan. Haien ondoan, haur horien izen-abizenak, adina eta haien heriotzaren arduraduna den Israel jasotzen zuten etiketak jarri dituzte; «Anas Muhammad Mazen, 4 urte, Israelek eraila. Bushra Sharif Youssef, 12 urte, Israelek eraila. Sham Abdul Karim urte 1, Israelek eraila...»

Gogora ekarri dute dagoeneko 30.000 pertsona baino gehiago hil dituztela Palestinan, bost hilabete baino gutxiagoan, eta horietatik 14.000 baino gehiago haurrak direla.

Ekintza honen egileek Bilboko kale jendetsu honetan sortu duten giroak eragina izan du hortik pasatzen zen jendearengan. Sortutako irudiari begiratu eta haur horien izenak «atsekabetuta» irakurri dituzte oinezkoek, performance-aren egileek adierazi dutenez. Balkoi batetik entzuten ziren ‘Gernika-Gaza’ abestia eta gerra-sirenen soinuek efektu hori lortzen lagundu dute.

Egun hauetan Baztan Kolektiboak kristal hautsien erakusketa bat dauka Alde Zaharreko hainbat saltokiren erakusleihoetan. ‘Hautsiak’ izeneko erakusketa honek ere genozidioa salatzen du, eta gaurko ariketak bezala, «bilbotarren normaltasuna eraldatu nahi du, une honetan, guk gure normaltasunarekin jarraitzen dugun bitartean, Palestinan gertatzen ari dena ahaztu ez dezagun».