NAIZ

Xuhar Herri Plataformak EAJko zinegotziari: «Gibela behar da gero; ardurak hartzeko unea da»

Xuhar Herri Plataformak erantzun dio Arantzazu Rojo EAJko zinegotziak asteazkeneko Villabona-Amasako Osoko Bilkuran adierazitakoari. «Foam jaurtigaiak ez ziren ‘kasualitatez’ parranda giroan zeuden gazteen buruetan erori, Arantzazu anderea», aurpegiratu dio.

Arantzazu Rojo eta EAJko gainerako zinegotziak, mozioaren aurka bozkatzen. Xuhar gaztea ageri da atzean.
Arantzazu Rojo eta EAJko gainerako zinegotziak, mozioaren aurka bozkatzen. Xuhar gaztea ageri da atzean. (Jon Urbe | Foku)

Bertan zirenen harridurarako, Lakuako Segurtasun Sailaren ikerketaren ondorioak aurreratu zituen Arantzazu Rojo EAJko zinegotziak asteazkenean Xuharren herrian, Villabona-Amasan, asteazkenean egin zen osoko bilkuran. Haserrea eragin zuen berak esandakoa eta orain oharra kaleratu du Xuhar Herri Plataformak, horri erantzunez. Bitartean, Rojok aipatutakoa berretsi egin du Josu Erkoreka buru duen sailak, filtrazio baten bidez: foam pilota batek zauritu zuen 16 urteko gaztea baina errebote baten ondorioa izan zela uste omen dute, ez era zuzenean jaurtirik. Protokoloak era egokian bete zirela argudiatu nahi du horrela Ertzaintzak.

«Xuhar ez zela tirokatua izan ondorioztatu du EAJk eta esku hartze poliziala ez zela desproportzionatua izan azpimarratu zuen asteazkenean Arantzazu Rojok, EAJko zinegotziak, Amasa-Villabonako udalean. Jakina, Xuhar Herri Plataformako kideok bat egin dugu aipaturiko ondorioekin eta guk ere gure hipotesi nagusitzat hartzen dugu, nahiz eta mediku informeek ‘begiko kalte eta zauriak poliziaren foam proiektilak eraginak direla’ argi eta garbi dioten; uste dugu oso litekeena dela proiektil horiek eskopetatik, nolabait, ‘kasualitatez’ irten eta ‘kasualitatez’ horietako batek Xuharren begian amaitu izana», adierazi du plataformak ironiaz.

Tono berean honako hau erantsi du: «Erabat zilegi eta proportzionatua iruditzen zaigu nerabez lepo zegoen Soldadu kalean Ertzaintza soldaduen pare sartzea. Nola jakin behar zuen esku-hartzea koordinatu zuen ertzainburuak eta esku
artean eskopetak zituztenek, inor tirokatzeko asmorik gabe foam jaurtigai horiek ‘kasualitatez’ hiru pertsona zauri zitzaketela?».

Ironiak alde batera utzita, «EAJk Tolosako auziaren inguruan harturiko jarrera lotsagarria dela adierazi nahi dugu eta Arantzazu Rojok asteazken iluntzean Amasa-Villabonako pleno aretoan esandako astakeriak publikoki salatu nahi
ditugu –adierazi du plataformak–. Foam jaurtigaiak ez ziren ‘kasualitatez’ parranda giroan zeuden gazteen buruetan erori, Arantzazu anderea. Ertzaintzak esku-hartze desproportzionatuan parranda giroan zeuden gazteak tirokatu egin zituen. Pleno aretoan geunden herritarron, familiaren eta Xuharren beraren begia amorru malkoz busti zituzten egoera lokazteko erabili zenituen hitz higuingarriek. Gibela behar da gero».

«Ardurak hartzeko unea da –aldarrikatu du Xuhar Herri Plataformak–, argibideak ematekoa eta ez sinesgaitzak diren
hipotesiak elikatu eta gaiari bizkarra ematekoa. Bada garaia gauzak aldatzeko», amaitu du, Xuhar aitaren hitz ezagunak erabiliz.