‘Agotak, berdintasuanren alde borrokalari’ liburua aurkeztu dute astelehen goiz honetan Donostian, Josu Legarretak eta Xabier Santxotenak, Erein argitaletxearen eskutik. Agoten historia antropologiaren ikuspegitik azaldu izan da idazleen arabera, eta liburu honetan «Erroma, Frantzia, Ingalaterra eta Alemania aldeetako politikarien nazioarteko handinahikeria zapaltzaileen aurka egin ziren herri aldarrikapenen artean jartzen dira Agotek berdintasun eskubidearen alde hartutako jokabideak», zehaztu dute.
200 orrialdetan zehar agotak nor eta zer ziren, XVI. mendetik aurrera izandako bilakaera, bide horren baitan Nafarroan zein Gipuzkoan ze ibilbide izan duten, historialarien liburuetan zer kontatzen den Agotei buruz, eta amaitzeko, «etorkizunera begirako epilogoa» kontatzen da, azken atala Santxotenaren eskutik. Inoiz argitaratu gabeko artxiboko dokumentu eta irudiak jasotzen direla liburuan aurreratu dute.
Ez da Legarretak eta Santxotenak agoteen inguruan idazten duten lehen liburua, izan ere, 2018an ‘Orgullo de ser agote’ liburua idatzi baizuten. Legarretak kontatu du, duela sei urte liburua gazteleraz argitaratzerakoan galdetu ziotela ea zein hizkuntza zerabilten agotek. «Ezin da jakin zein den lehen agotearen jatorria, baina 1654ko epaitegian azalpenak euskarara itzuli behar izan zizkieten agotei», erantzun du. Eta, beraz, euskaraz idazteko beharra sentitu eta halaxe egin dute.
Artxibategietan sei urte inguru pasa dituzte hipotesi eta datu gehiagoren bila. Bazekiten 1675ean Nafarroako gorteetako abokatuak 150 orrialdeko dokumentua idatzi zuela. Iruñeko artxibategira joan ziren dokumentu horren atzetik, izan ere, oraindik ez da inon argitaratu, ezta ikertzaileen tesietan ere. Baina bertara joandakoan, ez zutela erantzun zieten, «desagertu» egin zela, «norbaitek hartu eta ez zuela itzuli esan ziguten». Legarretak azaldu du dokumentuaren atzetik hamaika ahalegin egin ostean Bizkaiko Foru Aldundiko artxibategian aurkitu zutela eta, lehen aldiz, beraien liburuak ematen duela dokumentu horren berri.
«Hipotesi berriak agertzen dira, proiekzio internazionala eman diogu agoteen gaiari, eta historia hobeto ezagutzeko aukera eman digu horrek», gaineratu du. Eta, «berdintasunen aldarrikapena» presente zutenez, hori ere lantzen ahalegindu direla liburuan: «Garaian herri mugimenduak egiten zituzten aldarriak eta agoteena oso antzekoa zen, jokabide demokratikoa eskatzen zuten, emakumeen aldarrikapenak ere bere egin zituzten».
Zurgin gisa egindako ibilbidea
Santxotenak txikitako nahi bat bete du liburu honekin, baita duela zenbait urte irekitako museoarekin ere: «Ni agotea naiz, txikitatik baztertuak ginen eta banuen gogoa dirua nuenean zerbait egiteko. 1998an museoa egin genuen, eta parkea ere ireki genuen, ordutik Japoniatik ere etorri da interesa duen jendea».
Eskultorea ere bada, eta zentzu horretan agoteek zurgintzarekin zuten harremanaz mintzatu da. Kontatu du agoteek 15 urtez ikasi behar izaten zutela diploma eskuratzeko, eta geometriaren inguruan jakintza handia zutela gaineratu du. Hori dela eta 1150. urtean Gotikoa hasi zenean, katedralak eginez ospe handia hartu zutela adierazi du, «egurraren gremioak ziren». «Herriz herri mugitzen ziren lan bila, Santiago bidea egitea zen gure ametsa, bertan katedralak zeudelako», azaldu du.
Gizaki guztien artean berdintasuna lortze bidean, «ikuspegi feminista» ere bazutela esan du adibide zehatz bat kontatuz: «Agoteen defentsa egin zuenetako bat Pedro Ursua Arizmendi izan zen, Salamancan ikasi zuen. Ez genuen argi ikusten zergatik erabiltzen zituen bi abizen bakarrik, Ursua eta Arizmendi. Gure ikerlanaren arabera, bigarren abizena ez zen Arizmendi, baizik eta Egues, Sevillako konde batean semea zen, jatorri nafartarra zuena. Argitalpen honetan azaldu duguna da zergatik ez zuen Egues abizena erabiltzen, familia horretan erabaki zen lehendabiziko abizena amarena izango zela, feminismo joera bat zegoela ikusten da».