Erabakita dago jada: Aroa Arrizubieta, Asier Otamendi, Iñaki Viñaspre, Manex Agirre, Paula Amilburu eta Peru Abarrategi izango dira datorren martxoaren 16an Gasteizek hartuko duen Arabako Bertsolari Txapelketako final handian parte hartuko duten sei bertsolariak.
Arabako txapelketaren bigarren eta azken finalerdia larunbat honetan jokatu da Dulantzin eta bertan lortu du finalerako zuzeneko txartela Otamendik. Orotara, 366,5 puntu eskuratu ditu Urretxun jaiotako bertsolariak eta sailkapenean atzetik segika izan ditu Paula Amilburu (353,5 puntu), Aroa Arrizubieta (352,5 puntu), Xabi Igoa (346,5 puntu), Aitor Ugarte (339 puntu) eta Izar Mendiguren (303 puntu).
Dulantziko Kultur Etxeak hartu du finalerdiko saioa. Marta Ugarte Abasolo aritu da gai-jartzaile eta aurkezle lanetan, epaimahaia Mikel Fernandez de Arroiabe, Fernando Sopelana, Iker Elexpuru eta Aitor Jimenez Tolosanak osatu dute eta Endika Jimenez Enbeita aritu da idazkari lanetan.
Finalera begira, sailkapen orokorrean puntu gehien dituen bertsolaria Manex Agirre da, 372 punturekin. Otamendi (366,5) dago bigarren postuan, eta segidan datoz Peru Abarrategi (365,5), Iñaki Viñaspre (354), Paula Amilburu (353,5) eta Aroa Arrizubieta (352,5).
Final handia martxoaren 16an, larunbata, jokatuko da Gasteizko Printzipal Antzokian. Sarreren eta txapelketaren gaineko informazio gehiago, Arabako Bertsozaleren webgunean.