NAIZ

ETBk hainbat programa ekoizteko zerbitzuak azpikontratatzen dituela salatu du LABek

LABek EITBko zuzendaritzari eskatu dio «zerbitzuak nahieran eta justifikaziorik gabe esternalizatzeko joerari utz diezaiola» eta «argitu dezala zein den estudioetatik kanpo egiten diren programak azpikontratatzeko arrazoia, ETBko lantaldeak eta Unitate Mugikorrak lanik gabe eta libre daudenean».

Bilboko EITBren egoitza.
Bilboko EITBren egoitza. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

EITBko zuzendaritza nagusiak «ETBko hainbat programaren produkzioa esternalizatzeko joera» hartu duela salatu du LAB sindikatuak, «EITBko Unitate Mugikorra (UM) eta lantaldea libre egonda ere».

Denboraldi honetan, «EITBko zuzendaritzak eskatuta» ‘Biba Zuek!’ saioa hainbat egunetan Miramongo estudioetatik kanpo egin duela, eta programa horiek New Media enpresak ekoitzi dituela adierazi du. Beste hainbat ere zerrendatu ditu sindikatuak: Donostiako Zinemaldia, irailaren 25etik 29ra, Donostiako Aiete auzoan dagoen eraikin batean egin zen; Durangoko Azoka, abenduaren 7an, Landakogunetik egin zen programa; Sagardotegien denboraldiaren hasiera, urtarrilaren 16an, Alorrenea Sagadotegitik egin zen programa.

«Egun horietan guztietan Pixel produktorarekin egin ziren aipatu saio bereziak, eta baliabide tekniko guztiak haiek jarri zituzten, baita errealizadorea ere. Bitartean, Miramonen Irregular Txandan (IT) dagoen ETBko lantaldeak ez zuen ezer egitekorik izan, eta UMa ere libre zegoen», adierazi du sindikatuak.

Jakinarazi duenez, «horrelako eskaera bereziak ikasturtearen hasieran egiten dira» eta, ondorioz, «aurreikuspen handiarekin antolatu daitezke EITBko lantaldea eta UMa erabiltzeko eskaerak». Hori dela-eta, zuzendaritzari galdetu dio «zergatik azpikontratatzen du lantalde oso bat eta UM bat EITBkoak libre baldin badaude?»

‘Biba Zuek!’ programa Alorrenea sagardotegitik egindako saio berezia EITBko baliabideekin ekoizteko eskaera egin zuen LABek eta orain erantzuna jakinarazi du. «Ondo dakizuenez, baliabideen kudeaketa eta honen arrazoiak zuzendaritzari dagozkio. Hala ere, gogorararazi, EITB ez den enpresa batek kanpo produkzio bat egin behar duenean, oro har, bere baliabideekin, edo honek kontratatutako baliabideekin, egin behar duela».

LAB sindikatuak, aldiz, hori «gezurra» dela adierazi du. «Horren erakusgarri da, adibidez, ETB1eko Urtezaharreko kanpaikaden programa berezia Oriok ekoiztu zuela, ETBko UMarekin eta ETBko lantaldearekin. Horrenbestez, zuzendaritzak ez du irizpide objektiborik eta gardenik erabiltzen, programa bat kanpoko enpresa batek noiz eta nola egin behar duen erabakitzeko», adierazi du ohar baten bidez.

Egoera honen aurrean, sindikatuak EITBko zuzendaritzari eskatu dio «zerbitzuak nahieran eta justifikaziorik gabe esternalizatzeko joerari utz diezaiola» eta «argitu dezala zein den benetako arrazoia Miramongo eta Bilboko estudioetatik kanpo egiten diren programak azpikontratatzeko, ETBko lantaldeak eta Unitate Mugikorrak lanik gabe eta libre daudenean».