Hernani eta Astigarragako udalek nabarmendu dutenez, txotx garaian bi herri horietan larunbatetan izaten den jendetza «ez da jasangarria bizilagunek ohiko bizimodua egiten jarrai dezaten». Adibide gisa jarri dute iragan larunbatean, martxoaren 2an, 80 autobus zenbatu zituztela bi herriotako aparkalekuetan, eta ohartarazi datozen asteetan jendetza handiagoa espero dutela.
Xabier Lertxundi eta Xabier Urdangarin alkateen ustez, «arazoa, gainera, handitzen ari da urtetik urtera». «Txotx denboraldia luzatzen ari da, eta horren ondorioz, esate baterako, bizilagunek jasan behar izaten dituzten eragozpenak ez ezik, udalek hartu behar izaten dituzten neurriak -segurtasuna eta garbitasuna mantentzeko, esate baterako- kostu handiagokoak dira», azaldu dute.
Udal ordezkarien iritziz, egungo txotx eredua aldatu egin behar da eta «larunbatetan gure herrietan sortzen diren albo kalteei buruz gogoeta» egin behar da. Horretarako, erakundeen arteko mahaia sortzeko eskatu diete Gipuzkoako Aldundiari eta Lakuako Gobernuari.
Ohar batean azaldu dutenez, Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko diputatu Xabier Arrutirekin otsailaren 1ean elkartu ziren bi alkateak, eta aste honetan bertan egin dute beste bilera bat Bittor Oroz Lakuako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordearekin. Lertxundik eta Urdangarinek kezka helarazi diete «bi herriok jasaten ari diren kalteengatik, eta sagardoaren kultura bizitzen ari den desprestigioagatik, batik bat azken urteotan larunbatetan gertatzen ari den bisitarien etorrera masiboa dela eta».
Beraien iritziz, arazoari «oinarrizko adostasun batetik» heldu beharko liokete erakunde guztiek, «modu bateratuan», eta horretarako erakundeen arteko mahaia osatu nahi dute.
Oharrean zehaztu dutenez, ordea, «alkateek bileretan jaso duten informazioaren arabera, mahai hori bere horretan ez dute ikusten ez Jaurlaritzak eta ezta Aldundiak ere, bertan sagardoaren sektoreko ordezkariak ez badaude. Horri dagokionez, Bittor Orozek adierazi du ez dutela neurririk hartuko sagardoaren sektorea kaltetzen badu».
Hernani eta Astigarragako alkateen arabera, Lakuak bi asteko epea eskatu du erakundeen arteko mahai bat osatzeko eskaerari erantzuteko.
Alkateek gogorarazi dute, bestalde, txotx garaian bizikidetza arazoak ere sortzen direla, eta zenbait jarrera «onartezinak» direla. Horiei aurre egiteko aurten kanpaina bateratua martxan jarri dute bi herritako udalek, «gogorarazteko ez dutela onartzen ez eraso matxista, ez arrazista ezta bizikidetzaren aurkakorik». Lertxundi eta Urdangarinen aburuz, kanpaina horiek babes instituzional handiagoa izatea beharrezkoa da; horregatik, sentsibilizazio lanak oihartzun handiagoa izan dezan, «goragoko beste bi erakundeen babes instituzionala» eskatu dute.