Ion Salgado

AHT Gasteizera heltzeko plana, lurrazpitik baina datarik gabe

Lakuako Gobernuak ostiral honetan azaldu duenez, AHTk lurrazpitik zeharkatuko du Gasteizko erdigunea, pantailen bidez eraikiko den 3,6 kilometroko tunel bati esker. Ez da izango zarataren kontrako babes hormarik, ostegun honetan agentzia batek zabaldu zuen bezala.

Gasteizko tren geltokia, artxiboko irudi batean.
Gasteizko tren geltokia, artxiboko irudi batean. (Juanan RUIZ | FOKU)

Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioak ostegun honetan iragarri zuenez, Espainiako Gobernuak onartu du Arkautiko lotunerako eta Gasteizen AHT sartzeko egin beharreko proiektuaren ingurumen inpaktuaren adierazpena.

Ministerioak argitaratutako oharraren arabera, trena pantailen artean sartuko da Arabako hiriburura, eta hiria zeharkatuko du Krispiña ingurutik Errekaleor ibaiaren gaineko bidegurutzeraino.

Europa Press agentziak argitaratu zuenez, sarrera zarataren kontrako babes hormen bitartez egingo da. Baina informazio hori ez da zuzena. Lakuako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailetik NAIZi azaldu diotenez, pantailen xedea ez da zaratari aurre egitea.

Sail horretatik zehaztu dutenez, eraikuntzan lurperatzea aurrera eramateko erabiltzen den teknika bat da. 17 metroko hormak jarriko dira eta ondoren hustu egingo da barruan dagoen lurra. Helburua da 3,6 kilometroko tunela sortzea teknika horren bitartez, Pedro Asua kaletik Salburuako Bulebarrera.

Eperik gabe

Dena den, gasteiztarrek itxaron egin beharko dute gaur egun hirigunea zeharkatzen duen trenbidea desagertzeko. Izan ere, Espainiako Gobernuaren oharrean ez da eperik ezartzen lanak aurrera eramateko, eta Iñaki Arriola sailburuak ere ez du data zehaztu ostiral honetan bidalitako agirian.

«Horrelako obretan epeak luzeak dira, baina urrats sendoak ematen ari gara AHT Euskal Autonomia Erkidegoan errealitate bihur dadin», adierazi du, AHT «funtsezko azpiegitura» dela nabarmenduz.

Gasteizko alkatea den Maider Etxeberriak ere argi utzi du agintariek ez dakitela noiz amaituko diren trenbidea lurperatzeko lanak.

«Epeak askoz ere laburragoak izatea gustatuko litzaidake, izapideak benetan luzeak dira, baina erakunde gisa ezin dugu araua hautsi. Garrantzitsuena da AHT lehenbailehen iristea. Eta ingurumen inpaktuaren adierazpena oso pauso garrantzitsua da», adierazi du.