NAIZ

«Boluntarioak», Rafah-n ordena kontrolatzeko

Trafiko kaotikoa zuzendu eta elikagaien prezioak kontrolatu nahi dituzte. Gaza hegoaldeko Rafah hirian «boluntario» taldeak ugaritu dira, bost hilabete dirauen gerrak normaltasuna eta arauak erabat suntsitu dituen lurralde palestinarrean gutxieneko ordena ezartzen saiatzeko.

Herri Babeserako Batzordeetako kide kaputxadunak, elikagaien prezioak kontrolatzen.
Herri Babeserako Batzordeetako kide kaputxadunak, elikagaien prezioak kontrolatzen. (Said KHATIB | AFP)

Beltzez jantzitako kide kaputxadunak nonahi ikusten dira Rafah hirian, NBEren arabera ia milioi eta erdi palestinar pilatzen diren hiria patruilatzen. Israelgo Armadak Gaza iparraldean eta erdialdean egin dituen erasoetatik ihesi, ehunka mila palestinarrek azken babeslekua aurkitu dute bertan, Egiptok itxita mantentzen duen mugaren ondoan, beste inora joaterik ez dutela.

«Ehunka boluntario gara segurtasun publikoa mantentzeko eta herritarrak babesteko, merkatuak eta garraioak antolatzeko», esan du 28 urteko Ahmedek. Elikagaien prezioek, elikagaiak daudenean, ikaragarri egin dute gora Israelgo Armadak ezarritako murrizketa neurri drakoniarren ondorioz.

Hamas erakundeko Ekonomia Ministerioak, Israelek erabat suntsituko duela zin egin badu ere, egunero ezartzen du, esaterako, barazkien prezioa. Herri Babeserako Batzordeetako kide kaputxadunen egitekoa prezio horiek betearazten direla ziurtatzea da, beren aberkideen sufrimenduarekin inor ez dela aberasten zaintzea.

«Merkatariek prezioak nahita igotzen dituztela sarritan ikusi dugu, zoritxarrez», esan du 29 urteko Abou Islam kideak. Patruilatzen ari dela, metro batzuk aurrerago, beste merkatari batek kexa jarri nahi du Herri Babeserako Batzordeetako kideen aurrean: bizilagun batek kilo bat azukre 88 shekeletan (22 dolar) saldu duela dio, Hamasek ofizialki ezarritako 65 shekeletan saldu ordez. Gogoratu behar da gerra baino lehen azukre kiloa bi shekeletan saltzen zela.

«JENDEARENTZAT LAN»

Gazan instituzioak kolapsatuta daude, kaosa da jaun eta jabe, egunetik egunera ageriagoa. «Jendearentzat egiten dugu lan, eta bere konfiantza geureganatzeko ahalik eta duinen izaten saiatzen gara», jarraitu du Abou Islamek. «Arma bat duen edonork erabil dezake», gaineratu du, baina bere unitatean, kide bat salbu, beste denak makilekin eta borrekin armatuta daude.

Herri Babeserako Batzordeak duela aste batzuk azaldu ziren Rafahn; hain zuzen, Israelgo drone-eraso batek bertako poliziaburu bat eta beste hainbat agente hil ondoren.

Orduz geroztik, ez da ia polizia patruilarik ikusten, kasik ez dago presentzia polizialik. Boluntario hauek trafikoa zuzentzeaz arduratzen dira, bonbardaketetan larri zauritutakoa daraman anbulantziari lehentasuna emateko edo NBEren laguntza humanitarioarekin betetako kamioiari gainpopulatua dagoen gerra-desplazatu eta -errefuxiatuen eremu erraldoi honetan bidea zabaltzeko.

Abou Ahmed, gerrak desplazatutako Gaza hiriko 61 urteko palestinarrak, begi onez hartzen du beltzez jantzitako kide kaputxadunen presentzia. «Beren ahalegina asko eskertzen diegu», aipatu du, «elikagaien arrazoizko prezioak» mantentzeko egiten duten lana bereziki goraipatuz.