NAIZ

Hamasei urteko kartzela zigorra ezarri diote Tafallan bere anaia hil zuen gizonari

Nafarroako Auzitegiak hamasei urteko kartzela zigorra ezarri dio Tafallan 2022ko ekainean bere anaia labankadaz hil zuen gizonari. Fiskalak 20 urteko zigorra eskatu zuen, eta defentsak 10 urtekoa.

Marcos G.Z.-ren hilketa Tafallan izan zen.
Marcos G.Z.-ren hilketa Tafallan izan zen. (NAFARROAKO GOBERNUA | EUROPA PRESS)

Nafarroako Auzitegiak hamasei urteko kartzela zigorra ezarri dio Tafallan bere anaia hiltzeagatik epaitu zuten gizonari, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez.

Cesar G.Z. otsailaren 19 eta 22 artean epaitu zuten Nafarroako Auzitegian, 2022ko ekainaren 21ean Tafallan Marcos bere anaia hiltzeagatik. Biak bizi ziren etxean hamalau labankada sartu zizkion. Epaiketaren ondoren zinpeko epaimahaiak erailketaren errudun jo zuen; frogatutzat eman zuen akusatuak anaia hiltzeko asmoa zuela eta honek ezin izan zuela erreakzionatu eta eraso hilgarria saihestu.

Bere ebazpenean, epaimahaiak bi aringarri izan zituen kontuan: aitortzarena, anaia hil eta berehala Poliziarengana joan zelako hilketa aitortzera, eta ahaidetasunarena. Izan ere, bi anaien arteko elkarbizitza oso gatazkatsua zen eta liskarrak izaten zituzte oso maiz, baita elkarri eraso egin ere. Epaimahaikideen iritziz, horrek guztiak eragina izan zuen Cesarrek erasoa burutzeko.

Epaiaren ondoren, Fiskaltzak 20 urteko espetxe zigorra eskatu zuen, eta defentsaren abokatuak 10 urtekoa. Nafarroako Auzitegiak hamasei urtekoa ezarri dio. Ez du aintzat hartu ahaidetasunaren aringarria, bere ustez ezinezkoa delako zirkunstantzia hori «juridikoki egokitzea».

Hamasei urteko zigorrarekin batera, hura bete ondoren beste sei urtez zaintzapeko askatasunean egon beharko du akusatuak. Kalte-ordain gisa, bien amari 66.350 euro eman beharko dizkio Cesar G.Z.-k.