Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Athleticek erritmoa mantendu du Las Palmasen irabazi (0-2) eta Atleticori hiru puntu murrizteko

Guruzetak ireki du markagailua lehen ordu erdia betetzerakoan Nico Williamsen erdiraketa itxi bat aprobetxatuz; eta Cocok, bere atean, bigarren gola eman die zuri-gorriei bigarren zatian Vivianen burukada batean. Bilbotarrek bi puntura dute orain laugarren postua.

Guruzeta, Las Palmasen lehenengo gola ospatzen.
Guruzeta, Las Palmasen lehenengo gola ospatzen. (AGENCIA LOF)

Hiru puntu gehiago poltsikora! Athletic oso bolada eta maila onean dago, eta hori zelaian ikus daiteke; bai joko aldetik eta baita emaitza aldetik ere. Kopako finala pixka bat aparkatuta –baina ez ahaztuta–, Europa dute helburu orain zuri-gorriek. Eta pauso handia eman dute igande honetan Las Palmasi irabazita eta larunbatean Cadizen aurka 2-0 galdu zuen Atleticori hiru puntu murriztuta. Laugarren postua, Txapeldunen Ligakoa, bi puntura dute orain bizkaitarrek.

Gran Canaria zelaian espero zen partida hasiera ikusi ahal izan da. Hau da, Las Palmasek baloia atzetik ateratzen saiatzen zen bitartean baloia ukitu eta ukitu, Athleticek goi presioa mantendu du, beti egiten duen bezalaxe denboraldi honetan. Eta horretako batean, etxekoen baloi bat galtzea ekarri du norgehiagoka hasieran, baina ez du etekinik atera talde zuri-gorriak.

Egia esateko, Ernesto Valverderen jokalariek eroso jokatu dute lehen zatiaren parte gehiena, atzean arazorik izan gabe. 12. minutuan, Nico Williamsek erdiratu egin du ezkerretik bere eskuin hankarekin, itxita, eta baloia atezainaren eskuetara joan da. Lehen abisua izan da.

Bi minutu geroago, Beñat Prados izan da saiatu egin dena. Area kanpotik, alderatze bat aprobetxatuz, jaurtiketa egin du, ahal zuen moduan, baina baloiak botea egin dio eta atezainaren eskuetara joan da.

Lehen ordu erdia iritsi denean egin du gola Athleticek, Nico-Guruzetaren konexioari esker. Williams anai txikiak ezkerretik erdiratu du berriro ere, eskuin hankarekin itxita eta baloiarekin goxo jolastu ondoren, eta bigarren zutoinean buruz pikatuta gola egin du aurrelari gipuzkoarrak.

Partidak itxura bera mantendu du, baina Las Palmasek pauso bat egin du aurrera eta hor izan ditu etxeko taldeak aukerarik garbienak berdindu ahal izateko. Lehenengo Sandro izan da protagonista, jokaldi bikain batekin ezkerretik. Baina baloia kornerrera bidali dute atzelari zuri-gorriek, eta ondoren iritsi da etxekoen beste aukera. Saul Cocoren burukada kanpora joan da gutxigatik.

Atsedenaldira joan aurretik, Iñaki Williamsek beste saiakera bat egin du area kanpo urrutitik, baina gehiegi gurutzatu du baloia.

Ondo maneiatutako partida

Bigarren zatian, etxekoek, kontuan izanda gauza gehiago zituztela jokoan, hobeto hasi dute lehia. Hala, Kirianen jaurtiketa, ezkerretik egindako erdiraketa batean, kanpora joan da oso gutxigatik.

Baina pixkanaka Athletic berriro ondo ezarri da zelaian, beroa eta eguzki izpiei aurre eginda, eta bigarren gola egin du, Las Palmasi aukera guztiak agortuz. Vivianen burukada bat bere atean sartu du Cocok 66. minutuan.

Dena ez da positibo izan Las Palmasen Athleticentzat. Yurik zelaia utzi behar izan du mina hartuta eta kanariarrek beldur pixka bat ere sartu diete zuri-gorriei. Epaileak bertan behera utzi die Parken gola, bere jaurtiketa Sandroren besoan jo baitu.

Gauza bera gertatu da beste atean, hamar minutu beranduago eta partidaren hondarrean. Berenguerrek gola egin du, baina baloia eskuarekin ukitu duela adierazi du epaileak, nafarra ia lurrean zegoela.

Ordurarte arratsalde nahiko lasaia izan duen Unai Simonek protagonismoa izan du azken minutuetan. Atezainak geldiketa bikaina egin du, lurretik eskuin hankarekin, Las Palmaseko aurrelari bati baloia kornerrera bidaltzeko. Hortxe amaitu dira etxekoen aukera guztiak eta Athleticek oso ondo maneiatu ditu azken minutuak hiru puntu gehiago lortzeko eta Europa gertuago ikusteko.

PARTIDAKO FITXA:

0 - Las Palmas: Alvaro Valles; JuliAn Araujo (Benito, 79'), SaUl Coco, Mika MArmol, Sergi Cardona; Javi Muñoz, Campaña (Loiodice, 56'), Kirian; Munir (Marc Cardona, 79'), Sandro (Pejiño, 86') eta Moleiro (Marvin Park, 56').

2 - Athletic: Unai Simon; De Marcos (Lekue, 70'), Vivian, Paredes, Yuri (Yeray, 74'); Ruiz de Galarreta, Beñat Prados; Iñaki Williams, Sancet (Unai Gomez, 62'), Nico Williams (Berenguer, 70'); eta Guruzeta (Raul Garcia, 74').

Golak: 0-1, 31.min: Guruzeta. 0-2, 66.min: Saul Coco, bere atean.

Epailea: Miguel Angel Ortiz Arias (Madril). Txatel horia atera die Saul Cocori (64'), Marc Cardonari (81') eta Alvaro Vallesi (81'); eta kanpoko Viviani (48') eta De Marcosi (67').

Gertakariak: Gran Canaria zelaian jokatu da partida, 27.316 ikusleren aurrean, horietako 500 baino gehiago Athleticeko zaleak izanda.