NAIZ

Bikotekidea sastatzeagatik Gasteizen atxilotu zuten gizona espetxera bidali du epaileak

Bikotekidea sastakadaz hiltzen saiatzea leporatuta atxilotu zuten 31 urteko gizona astearte honetan espetxeratu dute, epailearen aginduz. Erasoa salatzeko elkarretaratzea egin du eguerdian Gasteizko Udalak.

Erasoa salatzeko elkarretaratzea, Gasteizko Udalak deituta.
Erasoa salatzeko elkarretaratzea, Gasteizko Udalak deituta. (EUROPA PRESS)

Igandetik astelehenerako gauean bikotekidea hiltzen saiatzea egotzita atxilotu zuten 31 urteko gizonezkoa espetxeratzeko agindua eman du epaileak.

Gertatutakoa salatzeko elkarretaratzea egin du astearte goiz honetan Gasteizko Udalak. ‘Vitoria-Gasteiz eraso matxisten aurka’ lelopeko pankarta baten atzean egin dute elkarretaratzea. Han izan dira, besteak beste, Maider Etxebarria alkatea, Irma Basterra Arabako Batzar Nagusietako presidentea, Denis Itxaso Gobernu espainolaren ordezkaria eta udal alderdi politiko guztietako kideak zein polizia desberdinetako ordezkariak.

Arabako hiriburuko Arriaga-Lakua auzoko etxebizitza batean jazo zen erasoa, igande gauerdian. Bi pertsonen arteko liskar baten berri ematen zuten hainbat dei jaso ondoren agertu ziren ertzainak bertan.

Izterraren ingurua odoletan zuen emakume bat aurkitu zuten agenteek eraikinaren eskaileretan, eta azaldu zien bikotekideak laban batez egin zizkiola zauriak, eta gizona etxe barruan zegoela.

Agente batzuek emakumea artatzen zuten bitartan, beste batzuk etxera igo ziren, ustezko erasotzailearekin zein haren senideekin elkarrizketatzeko. 

Gizona atxilotu egin zuten eta emakumea osasun-zentro batera eraman zuten. Handik ordu gutxira atera zen, alta eman ziotenean.