Open Arms GKE katalanaren itsasontzia Zipreko Larnaca portutik atera da astearte honetan Gazako Zerrendarako 200 tona laguntza humanitarioz kargatuta. Ontziaren helburua da itsas korridore bat irekitzea, palestinarrei laguntza helarazteko.
🔴 #ULTIMAHORA
— Open Arms (@openarms_fund) March 12, 2024
¡Zarpamos! La misión conjunta #OpenArms & @WCKitchen zarpa de Chipre y pone rumbo a #Gaza cargada de 200 toneladas de comida. Se abre así el corredor humanitario marítimo a la Franja, en una misión de alta complejidad y que confiamos sea la primera de muchas que… pic.twitter.com/CTa566uP3y
Hainbat atzerapen gainditu ondoren, ontzia 7.00ak aldera itsasoratu da, Open Arms eta WCK-ko iturriek Efe agentziari jakinarazi diotenez. Ontziak 200 tona elikagai inguru eramango ditu Gazara, besteak beste irina, arroza eta atun latak.
Asteburuan Linda Roth World Central Kitcheneko komunikazio taldeko kideak azaldu zuenez, faktore ezberdinek baldintzatu dute Open Arms ontziaren misioa, haien artean Israelgo Gobernuaren baimenak.
Nazioarteko korridorea
Open Armsen itsasontziak itsas korridore bat ireki nahi du Gazako Zerrendara laguntza eramateko. GKEaren ordezkariek nabarmendu dutenez, Israelgo Gobernuaren eta Palestinako Aginte Nazionalaren baimena dute laguntza humanitarioa eramateko.
Israelen eta Hamasen arteko su-eten bat negoziatzen ari diren bitartean, nazioarteak Israel presionatzen jarraitzen du, Gazara laguntza humanitario gehiago iritsi ahal izateko, bereziki Zerrendako iparraldera, non 700.000 pertsona gosetzeko arriskuan dauden.
Ameriketako Estatu Batuek (AEB) igande honetan iragarri zutenez, ontzi bat bidali dute Zipretik Gazara laguntza eramateko. Joe Biden presidenteak Gazako Zerrendan aldi baterako portu bat eraikiko dutela iragarri zuen, laguntza humanitarioa banatzeko.
EBren ekimena
Bestetik, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak astearte honetan iragarri zuen Europar Batasuneko babes zibileko mekanismoa aktibatuko dela Gazako biztanleei laguntzeko, eta estatuei ekarpenak egiteko eskatu die.
Mekanismo honek EBren ekintza koordinatzen du hondamendi naturalei edo giza jatorriko hondamendiei erantzuteko, eta bertan, hogeita zazpi Estatuez gain, Albania, Bosnia eta Herzegovina, Islandia, Ipar Mazedonia, Montenegro, Norvegia, Serbia, Turkia eta Ukrainak parte hartzen dute.
Europaren nahia da erabiltzea Open Armsek gaur bertan irekiko duen korridorea. «Erabat operatibo dagoenean, itsas korridore horrek Gazari laguntzeko fluxu iraunkor, arautu eta sendoa bermatu ahal izango luke», adierazi du Von der Leyenek,
Dena den, bere esanetan «oraintxe bertan, laguntza humanitarioaren fluxu egokia berrezartzeko modu bakarra dago: su-eten iraunkorra». Eta badirudi zaila izango dela su-eten hori lortzea. Izan ere, Israelek 9 pertsona erail ditu Gazan konboi humanitario baten aurkako erasoan, janari zain zeudela.