Jon Ormazabal

Hamar urtetan interesik galdu ez duen derbi adeitsuak Astelena berriz beteko du

Bi urte zaharragoa den Iñaki Artolaren eta Jokin Altunaren arteko neurketek interes handia pizten jarraitzen dute profesionaletara debuta egin zutenetik hamar urte betetzear direla. «Nik jokatzen ez dudanean, nire zale asko Artolaren alde egoten dira, eta alderantziz», azaldu du amezketarrak.

Iñaki Artola eta Jokin Altuna 2014an jokatu zuten Promozio mailako kaiolako finalean.
Iñaki Artola eta Jokin Altuna 2014an jokatu zuten Promozio mailako kaiolako finalean. (Gorka RUBIO/FOKU)

Asko kontrakoa frogatzen saiatzen diren arren, Iñaki Artola eta Jokin Altunaren arteko derbia izan daiteke gertutasuneko partida batek interesa izateko oldarkortasunik behar ez duenaren adibiderik garbiena. San Juan inguruan beteko dira auzo herrietako bi pilotariek ia-ia eskutik, profesionaletara jauzi egin zutela eta hamarkada bat geroago, elkarren arteko partidek frontoi industrialak betetzen jarraitzen dute. Duela hiru aste, txintxarriak, gaixorik, jokatu ezin izan zuen play offeko demak Tolosako Beotibar bete zuen ostegun buruzuri batean eta igandetik ez da sarrerarik geratzen Eibarko Katedralean jokatuko duten aste honetakorako. Asko dira igandean Astelenan izan nahi baina partida telebistaz ikusi beharko duten bataren eta bestearen zaleak, 22ra heltzen denaren jarraitzaileek finalean izango dute euren pilotaria animatzeko aukera, baina Navarra Arenan ere 300 sarrera baino gutxiago geratzen dira dagoeneko.

Elkarren artean bi urteko aldea duten arren, Artola bi urte zaharragoa da, «Iñakik eta nik txiki-txikitatik ezagutzen dugu elkar. Oso gertuko herritakoak gara eta lagun asko konpartitzen ditugu. Nik jokatzen ez badut, nire zaletuetako asko Artolaren aldekoak dira, eta alderantziz. Gainera, pilotalekuetara jendea gerturatzen dugun bi pilotari gara», azaldu du Altuna III.ak.

Derbi honek duela hamar bat urte emango zituen bere lehen urratsak, bi pilotariak afizionatu mailako gorengo mailan topo egin zutenean. Oraintxu bete da hamarkada bat Bergarako Lau eta Erdiko Soraluze txapelketako finalerdietan topo egin zutela, –Alegiarrak irabazi zuen ordukoan 22-20– eta profesionaletara jauzi egin aurreko azken finala Zumarragan jokatu zuten elkarren aurka, Goñiren Omenezkoan eta orduan amezketarrak eraman zuen txapela, Artola-Erostarberi 22-19 gailenduta frontoia goraino bete zuen partidan.

2014ko San Juan egunez egin zuen debuta Altunak Eibarren Asperekin, lau egun geroago alegiarrak Tolosan orduko Asegarcerekin –horregatik irtengo dira gorriz 2022ko txapeldunak igandean– eta ordutik sarri aritu dira elkarren aurka. Elkarren arteko lehen finalerako ez zen askorik itxaron behar izan, negu horretan bertan Promozio mailako finala jokatu baitzuten Donostian, orduan ere sekulako ikusmina piztuz. Fisikoki askoz eginagoa, Iñaki Artolak ondo menderatu zuen amezketarra, baina ordutik Aspekoa izan da txapelak, lehen mailakoak, gainera, eskuratu dituen bakarra.

Jokatu gabeko finala

Duela hiru urteko Manomanistako finalak izan behar zuen, orain arteko derbi honen punturik gorena, biek lortu baitzuten bertan egoteko txartela, baina Iñaki Artolak uko egin behar izan zion bere biziko partida behar zuenari, Rezustaren aurkako finalerdian min hartuta.

Gastroenteritis batek urardotu zuen duela hiru asteko play offeko elkarren arteko dema eta, gauzak ondo, igande honetan hartu ahal izango du txintxarriak ordukoaren ordaina. Saria, gainera, ez da edonolakoa, Binakako finalerako txartela baitago jokoan. «Partida garrantzitsuen artean beti sentitzen duzu halako tentsio bat, baina nik uste gozatu ere egin behar dela halakoetan. Nire azken urteetako bilakaera ikusita, uda honetan esate baterako, oso zaila ikusten nuen berriz ere halako partidak jokatu ahal izatea, ez ezinezkoa, noski, baina urruti xamar bai behintzat. Frontoia beteko da, partida eder bat izango da, eskuetatik ondo iristen naiz gainera... osagai guztiak ditu eta pilotari bezala ez dago gehiago eskatzerik eta asteaz, neurri batean, gozatzen ere ari naiz», azaldu du Iñaki Artolak.