Alaia Sierra

Bere bigarren poesia liburua, ‘Airemortuak’, kaleratu du Gorka Salcesek

Gorka Salces historialari eta poetak bere bigarren poesia liburua argitaratu berri du ‘Airemortuak’ izenburupean. Kritika soziala, belaunaldi artekotasunari buruzko hausnarketa eta pandemiaren osteko giroa daude presente duela sei urte argitaratutako lehenengoaren «ertzak fintzen» dituen honetan.

Gorka Salces, ‘Airemortuak’ poesia liburu berriarekin.
Gorka Salces, ‘Airemortuak’ poesia liburu berriarekin. (Jon URBE | FOKU)

‘Airemortuak’ poesia liburua argitaratu berri du Gorka Salces historialari eta poetak Balea Zuria argitaletxearekin. 2018an, ‘Iraganaren izterrak’ liburua argitaratu berri, hasi zen berria lantzen. Beraz, pandemiaren ondorioez, indibidualtasunaz, belaunaldien arteko talkaz eta aitatasunaz hausnartzen du portugaletetarrak.

Ostiral honetan aurkeztu du Salcesek oraintsuko lana Donostiako Liburutegian. Laburbildu duenez, «historiaren azelerazio esponentziala» eman den sei urte hauetan jasotako kezka garaikidea, etorkizun hurbilarekiko kezka, planetarekiko eta klima aldaketarekiko kezka eta antsietatea islatzen dira.

Belaunaldien arteko talka ere nabaria da, «aurrekoekiko eta ondorengoekiko». Gainera, «egozentrismoa birplanteatzera» gonbidatzen duela uste du autoreak, izan ere, gizarteak bere belaunaldikoei «gure buruari begira egotera» irakatsi diete.

Argitaletxeak dioenez, lehenengo liburuarekiko «ertzak findu» ditu Salcesek. Idazleak aurkezpenean azaldu duenez, aurreko lanari egindako kritikak kontuan hartu eta literatura zaleei eta literaturan adituei «kasu egin» die. Hortaz, lexikoa, sonoritatea eta musikaltasuna hobetu ditu.

Edizioari dagokionez, «poz-pozik» dagoela jakinarazi du eta, izenburuak «lan handia» eman badio ere, asmatutako hitzak «oso ondo biltzen du aldaketa klimatikoarekiko beldurra, baita turismoak eta globalizazioak aldaketa horretan daukaten eragina ere.

Sortzaile bezala, «liburuaz eta egindako lanaz gozatzeko momentua» dela esan du Gorka Salcesek eta irakurleak ‘Airemortuak’ liburu berriaz gozatzea espero du.