Garazi Castaño

Lautadan Araba agurtu, Sakana, Larraun, Leitza eta Goizueta igaro eta Gipuzkoan da Korrika

Eguna Sakana, Ultzama, Larraun eta Leitzaldean igaro ostean, Goizuetatik Gipuzkoara egin du salto Korrikak astearte iluntze honetan. Ekuadorrera iritsita, herrialde horretan emango du asteazken goiza eta Ondarroatik barrena Bizkaian sartuko da.

Kontxita Beitia andereñoak eraman du lekukoa Hernanin.
Kontxita Beitia andereñoak eraman du lekukoa Hernanin. (Jon URBE | FOKU)

Ordu txikitan zeharkatu du Lautada Korrikak astearte honetan. Dulantzi, Dallo, Zuhatzu Donemiliaga, Agurain, Erdoña, Zalduondo, Araia eta Egino izan dira Arabako azken geldialdiak. Ziordiatik igaro da lasterketa berriz ere Nafarroara eta Sakanan barna murgildu da. Altsasun Momotxorro batek gidatu du bertan pilatutako jendetza. Gau epela lagun, aise egin dute korrika altsasuarrek.

Eguna argitzen zela, Beriain bistan zutela egin dute euskaltzaleek lasterka. Lainoak estalpe txiki bat eskaini die, baina eguzki biribila atera da azkar. Arbizu eta Lakuntzatik igaro ostean A-10 errepidea gainetik pasatu du Korrikak. Uharte-Arakil eta Hiriberrin familiek eta herritarrek egin dute bat, baina hasi dira somatzen aurretik zetorrena makala ez zenaren zantzuak: lasterketarako arropa profesionala, zapatila txukunak eta ur poltsadun motxilak. Astearte honetan Korrika luzez jarraitu nahi izatekotan, beharrezkoa zen prestatuta etortzea. Motordun txirrindaren bat edo beste ere ibili da buztanean.

Irurtzunen buruhandi eta erraldoiek egin diote etorrera Korrikari, azkarra, baina jendetsua izan da. 30 lagun inguru animatu dira Ultzamarantz bidea egitera. Abenturara Biaizpe tartetik abiatu dira, filmetan bezala, tunel ilun bat zeharkatuta. Kutsu epikoa eman dio, ilun baitzen; baina euskaltzaleen oihuen oihartzunek emozioak berpiztu dizkie arnasestuka zirenei.

Normaltasunik ere bada Korrikan

Ultzama eta Larraungo eskualdeetatik jarraitu du Korrikak. Familiek, udalek, kuadrilek... hartu dute bereziki lekukoa. Une batzuetan talde handiak pilatu dira, Larraintzarreko eskolako kilometroan, esaterako, haur mordoa izan da. Baita Iruñerriko AEK-ko euskaltegietako kilometroan ere. Koloredun banderaz josi dute lasterketaren burua. Baina bestelakoan, eta arraroa badirudi ere, normaltasuna izan da nagusi bailara horietan. Landa eremuaren bizi-erritmoek eta inguru horrietako egoera soziolinguistikoak izango du zerikusirik.

Lehen egunetan euskararen egoera ez normalizatua duten herri eta hirietatik igaro ostean, oasi txiki-handi batean murgildu da Korrika astearte honetan. Gune ez euskaldunetatik gune euskaldunetan barna murgildu da.

Horrek ez du esan nahi une berezirik bizi izan ez denik. Muskitzen herritarrek 91 urteko Jose Antonio auzokideari egin diote omenaldia, «tokiko hiztun gisa» egindako ekarpenagatik. Aimar bilobari pasa dio lekukoa eta bigarren honek, dantza mugimendu artean, harro eraman du.

Bazkaria Lekunberrin, postrea Leitzan eta bazkalostekoak Goizuetan

Bi minutuko aurrerapenarekin iritsi da Lekunberrira Korrika, arratsaldeko 15:05ean. Herri koxkorra da, baina bertako jatetxe bateko langile batek azaldu du aurreko urteetan jende askoz gehiago bertaratu izan dela. «Bazkaltzeko orduaren eragina izango da», gehitu du. Leitzan ordea kontrakoa zen irudia. Bazkalduta harrapatu ditu bertakoak Korrikak eta ehunka lagunek egin dute lasterka. Horietako batzuk indartsu ziren, eta portutik gora egin dute Goizuetara bidean.

Goroldiodun arroka eta zuhaitz artean, eta ibai adarren hotsak lagunduta, «gora Nafarroa euskalduna» oihukatu dute behin baino gehiagotan furgonetatik. Eta noski, gogoz jarraitu dute gora eta behera zihoazen korrikalariek.

Goizuetan ere bizilagun askok eman diote ongietorria Korrikari. 15 urte ziren Korrika ez zela bertatik pasatzen; gogoz hartu dute. Zahagia menditik jaitsi da eta dantza egin dute harekin batera goizuetarrek furgoneta iritsi denean. Plaza albotik pasa denean Gure Eskuren ikurrina eta nafar ikur erraldoiak ziren bertan. Korrika bezain beste mugitzen dira oihal handi horiek.

Ongietorri beroa Hernanin

Ereñotzutik sartu da Korrika Gipuzkoara, Hernani bidean. Luze ibili da udalerrian barna eta gaueko 21:30ean sartu da Gudarien plazan. Hurrengo egunean goiz jaiki beharko diren ikasleek oihu artean eta zirraraz egin dute argidun furgonetaren atzetik. Ziur errepikatuko dutela, larunbatean berriz itzuliko baita Korrika Hernanira.

Hernanin Anak eta Kontxita Beitia andereño aitzindariak hartu dute lekukoa. Hernaniarren eskertza-txalo artean egin dute aurrera. Une hunkigarria izan da.