Zarautzen 1396. kilometroan ekuadorrera iritsi ostean, asteazken honetan Urola Kostatik eta Deba bailaratik segitu du aurrera Korrikak. Elegetatik Ermura salto egitean lehen sartu-irtena egin du Bizkaian. Jendetza batu da eta kaleek gainezka egin dute Eibarren. Kostara pasa da lasterketa eta Mutriku eta Ondarroa zeharkatu ditu ditu bazkalostean. Lea-Artibai osoan zehar euskaltzaleek harrera beroa egin diote Korrikari.
Etenik ez duen haria
Korrikak egiten duen ibilbidearen mapa eskuartean hartuz gero, Euskal Herria bere osotasunean josten duen hari moduko bat irudikatzen duela ikusi dezakegu. Jira eta bira egiten du, txirikordatu egiten da, punta batetik bestera doa... baina bakarra da eta ez du etenik. Euskalgintzaren alderaketa edo irudikapen polita izan liteke.
AEK sostengatzeko eta euskalduntzean egiten duen lanaren balioa azpimarratzeko ekimena da Korrika. Baina bada askoz gehiago ere. Asteazken honetan Ermuan Euskal Birusa Euskara Elkarteak hartu du, beste askoren artean, lekukoa. Korrikak birusik ez, baina euskaltzaletasunaren hormonarik aktibatzen ote duen ikertzea ez legoke soberan. Hamaiak eguneko ‘txute’ hori non isuri eta nola bideratu izango da ziur aski pisuzkoa den galdera.
Korrika abiatu aurretik, lan handia egiten du AEK-k egitasmoaren balioak eta aldarriak hedatu eta sustatzeko. Ikastetxeetan egiten den lanketa horren adibide argia da. Besteak beste, unitate didaktikoak sortzen ditu ekimena hasi aurretik ikasleekin lantzeko. Korrikaren zain harrapatu ditugu, txaranga eta guzti, Elgoibarko Arreiturre institutuko ikasle eta irakasleak. Jon Cuende zuzendaritzako kideak NAIZi azaldutako moduan, Korrika aitzakia ona da «euskararekiko sentsibilitate gutxi duten ikasleen artean hurbilpen bat emateko». 700 ikasle inguru ditu zentroak eta, Cuenderen hitzetan, sumatu du ikasleen artean «egunerokoan euskara ez erabili arren, modu batera edo bestera, atxikimendu bat sortzen dela halako ekimenekin». Bide guztiak ez dira errazak euskarara iristeko, baina horiek urratzen hasteak badu bere garrantzia.
Kontxa Laspiur, euskararen aldeko borrokaren lekuko
100 urte beteko ditu Kontxa Laspiur Bergaran jaiotako eibartarrak. Etxe euskaltzalean jaioa, bizi osoa eskaini dio euskararen aldeko borrokari. Frankismo betean euskara irakasten aritu zen eta ostean, anaiak bultzatuta, gau eskolan hasi zen AEK sortu zen arte. Erretiroa hartu arte bertan izan zen herrikideak euskalduntzen. Asteazken honetan, 1520. kilometroan, bere etxe parean itxaron dio lekukoari. Hirugarrenez hartu du, baina betiko ilusio eta grinarekin gozatu du uneaz.