Kantauriar mendikateko aintziretako uraren kalitatea okertu egin da azken hamarkadetan. Hala dio Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea (UCM), Madrilgo Unibertsitate Politeknikoa (UPM), Alcala de Henaresko Unibertsitatea eta EHUren artean egin duten ikerketa batek. Horren arrazoiak baldintza klimatikoak eta giza ekintza izango lirateke, adibidez, lurzoruaren erabilera aldaketak eta azken hamarkadetako abeltzaintzako jarduera.
Ikerketak hauteman duenez, aintzira horietan nutrienteen karga handitu da, eta disolbatutako oxigenoa gutxitu. Ondorioz, ekosistema baliotsu horietako uraren kalitatea okertu da. «Emaitza hauek aukera ematen dute garai historiko batean gertatu diren ingurumen aldaketen magnitudea egungo aldaketa globalarekin, haren arrazoiekin eta mendiko ur ekosistemetan dituen ondorioekin alderatzeko; hortaz, aurrerapen zientifiko oso garrantzitsua da», azaldu dute ikertzaileek.
Leongo Isoba lakuan
‘Anthropocene’ aldizkarian argitaratuta dago ikerketa. Hura egiteko, Isoba aintziraren (Leon) hondoko sedimentuetako biomarkagailu organikoak aztertu dituzte. Horri esker, biomarkagailu horien kontserbazio maila eta jatorria identifikatu ahal izan dituzte.
Hortik abiatuta, azken 550 urteetan –Izotz Aro Txikian, hau da, XVI. eta XIX. mendeen arteko hozte globaleko aldian– aldaketa klimatikoen ondorioz eta giza jardueren –adibidez, abeltzaintza, lurzoruaren erabileraren aldaketak eta landare estalduraren aldaketak– inpaktuaren ondorioz eskualdean gertatu diren ingurumen aldaketa nagusiak berreraiki dituzte.
Ateratako informaziotik jakin dute, esaterako, Izotz Aro Txikian lehorreko landareak ugaritu zirela eta horien degradazioa txikia zela, baldintza klimatiko hotzak zirela eta. Era berean, deskubritu dute 2006az geroztik fitoplanktonaren produktibitatea eta jarduera mikrobianoa esanguratsuak izan direla, eta jatorri fekaleko estanolak —belarjaleen gorotzetan dauden molekulak— areagotu direla.
«Aplikazioaren ikuspegitik, giza jardueraren ondorioz mendiko aintziretan gertatzen diren aldaketen inpaktua ebaluatzeko aukera ematen dute. Horrek irizpideak ematen dizkigu lurraldea hobeto antolatzeko, aintzira enblematiko horiek kontserbatzeko eta horien leheneratzeko ekologikorako», aipatu dute zientzialariek, emaitzen aplikazioari buruz.