VALENTZIA BASKET 63 - IDK EUSKOTREN 55
Etxerako bidea hartu beharko du, edo Huelvan Kopako giroaz gozatzen geratu beharko du IDK Euskotrenek, Valentzia Basketek pronostikoak bete baititu final-laurdenetako aurreneko saioan. Nahiz eta valentziarrek itxura baten larria dirudien lesio batengatik Raquel Carrera pibota galdu, menpean izan dute partida uneoro eta azken emaitza duina izanagatik, sekula ere ez da sorpresarako tartetik izan.
Valentzia Basketek 17 baloi galdu ditu, neurri baten donostiarrek defentsan lan polita egin dutelako, baina erasoan oso kamuts aritu dira. Orotara 45 jaurtiketatik 17 baino ez dituzte saskiratu, 16tik 5 hirukoetan, eta horrez gain, zazpi jaurtiketa libre ere huts egin dituzte. Iris Mbulito eta Becky Massey izan dira donostiarren artean lanik borobilena egin dutenak, baina taronjei irabazteko aukera emaitzak dioena baino urrutiago geratu da.
Nolanahi, kikildu gabe eta erasokor ekin dio talde donostiarrak neurketari eta Iris Mbulitok segidan bost puntu sartu ostean, 4-7 aurretik ere jarri da Azu Muguruzaren taldea. Hala ere, Valentzia basketek berehala hartu du aurrea, neurri handi baten gipuzkoarren jaurtiketa erraz bat baino gehiagotan kale egin dutelako eta, aldiz, Marie Gulich valentziarren pibot alemaniarrak ez duelako ia kalerik egin. Hala ere, Tunstull eta Lara Gonzalez kantxara ateratzeak on egin die donostiarrei eta 16-15 galtzen amaitu dute aurreneko laurdena, aurreneko hamar minutuetan itxura polita eman eta gero.
Valentzia Basketek aurreneko laurdenean eta bigarrenaren hasieran baloi larregi galdu ditu, baina aldaketa pare baten ostean egoerari buelta eman dio; hu da, IDK Euskotren hasi da baloiak erruz gaktzen valentziarren defentsa dela-eta. Ondorioz, taronjak korrika atera ahal izan dira kontraerasoan eta akordatzerako 20nako berdinketa 27-20ra pasa da. Hala, Azu Muguruzak hutsartea eskatu behar izan du.
Atsedenaldira bidean, Iris Mbulitoren lan aparta nabarmendu da Alina Iagupova hegaleko ukrainarraren defentsan. Uztaipean kanariarra gehiago izan da, baina Iagupovak bere maila urrutiko jaurtiketen bidez erakutsi du. Tamalez, Raquel Carrera Valentzia basketeko pibotaren belauneko lesioak –larria itxura baten– ere tartea izan du, saskira barneraldia burutu ostean eskuineko belaunak kale egin diolarik. Harmailak bestela ere erdizka egon direla aintzat hartuta, giroa erabat hoztu eta zapuztu du bigarren laurdeneko azken minutuetan. Alabaina, donostiarrei gertaera horrek gehiago erasan die eta, hala, talde taronjak aldea zabaldu ahal izan du atsedenaldira iristerako: 36-26.
Huts larregi
Jaurtiketa txarrak eta galdutako baloiak nagusi izan dira atsedenaldiaren osteko aurreneko minutuetan. Valentziak bost puntu berehala sartu baditu ere, ia laurden erdi punturik ezin bilduz jarraitu du, eta 41-35eraino hurbildu dira Azu Muguruzarenak.
Tamalez, hurbiltze horrek ez du jarraipenik izan. Elena Buenavidak «bi gehi bateko» joikaldi bat amaitu du eta horren segidan Queralt Casas eta Alina Iagupovaren saskiratzeak iritsi dira. Hirugarren laurdena 50-38 amaitu da eta azken zatiko aurreneko lau puntuak ere valentziarren alde erori dira. Akabo sorpresarako tartea.
Egia da azken minutu horietan Ibaeta Basketek neurketa eta markagailua itxuratu dituela, batez ere sekula besorik jaitsi ez duen Becky Masseyren bitartez, baita Laura Westerik eta Iris Mbulitoren kemenari esker ere. Hala ere, Valentzia Basketek burua final-erdietan edo ilargian izan du, erreferenteetako bat galdu arren arazo handirik gabe nagusitu baita.
FITXA TEKNIKOA
VALENTZIA BASKET: Romero (4), Iagupova (15), Hempe (2), Casas (14) eta Carrera (4) –hasierako bostekoa–, Buenavida (5), Ouviña (4), Fingall (2). Gulich (9) eta Awa Fam (6), Alba Torrens eta Maria Erauzetamurgil.
IDK EUSKOTREN: Iris Mbulito (10), Becky Massey (12) eta Dulcy Fabkam (5), Alba Prieto eta Maria España –hasierako bostekoa–, Lara Gonzalez (5), Laura Westerik (9), Erin Whalen (5) eta Jewel Tunstull (7).
Epaileak: De Lucas De Lucas, Esteve Malmierca eta Ibáñez García. Egotzitakorik gabe.
Partzialak: 16-15, 20-11, 14-12, 13-17.
Gorabeherak: Emakumeen Saskibaloi Kopako aurreneko final-laurdena, Huelvako Carolina Marin Kirol Jauregian jokatu dena. Raquel Carrera Valentzia basketeko jokalariak kantxa laga behar izan du belaunean min hartu duelako.