NAIZ

Gorrotxategi: «Elkarrekin Podemos da eskuineko gobernua ez itzultzea bermatzen duen bakarra»

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaiak Durangon egindako agerraldian eskuina gobernura ez iristea berma dezakeen «ezkerreko alderdi baliagarri bakarra» berak ordezkatzen duena dela esan du.

Miren Gorrotxategi, Durangoko agerraldian.
Miren Gorrotxategi, Durangoko agerraldian. (ELKARREKIN PODEMOS)

Miren Gorrotxategi Durangon izan da larunbat goiz honetan, bere alderdia herriz herri hauteskunde programa herritarrekin partekatzeko egiten ari den jardunaldien baitan.

Elkarrekin Podemosen lehendakarigaiak euskal gizartearen kezketan jarri du begia, baita politikariek horietan eragiteko duten erantzukizunean ere: «Inkestek oso argi utzi dute zein diren euskal herritarren arazoak: etxebizitza, osasuna, lan prekarioa. Alderdioi dagokigu konpondu eta baita esatea era nola konpondu behar ditugun».

Lehendakarigaiaren hitzetan, etxebizitza-eskubidea bermatzeko higiezinen merkatuan esku hartzea beharrezkoa da, Osakidetza babesteko «haren pribatizazioa gelditu eta baliabideen plangintza arrazionala» egin behar da eta, lan prekarietatearekin amaitzeko, ekonomiaren eta sektore estrategikoen gainean «erabakitzeko ahalmena berreskuratzea» oinarrizkoa da.

«Baina hau ez du eskuinak egingo. Eta arrazoi ideologiko batengatik da. Hau ez du EAJk egingo. Osakidetza berreskuratzeko, etxebizitza eskubidea izateko, lan duina izateko eta gure ekonomia babesteko, EAJk oposiziora joan behar du. Eta orain, inoiz baino aukera gehiago daudenean, ez dirudi PSE eta EH Bildu hortan daudenik», iritzi du.

Ondorioz, Gorrotxategiren aburuz, Elkarrekin Podemos da «indar bakarra, ezker baliagarria, bermatzen duena 40 urteren ondoren eskuineko gobernua berriro ez izatea».