NAIZ

Estatu tresnak eta politika burujabeak aldarrikatu ditu LABek Aberri Egunean

Estatu tresnak eta politika burujabeak aldarrikatu ditu LABek Aberri Eguna dela eta kaleratu duen agirian. Duela 50 urte jaio zen sindikatuak «askapen nazionala eta eraldaketa soziala eskutik doazela» nabarmendu du.

LABeko kideak Martxoaren 3a dela eta Gasteizen egindako manifestazioan.
LABeko kideak Martxoaren 3a dela eta Gasteizen egindako manifestazioan. (LAB)

LAB sindikatuarentzat «askapen nazionala eta eraldaketa soziala eskutik doaz» Aberri Eguna dela eta kaleratu duen agirian nabarmentzen duenez. 50 urte betetzen ditu aurten LABek eta, gogoratu duenez, «gure sorrera zuzenki lotua dago Aberri Egunaren aldarri historiko nagusiarekin: Euskal Herriaren askapen nazionala».

«Euskal Herriaren prozesu eratzailea eraldaketa sozialerako aukera eta bidea da guretzat. Kapitalaren interesak erdigunen dituzten bi estatuetatik askatu eta bizitza erdigunean izango duen Euskal Errepublika independentea sortzea da gure iparrorratza», aldarrikatzen du LABek.

«50 urte hauek, argiekin nahiz itzalekin, oparoak izan dira ildo horretan. Beste indar sozial, sindikal eta politikoekin batera, Euskal Herria desagerrarazteko estrategia desberdinei aurre egin diegu. Tresna sozial, politiko eta instituzional propioak eratu ditugu eremuz eremu, besteak beste eremu sindikalean», gogoratu du.

Euskal Herria, esparru autonomoa

«Euskal Herria antolakuntza eta borroka sindikalerako esparru autonomo gisa eratu da (Hego Euskal Herrian) eta eratzen ari da (Ipar Euskal Herrian), bi estatuetako sindikalismoaren koordenada erabat desberdinetan. Agenda propioarekin aritu gara eta aritzen gara, Euskal Herria helburu eta abiapuntu. Langileen lan eta bizi baldintzen aldeko borrokatik abiatuta, aldaketa sozial eta aldaketa politikoak sustatu ditugu, sustatzen ari gara», jarraitzen du LABen agiriak.

«Aurrera begira, nazioarte mailako krisi ekologiko eta ekonomiko sistemikoari aurre egiteko, Euskal Herriak estatu tresnak behar ditu. Euskalduntze prozesuari, trantsizio energetikoari edota osasun eta zaintza sistemari dagokionez politika burujabeak behar ditugu. Arlo soziolaboralean ere, euskal langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko, lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioa behar dugu», azaldu du.

«Aukera politikoak egon badaude helburu horietan aurrera egiteko. Irlandatik hasi eta Euskal Herriraino ezker independentismoa indartzen ari da. Euskal Herriko hiru lurraldeetan estatusaren inguruko eztabaida irekitzen ari da. Eta era desberdinean bada ere, lurralde auzia eztabaidagai dago hala espainiar nola frantziar estatuan», gaineratzen du LABek.

«Ez dago ezer idatzia eta indar harremanen arabera determinatuko da etorkizuna. Borroka sindikal, sozial eta politikoaren bidez egingo dugu aurrera Euskal Herriaren prozesu eratzaile eta eraldatzailean, Euskal Herria independente, sozialista eta feminista ortzimugan», aldarrikatu du.