NAIZ

Baleek giza eskubideak izan ditzaten eskatu du Zeelanda Berriko maorien erregeak

Atzerago Zeelanda Berriko ibaiekin edo mendiekin egin nola, Tuheitia Paki maorien erregeak galdegin du baleek ere gizakien eskubide berberak izan ditzaten, egun bizi duten mehatxuez babesteko helburuarekin.

Maorien erregeak baleak babesteko eskaera egin du.
Maorien erregeak baleak babesteko eskaera egin du. (Luis ROBAYO/AFP)

Tuheitia Paki Zeelanda Berriko maorien erregeak galdegin du baleek gizakien eskubide berberak izan ditzaten, indigenentzat sakratua den animalia babesteko helburuarekin.

Cook Uharteetan egindako bilera batean, Tuheitiak manifestu bat sinatu du Ozeano Bareak bustitzen dituen gainontzeko herrietako buruzagi batzuekin batera. Testu horretan, arrantza-praktika jasangaitzen, kutsaduraren eta krisi klimatikoaren ondorioz baleek dituzten mehatxuak aitortzen dira.

«Gure arbasoen kantuak, ‘tohora’-renak, zeinak ur hauetan belaunaldiz belaunaldi nabigatu duen, ahultzen ari dira», ohartarazi du Tuheitiak hitzaldi batean, Te Ao komunikabide maoriarrak jasotzen duenez.

‘He Whakaputanga Moana’ (Ozeanorako Deklarazioa) izena duen manifestua tradizio maoriarretan oinarritzen da eta izaki bizidun guztien arteko lotura nabarmentzen du.

Hala, testuak ugaztun handi honen segurtasuna indartzeko plan bat aurkezten du, Ozeano Barea babesteko funts bat sortuz. Horrekin, baleentzako itsas eremu babestuak ezarri nahi dira, eta zeregin honetan eskualdeko komunitate indigenek duten paper erabakigarria nabarmentzen du idatziak.

Lider indigenek jakintza indigena zientziarekin uztartzearen aldeko apustua egiten dute, baleak kontserbatzeko «ikuspegi holistikoagoa» lortzeko.

«Etorkizuneko belaunaldientzako deklarazioa da. Gure ‘mokopunek’ (ondorengoek) bizitzaz betetako ozeano bat jarauntsi behar dute, baleen kantuek ozeano osoan irauten duten lekua, alegia», azpimarratu du Zeelanda Berriko errege maoriarrak.

Naturaren eskubideak

Balea-espezie asko arriskuan edo galzorian daude, zehazki, 12 espezie handietatik sei (balea urdina barne), Natura Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunaren zerrendaren arabera.

Zeelanda Berrian, non maoriek biztanleen %17 ordezkatzen duten, eskubideak eman zitzaizkien ibaiei eta mendiei —hala nola Taranaki mendiari eta Whanganui ibaiari—, eta horien bidez garapen-proiektuak atzeratzea edo indargabetzea lortu da, tokiko talde indigenei kontsulta egin ondoren.