BIDASOA IRUN 42 - HELVETIA ANAITASUNA 33
Emoziorik ez, baina ikuskizuna saltzeko izan du Asobal Ligako euskal derbiak. Azken hiru neurketetan garaipenik ezin pilatuta zebilen Bidasoa-Irun, baina Ostiral Santu honetan bihotz-berrituta atera de Artalekutik «Katedralekoen» bisita baliatuta. Arrapaladan jokaturiko derbian punteria zorrotzagoa erakutsi dute Jacobo Cuetararen gizonek eta Helvetia Anaitasunak markagailua itxuratu beste ezer ezin izan dute egin.
Garaipen honen ostean, irundarrek Asobal Liga sailkapeneko bigarren postua sendotu dute, datorren asteburuan bisitatu behar duten Granollersek baino bost puntu gehiagorekin eta, garrantzitsiago dena, sentsazio onak berreskuratuta.
Skrzyniarz atezain poloniarra azken orduko baja izan da, baina Harbouiren lana nahikoa eta gehiago izan da Bidasoa-Irunen partida gipuzkoarrek nahi izajn duten bidetik joateko. Ander Garcia atezain gaztea lagun, atezain frantsesak bere lana txukun bete du eta ez da Skrzyniarzen hutsunerik nabaritu.
Bai, ordea, Esteban Salinas pibote txiletarra martxan hartzen hasi dela. Bera izan da partidako golegilerik nabarmenena, zortzi gol sartu ostean. Nolanahi, Anaitasunak 6-0 defentsaren erdialdea oso biguna dela erakutsi du, bai behintzat etxetik kanpo jokatzen duenean. Erasoan ezin esan gaizki ibili direnik __quique Dominguezenak, baina minutuko aurreneko 15 minutuetan minutuko gol bat jasotzen duen taldeak erasoan saskibaloi partida batek adina sartu behar du defentsako zuloa estaliko badu. Esan gabe doa halakorik ez dela jazo, partidaren aurreneko laurdena pasatzerako 14-7 aurreratu baita Bidasoa-Irun.
Handik aurrera irundarren abantaila gizendu baino ez da egin, Dariel Garcia kantxara sartzeak edota Bidasoa-Irunen aurreneko lerroa aldatzeak defentsan sendotasun handiagoa ekarri dio Jacobo Cuetararen taldeari. Hala, kontraerasoan nahieran atera dira gipuzkoarrak eta Tao Gey-Emparan hegaleko jokalariak bere maila erakutsi ahal izan du berdin Juan Bar edo Iñaki Martinez atezainen aurrean.
Anaitasunak bere erasoaldietan erritmo bizia bilatu da eta jaurtiketa azkarrak, batez ere Ander Torriko erdiko jokalaria kantxaratu denez geroztik, baina Eduardo Fernandez izan ezik, gainerakoek Harbaouiren atean tantaka baino ez dute aurkitu. Bada, derbia erabakita geratu da atsedenaldirako: 23-12.
Sorpresarik ez
Akaso Quique Dominguez eta bere taldeak erreakzionatzeko aukeraren bat ikusiko zuten aldageletan egindako tartean, baina Bidasoa-Irunek ez die itxaropenik izateko tarterik ere utzi; ezta zirrikuturik ere. Gipuzkoarren abantaila 12 goletaraino iritsi da behin baino gehiagotan eta eskerrak, hala ere, Anaitasuna egurtzea ez den izan Bidasoa-Irunen xedea, tarte batean aldea nahi beste zabaldu zitekeenaren itxura hartu baitu derbiak.
Esan bezala, emozioaren faltan, partidak ikuskizunik ez du galdu ordea. pozgarria izan da, esaterako, Ander Torrikok erakutsi duen trebetasuna eta jokoa bigarren erdi honetan, berdin atea bilatzeko edo Antonio Bazan pibotea aurkitzeko. Hainbeste denbora lesio larriak bata bestearen atzetik kateatu ostean, gainera, erdiko jokalari zumaiarrak beldurrik gabe jokatu du, bere maisutasuna erakutsiz trantsizio jokoan batez ere.
Horri esker, eta Bidasoa-Irun erlaxatu ere egin delako azken aldera, markagailua pixka bat itxuratu du bederen Helvetia Anaitasunak. Saiatu da aurrez Quique Dominguez atezainik gabe, zazpi seiren kontra, eraso batzuek jokatzen, baina Harboui atezainak atetik atera bota eta gola sartu ostean, saiakera horiek beste baterako gorde ditu. Hala ere, duintasunez amaitu du partida talde nafarrak, antionio Bazan eta Fernandezn bidez golak pilatuz, eta baita Aitor Albizu lateral bizkaitarraren bitartez ere.
Azkenean, hala ere, Bidasoak eten du bere emaitza bolada txarra eta Anaitasunak, berriz, defentsa sendoagoa erakutsi beharko du etxetik kanpo punturik pilatzen joateko.
FITXA TEKNIKOA:
BIDASOA: Harbaoui (1), Tito Diaz (2), Pacheco (4), Esteban Salinas (8), Rodrigo Salinas (4), Zabala (4) eta Cavero (3, 2p) –hasierako zazpikoa–, Ander Garcia, Gey-Emparan (6), Asier Nieto (5), Dariel García (3), Gorka Nieto (2), Da Silva, Mujika, Jevtic eta Furundarena.
ANAITASUNA: Iñaki Martinez, Kisselev (1), Bazan (7), Fernandez (5), Ortiz (1), Redondo (2, 1p) eta Martinovic (1) –hasierako zazpikoa– Juan Bar, Itoiz (2), Elustondo (1), Aitor Garcia (3), Torriko (3), Albizu (4), Arzoz (1) eta Xavier Gonzalez (2, 1p).
Epaileak: Escudero Santiuste anaiak. Etxekoen artean Furundarena egotzi dute. Antonio Bazan, birritan, egotzi dute nafarrei dagokienez.
Partzialak: 5-2, 9-6, 14-7, 15-9, 18-11, 23-12 (atsedenaldia); 26-14, 29-18, 32-22, 35-24, 39-28, 42-33 (amaiera).
Gorabeherak: Partida hasieran erlojuarekin arazoak direla-eta eskuzko kronometroa erabili behar izan dute.1.700 lagun inguru bildu dira Artaleku kiroldegian.