Arnaitz Gorriti

Datorren urtean ACB Ligan jarraitzeko zigilua eskuratu du Bilbao Basketek Lugon (68-80)

Abenduaz geroztik etxetik kanpo lortu duen aurreneko garaipena izan da Lugokoa bilbotarrentzat. Killeya-Jonesek ez du jokatu orkatilako bihurritu bat dela-eta, baina defentsan lan aparta egin dute Ponsarnaurenek eta erasoan Hornsby nabarmendu da 22 punturekin.

Ez da jaurtitzaile estetikoena, baina Lugon oro eraginkor aritu da Keith Hornsby.
Ez da jaurtitzaile estetikoena, baina Lugon oro eraginkor aritu da Keith Hornsby. (C. CASTRO | ACB PHOTO)

RIO BREOGAN 68 - SURNE BILBAO BASKET 80

Abenduan Valentzian irabazi zuenetik hona Miribillatik kanpo ACB Ligako partidarik irabazteke zebilen Surne Bilbao Basket. Baina zapatu honetan Lugon merezita eten du etxetik kanpoko bolada txar hori eta denboraldiko hamabigarren garaipena erdietsi du. Ez da erabat matematikoa, baina esan genezake beltzezko gizonek datorren denboraldian ere ACB Ligan aritzeko zigilua eskuratu dutela eta, bide batez, Veljko Mrsicen taldea Fase Erregularreko amaiera gogorra bizitzera kondenatu dute, maila salbatu nahi badu oso fin aritu beharko baita hurrengo neurketetan.

Meritu itzela izan du bilbotarren garaipenak, bere azken asteetako izarrak, Sacha Killeya-Jonesek, ez baitu jokatu ezker oineko orkatilako kanpoko lotailuan bihurritua duelako. Alabaina, Bilbao Basketen defentsa azken orduko gabezia horri aurre egiteko gai izan da. Hlinason ez da Killeya-Jones bezain bizia bere mugimenduetan, baina aurkariei enbarazu dexente egiten die. Horrez gain, Hornsby eta Kullamae maila onean kantxaratu dira eta beren eskutik egin du aurrera talde bizkaitarrak, 7nako berdinketaren o¡stean 2-9ko partziala erdietsiz aurreneko laurdena 9-16 amaitu arte.

Horiek biak izan dira, hain zuzen, Bilbao Basketen saskiratzaile nagusienak: 22 puntu Hornsbyrentzat eta beste 13 Kullamaek. Estatubatuarra oso fin aritu da hirukoetan, 7tik 4; baina bai Hornsby zein Kullamae oro fin aritu dira jaurtiketa libreen marratik: 14tik 14 bien artean eta orotara, berriz, 25etik 23 sartu ditu Bilbao Basketek.

Asteazkeneko porrotaren «dolua» pasa eta gero, Jaume Ponsarnauk eskatutakoa ondo bete dute beltzezko gizonek. Ondorioz, entrenatzaileak aginduriko jokaldi eta sistemak konfiantzaz jokatu dituzte, sartu edo ez. Baina partidak luze joan ohi dira Breoganen aurka. Ez da ahaztu behar bilbotarrak 13 puntuz irabazten izan zirela Lugokoen aurka Miribillan eta azkenean galdu egin zutela. Porrot hartan Juan Fernández Breoganeko jokalari argentinarra ezinbestekoa izan zen eta larunbat honetan ere, bigarren laurdenean zazpi puntu erreskan sartu ditu Bilbao Basketen ihesaldia saihesteko, aurrez Alex Reyesek bi saskiratzeko kateatu ondoren. Fernandezen eraginkortasunak etxekoak piztu ditu eta Ponsarnauk hutsartea eskatu behar izan du galiziarren «beroaldia» epeldu eta bideari jarraitzeko. Lastima izan da, bigarren laurdeneko hasierako minutuetan 11-21 aurreratu baita talde bilbotarra.

Alabaina, Fernandezen beroaldi hori pasatzen joan da eta gauzak hobeto joan zaizkio Bilbao Basketi. Renfroe eta Hlinasonen artean markagailuan aurretik mantendu dira bizkaitarrak eta Horsnbyren bigarren hirukoaren ostean 22-31 aldendu dira gainera. Ondorioz, Veljko Mrsic etxekoen entrenatzaileak eskatu behar izan du hutsartea.

De Ridder hegal-pibot belgikarrak saskia birrinduz amaitu duen kontraeraso bati esker 22-33 urrundu dira bilbotarrak, baina Breogan beste behin gainera etorri zaio Bilbao Basketi. Juan Fernandez ez ezik, Momirov ere aurkitu dute etxekoek aldea murrizteko. Egia da Hornsby atsedenaldira 12 punturekin iritsi dela, beltzezko gizonak aldageketara markagailuan aurretik direla bermatuz, baina 32-37 alde laburregia geratu zaio, partida askoz bideratuago izateko merituak burutu baititu Jaume Ponsarnauren taldeak.

Partida gogortu arren, eutsi

Kullamaeren eta Hlinasonen hirugarren pertsonalarekin ekin dio Bilbao Basketek hirugarren laurdenari. Breoganek berak ere zenbait faltarekin ordaindu du defentsa gogortzeko ahalegina; asteazkeneko eskarmentua baliatzea egokitu zaio, beraz, talde bilbotarrari, Chemnitzek ere defentsa gogortuz atera baitzituen eltzetik babak.

Bilbotarren zorionerako, defentsako lanean mailari eustea lortu dute Hlinason aulkian eserita izan arren eta horrez gain, Hornsby eta Renfroeren hirukoak ere aurkitu dituzte. Are gehiago, Breogan pare bat bider berdinketa lortzear egon bada ere, 41-51 aldendu dira beltzezko gizonak Adam Smithek kontraerasoa amaitu ondoren, aurrez Keith Hornsby berak baloi bat ostu eta gero.

Lugoko taldeak zazpi garaipenekin ekin dio partida honi; hau da, ez dago barkatzeko. Markagailua 41-51 dela hutsartea eskatu du Veljko Mrsicek eta handik buelta bi hiruko kateatu ditu talde galiziarrak, bere zaleak sutuz. Nolanahi, Bilbao Basketek ez du bururik galdu defentsan, errebotea nahiko ondo lotu du eta erasoan Pantzar zein Rabasedaren puntuak aurkitu ditu. Partida erabakitzeko oraindik lan handia zegoen egiteko, baian azken laurdenaren hasierara ere aurretik iristea lortu dute Jaume Ponsarnaurenek: 48-56.

Egia da Breoganek ere laguntza eskaini diola talde bilbotarrari hainbat jaurtiketa libre kale eginez, baina Bilbao Basketek etxetik kanpo garaipena lortzea ez da egunero ikusten den zeozer. Dena den, ACB Ligako etxetik kanpoko hirugarren garaipena erdiesteko izerdi franko geratzen zen oraindik botatzeko. Are gehiago Hlinasonen laugarren pertsonala eta gero.

Izerdia ez ezik, puntuak ere behar ziren, eta inork gutxi espero zezakeen aldetik azaldu dira: Denzel Anderssonen birrintzea, Rabasedaren bigarren hirukoa eta Pantzarren «bi gehi bateko» jokaldia. Modu horretan 53-64 aurreratu da Bilbao Basket, neurketa azken sei minutuetara iritsi delarik. Ezin izan du urrunagi ihes egin talde bilbotarrak, baina behintzat hiruzpalau saskiratzeren aldea egonkortu du; bere baldarrean, jaurtiketa libreetan askoz finago aritu dira Ponsarnaurenak tarte honetan, eta defentsan lehengo maila berari eutsi diote, tartean Pantzarrek jarri duen txapel ikusgarri batekin.

Zortzi eta hamar puntu bitarteko aldea egonkortuta, Breogan desesperatu egin da eta Pantzar eta Kullamaeren azken jaurtiketa libreek zigilua jarri diote bilbotarren garaipenari eta, matematikek oraindik berresten ez badute ere, datorren urtean Bilbao basket beste behin ACB Ligan izango dela ere bermatu du garaipen honek.

FITXA TEKNIKOA

RIO BREOGAN: McLemore (8), Sergi Garcia (10), Momirov (12), Sakho (6) eta Nakic (3) –hasierako bostekoa–, Polite (4), Robinson (3), Fernandez (12), Sergi Quintela (6), Sajus (2) eta Jogela (2).

SURNE BILBAO BASKET: Alex Renfroe (7), Keith Hornsby (22), Kristian Kullamae (13), Denzel Andersson (2) eta Tryggvi Hlinason (5) –hasierako bostekoa–, Melwin Pantzar (9), Alex Reyes (5), Adam Smith (6), Xavi Rabaseda (6), Thijs De Ridder (2) eta Georgios Tsalmpouris (3).

Epaileak: Jimenez, Torres eta Fernandez. Etxekoen Sajus jokalaria egotzi dute bost faltarekin.

Partzialak: 9-16, 23-21, 16-19, 20-24.

Gorabeherak: Sacha Killeya-Jonesek ezin izan du jokatu min hartuta dagoelako, Hain justu, ezker oineko orkatilako kanpo lotailuan bihurritua dauka.