Jon Ormazabal

Joanes Bakaikoak osatuko du Buruz Buruko partaidetza Urrutikoetxeari irabazita

Zaratamokoa hobeto hasi den arren, etxarriarrak gehiago asmatu du erabakietan unerik beroenetan eta asteazkeneko zozketan izango da.

Joanes Bakaikoak Urrutikoetxeak baino osoago amaitu du kanporaketa.
Joanes Bakaikoak Urrutikoetxeak baino osoago amaitu du kanporaketa. (Monika del VALLE/FOKU)

Jon Mariezkurrenaren eskuin eskuak bestelakorik ez dioen bitartean, Joanes Bakaikoak osatuko du ostiralean Donostiako Atano III.ean hasiko den aurtengo Buruz Buruko txapelketako parte-hartzea, gaur Lekeition Mikel Urrutikoetxeari 22-17 irabazita. 2015eko txapelduna eta iazko Promozio mailako garailea parez-pare jarri ditu gaur Baikok bere seikotea osatzeko eta azkenerako gaztea nagusitu da partida gogor eta ondo jokatutakoan. Zaratamokoa, oldarkor eta eraginkor hasi bada ere, azkenerako nafarrak berari komeni zitzaion partida errimoa jarri ahal izan du eta garaipen garrantzitsua eskuratu du, asteazkenean Busturiako zozketan egotea ahalbidetuko diona.

Arazo fisikoak medio, Bakaikoaren sasoiaren erreferentzi handirik ez dugu izan aspaldion, baina etxarriarrak bere ohiko dohainei eusten diela berretsi du eta partida gogortuz eta luzatuz, Mikel Urrutikoetxea ausart bati garaitzea lortu du. Hori bai, azken markagailuak erakutsitako bost tantotako aldea partida osoko handiena izan da, denborarik gehienean oso lehia estua izan baita.

Urrrutikoetxea, oldarkor

Are gehiago, hasierkao txanpan Mikel Urrutikoetxea izan da bost tantotako alde hori eskuratu duena. Oldarkor, sake-errematean zehatz eta tantoa azkar amaitzeko erabakitasunarekin, bizkaitarrak estu hartu du Bakaikoa eta 5-0 aurreratu da.

Etxarriarrak, ordea, hortzak estutu eta partidari eusteko gaitasuna erakutsi du unerik zailenean, jokoa eten pixkanaka partida bere aldera ekarriz. Saketik mina egin dio sakandarrak –zabalera ateratako tanto bat ere egin du– eta lehen pilotakadarekin asmatu ez duenean, tantoa gogortu du, arerioaren kalderako.

Bakoitza bere estiloarekin, partida oso berdindua joan da hamaseinako berdinketara arte, baina unerik beroenetan Bakaikoa egokiago aritu da –Urrutikoetxeak nahastu egin ditu azkar eta presaka jokatzea– eta gazteenak eraman du azken txartela.

FITXA TEKNIKOA

Urrutikoetxea: 17

Bakaikoa: 22

Pilotakadak: 233. Iraupena: 51,26 minutu. Markagailua: 5-0, 5-5, 6-5, 6-7, 7-7, 7-11, 8-11, 8-12, 10-12, 10-13, 15-13, 15-15, 16-15, 16-20, 17-20, 17-22. Sakeak: 2 Urrutikoetxeak eta 6 Bakaikoak. Egindakoak: 15 Urrutikoetxeak eta 10 Bakaikoak. Galdutakoak: 6 Urrutikoetxeak eta 1 Bakaikoak. Gorabeherak: Sarrera hiru laurden Lekeitioko Santi Brouard pilotalekuan. Aitor Aranguren eta Iosu Igoa aritu dira botillero lanetan.