Arnaitz Gorriti

Gironak eta Avenidak turboa sartu dutenean, airean eraman dituzte Lointek Gernika eta Araski

Aurreneko erdian 30-22 aurreratu dira bizkaitarrak, baina atsedenalditik bueltan katalanek buelta eman diote partidari 10-20ko partzial bati esker eta 64-74 nagusitu dira. Kutxabank Araskik ere duin jokatu du, baina Sika Kone ezin izan izan dute geratu eta 61-74 galdu dute Salamancakoen kontra.

Gironako barruko jokalariak geraezinak izan dira Gernikarentzat.
Gironako barruko jokalariak geraezinak izan dira Gernikarentzat. (@LOINTEK GERNIKA)

LOINTEK GERNIKA BIZKAIA 64 - SPAR GIRONA 74

Aspaldiko Gironarik eskasena ere errespetua sartzen duen taldea da, are gehiago Europako entrenatzaile onenen artean dagoen Roberto Iñiguez buru duela. Hargatik, aurreneko 20 minutuetan Lointek Gernika Bizkaiak talde katalanaren gabeziak ederki baliatu baditu ere, atsedenalditik aurrera kontua arras ezberdina izan da. Lehenengo erdian bezala, errebotea kontrolpean izan du Gironak, baina hasieran ez bezala, saskirako bidea aurkitu dute eta horren aurrean bizkaitarren defentsa ezinean aritu da.

Espero bezala, Roso Buch bikain aritu da bere talde ohiaren aurka, 19 puntu sartu baititu eta Itziar Ariztimuñoren 10 puntuek ere hauspoa eman diote Lucas Fernandezen taldeari, baina barruko jokoa erabat kamustu da aldageletatik bueltan, Gironako jokalari garaiek hala behartuta –eta hori, giharretako arazoek jota, Irati Etxarri nafarra lesionatuta dagoela–.

Bigarren erdian 46 puntu sartu dituzte Roberto Iñiguezenek, turboa sartu izan balute bezala. Eta behin turboa sartuta, airean eraman du talde katalanak Lointek Gernika Bizkaia, batez ere hirugarren laurdeneko 10-20ko partzialaren ondotik.

Hirukoei esker, aurretik

Alabaina, konplexurik eta beldurrik gabe ekin dio talde bizkaitarrak aurreneko erasotik. Markagailuan ez ezik, jokoan ere ekimena eraman du Lucas Fernandezen taldeak eta katalanak, berriz, beti atzetik ibili dira, gernikarren ihesaldi ahaleginak eragotzi nahian.

Eskusoinua balitz bezala, Gernikak alde apur bat atera duen bakoitzeko, gainera etorri zaio Girona, baina beti atzetik dela, markagailua ezin berdinduta. Talde katalanak errebotea kontrolatzeko lan eskerga egin du, baina garbi geratu da uztaitik barrena pasatzen diren baloiek ez dutela errebote beharrik. Portzentaia askoz hobeekin jaurti dute saskira etxekoek eta beste askotan ez bezala, kide bat baino gehiago izan dira saskia asmatu dutenak; dela Roso Buch, dela Watts, dela Milapie. Nolanahi, aurreneko laurdena gernikarren alde irauli dutenak Itziar Ariztumuño eta Sara Madera izan dira, hiruko banarekin.

Esan bezala, Girona ere ez da Maloste kiroldegira arratsalde pasa etorri. Aurreneko laurdenean Lauren Nicholson aurkitu badute Roberto Iñiguezenek, bigarrenean Bertsch izan da puntuak sartzeko ardura hartu duena. Beharko hartu, Lointek Gernika Bizkaiak tarteka zortzi puntuko aldea ere ireki baitu; 30-22 azkena, Laia Flores Gironako jokalari ohiaren hiruko bati esker.

Katalanek jokoa geratu dute eta hutsartearen ostean 1-6ko partziala lortu dute. Merezi bainio emaitza estuagoaz atsedenaldira iristeko arriskua, hala ere, Milapiek konpondu du. Hegal-pibot frantsesak urrutiko beste jaurtiketa bat asmatu du eta, hala, Lucas Fernandezenak 34-28 iritsi dira aldageletara.

Beste aurpegi bat

Maya Dodson gernikarren pibotak sartu du hirugarren laurdeneko aurreneko saskiratzea. Hain justu, huraxe izan da etxeko barruko jokalariek bigarren erdian sartu duten saskiratze bakarra eta, era berean, katalanen erreakzioaren hasiera. Gernikarrek ia zortzi minutu behar izan dituzte beste saskiratze bat lortzeko eta bitartean 0-16ko partziala sartu du Gironak, neurketari goitik behera buelta emanez.

Esan gabe doa katalanen defentsak erabat ito duela talde bizkaitarra eta Tolo eta Magarityren puntuak iristen hasi dira gainera. Hala ere, kostata izan bada ere, Lointek Gernika Bizkaiak ez du etsi eta azken laurdenera irabazteko aukerekin iristea lortu du: 44-48.

Roso Buchen momentua azken laurdenean iritsi da. Mataroko eskoltak bere 19 puntuetatik 10 azken hamar minutuetan sartu ditu eta modu horretan 52na mantendu du markagailua, amaitzeko zazpi minuturen faltan.

Nolanahi, Gironaren erasoko errekurtsoak askoz gehiago izan dira. Bertsch, Tolo eta Magarityk ez dute geldituko dituenik aurkitu eta 3-9ko partzial bati esker, 55-61 aurreratu dira Roberto Iñiguezenak.

Handik aurrera nahi eta ezin aritu da Gernika, eta 60-74 ere atzetik geratu da, azken emaitza 64-74 izan bada ere. Emakumeen Endesa Ligako zortzi onenen artean sartzeko lehian jarraitzen du Lucas Fernandezen taldeak, baina ez dauka lan erraza; are gutxiago Girona bezalako taldeek turboa sartzen dutenean. Gasca derbian saiatuko dira hamalaugarren garaipena erdiesten.

FITXA TEKNIKOA

GERNIKA: Itziar Ariztimuño (10), Roso Buch (19), Stephanie Watts (8), Marie Milapie (9) eta Sofia Da Silva (2) –hasierako bostekoa–, Laia Flores (7), Maya Dodson (2), Sara Madera (5), Marta Alberdi (2) eta Zoe Hernandez.

GIRONA: Sandra Ygueravide (1), Magarity (16), Mendy (8), Bertsch (15) eta Nicholson (10) –hasierako bostekoa–, Peña (5), Tolo (19), Canella eta Lopez.

Epaileak: Lezcano, Munar eta Arresa. Egotzitakorik gabe.

Partzialak: 16-12, 18-16, 10-20, 20-26.

KUTXABANK ARASKI 61 - PERFUMERIAS AVENIDA 74

Nahi baino gehiagotan, Kutxabank Araskik sekulako belarrondokoak jaso ditu Perfumerias Avenidaren aurka. Igande honetan ere ezin izan dute irabazi Salamancakoen kontra Made Urietarenek, baina duintasun osoz jokatu dute, azken emaitzak erakusten duen bezala.

Alderik inon nabermendu bada, hori barruko jokoan izan da. Sika Kone iaz Emakumeen Endesa Ligako saskiratzaile onena izan zen Kanaria Handia taldearekin eta aurten ikusteko zegoen Euroligako mailako talde baten zer-nola erantzungo zuen. Bada, hegal-pibot gaztea bikain ari da Perfumerias Avenida taldean ere eta Mendizorrotzan aldea inork ezarri badu, hori berak egin du. Orotara 24 puntu pilatu ditu, horietatik 11 aurreneko laurdenean. Laura Gil ere, 15 puntu eta 6 erreboterekin, bikain aritu da. Bien artean sekulako bulkada eman diote Avenidari eta aurreneko laurdenean partida bideratuta laga dute: 13-22.

Hala ere, Kutxabank Araskik ez du etsi eta Sammy Hillen puntuak aurkitu ditu erantzuteko. Ez da nahikoa izan, ezta inondik ere, azken emaitza ezbaian jartzeko, baina behintzat beste urte batzuetako jipoirik ez da izan Mendizorrotzan eta hori ere ez da gutxi.

Salamancakoen barruko jokoaren indarra handiegia izan da gasteiztarrentzat eta ahal izan duten moduan erantzun dute. Zentzu horretan, Agostina Burani edo Txell Alarconen lana aipagarria izan da, nahiz eta Sammy Hill izan den saskiratzaile nagusiena etxekoen artean, 19 punturekin. Azken emaitzan alde nabarmena bistan geratzen bada ere, gutxienez Kutxabank Araskik lan duina eginda galdu duela esan dezake, eta hori ez dago edonoren esku. Maila mantentzea oraindik bermatu ez badu ere, bere eskuan dauka talde arabarrak.

FITXA TEKNIKOA

ARASKI: Melisa Gretter (5), Sammy Hill (19), Laura Aliaga (6), Agostina Burani (7) eta Tamara Seda (6) –hasierako bostekoa–, Marta Hermida (2), Txell Alarcon (11) eta Brittany Brewer (5).

AVENIDA: Carter (3), Prince (6), Delaere (5), Kone (24) eta Laura Gil (15) –hasierako bostekoa–, Çakir (4), Leo Rodriguez (5), Vilaro (6), Hatar (6) eta Lucia Rodriguez.

Epaileak: Morales, Palanca eta Martinez. Egotzitakorik gabe.

Partzialak: 13-22, 19-16, 7-17, 22-19.