NAIZ

Pradales «ez da fio» PSErekin, baina EH Bilduren aldean «ondo funtzionatu» dutela iritzi du

EAJko lehendakarigai Imanol Pradales astelehen honetan Santurtzin izan da, eta apirilaren 21eko hauteskundeetan jarri du begirada. PSErekin zalantzak dituela azaldu du, Sanchez «iritziz aldatzekoa» baita, baina EH Bilduren aldean, Gobernuak «ondo funtzionatu» duela esan du.

Pradalesen iritziz, Gasteizko Legebiltzarrak funtzionamendu ona izan du EAJ eta PSErekin.
Pradalesen iritziz, Gasteizko Legebiltzarrak funtzionamendu ona izan du EAJ eta PSErekin. (Monika del Valle | FOKU)

Aberri Egunaren biharamunean Santurtzin ospatzen den Kornisteseko erromerian izan da Imanol Pradales, EAJko lehendakarigaia. Bertan egindako adierazpenetan esan du «pozik» dagoela bere alderdiak PSErekin duen koalizioarekin, baina bera EAJrekin bakarrik «fio» dela gaineratu du, «Pedro Sanchez iritziz aldatzen duen gizona da». Eta beraz,  apirilaren 21eko hauteskundeetan jeltzaleek «emaitza bikaina» lortu behar dutela ohartarazi du, «beste batzuen partetik beste tentaziorik egon ez dadin».

Apirilaren 21ean euskal gizarteak bi ereduren artean hautatu behar duela azaldu du, «EAJrena, esperientzia duena kudeaketan eta erronka berriak aurrera ateratzeko gaitasuna», edota «ziurgabetasun eredu bat, zein agenda duen ere ez dakiguna», esan du, EH Bilduri erreferentzia eginez eta igandean Ortuzarrek markatutako ildoari segida emanez. Aurreratu du datorren asteazkenean emango duela EAJk bere hauteskunde programaren berri: «neurri zehtz guztiekin, ongizatean hazteko eta etorkizun hobe batera joateko agenda hirukoitz horren helburu zehatz guztiekin».

Orain arteko Gobernuaren funtzionamenduarekin «pozik» dagoela errepikatu du, baina lehen urratsa apirilaren 21ean emaitza onak lortzea dela, «eta gobernagarritasunaz hilaren 22an hitz egingo dugu» adierazi du. «Badakigu PSOE eta Sanchez jauna iritziz aldatzen duen gizona dela, eta hau San Tomas bezala da ‘ikusi sinesteko’». 

Hala ere, orain artean PSErekin «herrialde mailako helburuak adosteko gaitasuna» izan dutela azpimarrratu du, eta hori ontzat eman du. Gaineratu du gobernagarritasuna «zertarako» hitzartzen den garrantzitsua dela, eta hauteskundeak amaitzean jarriko direla horrera begira.

Agenda hirukoitza

Pradalesek «agenda hirukoitza» dutela mahaigaineratu du. Batetik, ongizatearen agenda deitutakoa, «euskal gizarteak gaur egun dituen gizarte-eskaerekin, ekonomiaren hobekuntzarekin eta eguneratzearekin, kalitatezko enpleguarekin, osasunarekin, hezkuntzarekin eta zaintzarekin lotuta». Agenda hori EAJren lehentasunetako bat dela ohartarazi du datozen urteetan «euskal herritarren bizi kalitatea hobetzen jarraitzeko».

Bigarrenik, agenda globala aldarrikatu du, «Euskadi Europan eta munduan ahots propioarekin kokatuko duena». Eta hirugarrenik, «agenda humanista eta justizia sozialaren aldekoa». «Enplegu on eta txarren artean, digitalki konektatutako pertsonen eta deskonektatutakoen artean, gizonen eta emakumeen artean, eremu publikoaren eta pribatuaren artean» dauden arrakakalak deuseztatzeko, baita trantsizio ekologikoaren terminoetan ere.