2021eko apirilean segidan galdutako bi Kopako finalek min handia eragin zuten Athleticen. Yuri Berchichek azaldu zuenez, Realaren aurkako porrota oso kolpe latza izan zen aldagelarentzat, eta ez zuen inolako irakaspenik ekarri. Horrela, Bartzelonaren kontrako norgehiagokara burumakur iritsi ziren, eta lehen zatian bakarrik iraun zuen zuri-gorrien itxaropenak.
Denboraldi latza izan zen hura Yurirentzat. Koronabirusarekin kutsatu ostean, arazo fisikoak izan zituen zelaian eta lesioek ere ez zioten batere lagundu. Zarauztarrak aitortu izan du garai ilunak izan zirela, eta futbola uztekotan egon zela.
Egia esanda, azken sasoiak ez dira batere errazak izan ezker hegaleko jokalariarentzat. Izan ere, lesio ezberdinak gainditu behar izan ditu. Horren adibide, Carvajalek emandako ostikada baten ondorioz hanka apurtu izana joan den denboraldiko azken partidan, orain dela pare bat urte pubiseko minak kentzeko egin behar izan zioten ebakuntza, eta giharretako lesioengatik jokatu gabe egon den partidak.
Hala ere, Yuri lehen aukera izan da beti defentsaren ezker hegalean jokatzeko. Athleticetik igaro diren entrenatzaile guztiek bere aldeko apustua egin dute, eta aurten ere berdina gertatu da Ernesto Valverderekin. Horrela, 27 norgehiagokatan parte hartu du, eta 2.000 minutu inguru jokatu ditu.
34 urterekin berriro ari da une goxoak bizitzen Athleticekin, eta kontratua berritu du 2025era arte. Klubak azaldu zuenez, baldintza batzuk betez gero beste denboraldi baterako luzatzeko aukera dauka. 2018ko udan heldu zen Bilbora, eta eskerturik agertu izan da zaleen partetik jasotako babesarekin. Zoriontsua dela aitortu izan du, eta familia ere sortu duela.
Talde zuri-gorriak 20 miloitik gora ordaindu zituen PSGtik ekartzeko. Denboraldi bakar bat egin zuen Parisen, eta lau titulu irabazi zituen: Liga, Kopa, Superkopa eta Ligaren Kopa moduan ezagutzen zen beste txapelketa bat. Athleticekin, berriz, Superkopa bat irabazi zuen 2021ean, nahiz eta arazo fisikoengatik ezin izan zuen jokatu.
Yurik gora behera handiko kirol ibilbidea izan du. Kosta egin zitzaion egonkortasuna eskuratzea Garitanok zuzentzen duen Eibarrekin Lehen Mailara igotzea lortu arte. Gero, Realean ere egon zen, eta Athleticen erretiroa hartu nahiko lukeela adierazi izan du. Horren aurretik talde zuri-gorriarekin Kopa bat altxatzearekin amets egiten du. Hala, Lezaman prentsarekin egindako solasaldian lerroburu esanguratsuena utzi zuen zarauztarrak. Zin egin zuen bere ibilbidean lortutako titulu guztiak Athleticekin Kopa bat irabazteagatik aldatuko lituzkeela.
Era berean, De Marcos eta Muniain moduko jokalariek horrelako titulu bat altxatzea merezi dutela aldarrikatu zuen. Talde zuri-gorriko kapitainek 2009ko udan egin zuten debuta lehen taldearekin, Mestallako Kopako finala jokatu eta hilabete batzuk geroago. Bi Superkopa poltsikoratu dituzten arren, Kopako lau final galdu dituzte eta ikusteke dago bosgarrenean zer gertatuko den.
Mallorcaren kontrako golak
Bestalde, Yurik hiru gol egin ditu aurtengo Ligan. Horietako bi Mallorcari egin zizkion geldikako jokaldietan San Mamesen jokatutako azken partidan. Athleticek 4 eta 0 irabazi zuen, eta zarauztarrak lehen ordu laurdenean egindako golak erabakigarriak izan ziren.
Erraz gailendu zen Athletic, baina Kopako finala guztiz ezberdina izango dela sinetsita dago Yuri. Mallorca aurkari gogorra dela eta lehiakorra dela errepikatu zuen, eta ez dagoela faboritorik.