ELA sindikatuak astearte honetan nabarmendu duenez, Bizkaiko Uber enpresako langileen grebak eragin handia izan du jardueran. Asteartean, asteazkenean eta ostegunean egingo dute greba hitzarmena berritzeko enpresaren «borondate falta» salatzeko.
Sindikatuak ohar batean azaldu duenez, langileek hainbat bilera egin dituzte enpresarekin nominekin, lanorduekin eta oporrekin suertatutako arazoei konponbidea aurkitzeko, «baina enpresaren ezezkoarekin egin dute topo».
Aldarrikapenak, zehazki, honako hauek dira: soldata hobetzea (lanbide arteko gutxieneko soldata), lanaldia benetako lanorduetan zenbatzea, oporrak behar dutenaren arabera eskatu ahal izatea, uler ditzaketen nominak izatea, ibilgailuetan segurtasun handiagoa langileentzat zein erabiltzaileentzat, autoak enpresaren instalazioetan aparkatu ahal izatea eta gaueko eta jaiegunetako plusak jasotzea.
Bestalde, Euskal Herriko egoera ekonomiko soziala kontuan hartu gabe baldintzak Madriletik negoziatzen ari direla salatzen dute. Horregatik guztiagatik, hiru greba egunekin batera, astearte honetan Bilboko Lakuako Gobernuaren egoitzaren aurrean elkarretaratzea egin dute eta asteazkenean Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean izango dira 11.00etan eta 17.00etan enpresaren atarian Getxon.