NAIZ

Lakuak etxebizitzak alokatzeko laguntzen baldintzak gogortu dituela salatu du Berri-Otxoak-ek

Berri-Otxoak Gizarte Bazterkeriaren Aurkako eta Gizarte Eskubideen Aldeko Plataformak Lakuako Gobernuak etxebizitzak edo logelak alokatzeko laguntzak eskuratzeko baldintzak gogortu dituela salatu du.

Astearte honetan Berri-Otxoak plataformak Bilbon egindako mobilizazioa.
Astearte honetan Berri-Otxoak plataformak Bilbon egindako mobilizazioa. (Berri-Otxoak)

Berri-Otxoak bazterkeria sozialaren aurkako plataformak Etxebidek etxebizitzak edo logelak alokatzeko gastuak ordaintzeko laguntzak eskuratzea zailtzeko eta gogortzeko erabakia hartu duela salatu du Lakuako Gobernuak Bilbon duen ordezkaritzan.

Ohar batean azaldu duenez, egungo Etxebizitza Legea garatuko duen dekretuak Lanbideren Gastuetarako Prestazio Osagarria eta gizarte-zerbitzuen Larrialdietarako Laguntzak desagertzea aurreikusten du, alokairurako laguntza bakarra ezartzeko: Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikoa.

Gainera, Etxebiden hiru urtez izena emanda egotea eskatuko dutela salatzen dute, «ondorio larriak» dituelakoan. Diotenez, horren ondorioz Lanbideren Etxebizitzarako Prestazio Osagrria edo Larrialdietarako Laguntzak jasotzen dituzten ehunka familiak ezin izango dituztela laguntza horiek jaso.

«Eusko Jaurlaritzak laguntza hutsalak murriztu ditu, 300 euro baino gutxiagokoak, gehiegizko alokairuei eta galgarik gabeko igoerei aurre egiteko». Plataformak adierazi duenez, «gutxienez 35.000 familiari eragingo die Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikoa eskuratzeko murrizketak babesten dituen Dekretua apirilaren 2an aplikatzeak».

«EAJk eta PSEk are gehiago pobretu nahi dituzte gutxien duten herritarrak astintzen dituzten eskasia egoerak familien gainean jartzen; etxebizitzen parke publikoa ez da nahikoa, ez dago borondate politikorik alokairu pribatuak arautzeko, eta alokairurako prestazioak lehentasuna izan beharko luketen eskatzaile asko baztertzen ditu. Zer aukera dituzte pisu edo gela baten hartzaile diren pertsona eta familiek modu independentean bizitzeko? Erantzuna da, bat ere ez», adierazi du Berri-Otxoak-ek.