NAIZ

Etxeberri eta Molle-Haranen absoluzioa eskatu dute: «Gobernuen ekimen eza konpentsatu zuten»

Txetx Etxeberri eta Beatrice Molle-Haranek, beste bake artisau batzuekin batera, egindako ekimenak frantziar eta espainiar estatuen «immobilismoari amaiera» jarri ziola defendatu dute euskal hiriburuetan, bi ekintzaileen absoluzioa eskatuz.

Etxeberri eta Molle-Haran babesteko Iruñean egindako elkarretaratzea.
Etxeberri eta Molle-Haran babesteko Iruñean egindako elkarretaratzea. (Iñigo URIZ | FOKU)

‘Bake artisauak aske. Konponbide osoa orain!’ lemapean, elkarretaratzeak egin dira gaur eguerdian Euskal Herriko hiriburuetan. Bertan, Parisen epaituak izaten ari diren Txetx Etxeberri eta Beatrice Molle-Harani elkartasuna adierazi diete zenbait sindikatu eta eragilek.

«Pertsona horiek, indarkeriarik gabeko konpromisoagatik aintzatetsitako aktibistak, hildako beste batzuekin batera, ETAren armagabetze seguru eta ordenatua ahalbidetzeko Paris eta Madrilen ekimenik eza konpentsatzera etorri ziren», adierazi dute ohar bateratu batean.

Gogora ekarri dute «ETAren armategitik zetozen armak eta lehergailuak neutralizatzen» saiatzeagatik atxilotu zituztela 2016ko abenduan eta azpimarratu dute ekintza hori «euskal gizartearen gehiengoak eta joera politiko ia guztien ordezkariek babestu eta txalotu» zutela.

Ekimen hori ETAk ekintza armatua utzi eta bost urtera izan zen. «Bi estatuek, aldiz, errepresioarekin, presoen sakabanaketarekin eta salbuespen politikekin jarraitu zuten», ekarri dute gogora. Horregatik «immobilismo arriskutsu» hori geratzeko xedea zutela berretsi dute gaurko elkarretaratzeetan.

2017ko apirilaren 8ko armagabetze egunaren ostean, azpimarratu dute, «frantziar Gobernuaren eta bakearen artisauen artean euskal presoen gaiari buruzko lan gune ofizial bat sortu zen lehen aldiz», eta «horrek espetxeratze baldintzetan aurrerapausoak ematea ahalbidetu zuen». 2018ko maiatzaren 3an, ETAk bere disoluzioa iragarri zuen ofizialki.

«Oraindik lan handia dago egiteko bake osoa eta iraunkorra lortzeko, mendeku gogorik gabekoa alegia. Horrek ekarriko du biktimak behar bezala aitortzea, memoria eta egia betebeharra betetzea eta oraindik kartzelan edo erbestean dauden pertsonen egoerari heltzea. Azken gai horri dagokionez, euskal presoei oraindik ere aplikatzen zaien salbuespenezko espetxe politika gainditu behar dela aldarrikatzen dugu eta eskubideen errespetuaren baitan kokaturiko etxeratze prozesu bat eraiki behar dela diogu», gehitu dute.

Hala ere, bake artisauen ekimenak «bost urteko immobilismoaren amaiera markatu zuen», insistitu dute, Euskal Herrian «aukera berriak» zabalduz. «Horregatik, Beatrice Molle-Haran eta Txetx Etxeberri absolbitzea eskatzen dugu. Absoluzio hori Euskal Herriko gatazka armatuaren ondorioei heltzeko determinazioa eta gure historian kapitulu berri bat irekitzeko borondatearen zantzu argia izango litzateke».