Maite Ubiria

Bi bakegileen errugabetzea galdetuko du defentsak Luhusoko auziaren bigarren egunean

Luhuson antolaturiko armagabetze ekintzari buruzko auziak segida du, asteazken honetan, Parisen. Fiskaltzak bere auzi eskaerak jakinaraziko ditu. Bestalde, ‘Txetx’ Etxeberri eta Beatrice Molle-Haranen abokatuek haien ondorioak aurkeztuko dituzte. Bi bakegileen errugabetzea galdetuko dute.

Morvan eta Fekl, hurrenez hurren prefet ohi eta Barne ministro ohia, Frederique Espagnac eta Iñaki Echaniz diputatu sozialistak ondoan dituztela, atzo, auzitegian.
Morvan eta Fekl, hurrenez hurren prefet ohi eta Barne ministro ohia, Frederique Espagnac eta Iñaki Echaniz diputatu sozialistak ondoan dituztela, atzo, auzitegian. (@Maite_Ubiria)

2016ko abenduaren 16an Luhuson antolaturiko ekintzak ahalbideratu zuela ETAren armagabetzea osatzea aldarrikatu zuten, atzo hasi zen auzian, berdin auzipetuek zein haien defentsak hala eskatuta hitza hartu zuten sei lekukok.

Gaur 13.30ean abiatuko da berriro ere auzia. Bigarren eta azken audientzia horretan Fiskaltzak bere auzi eskaerak jakinaraziko ditu.

Bestalde, Jean-Noel Etxeberri ‘Txetx’ eta Beatrice Molle-Haran bakegileen defentsa abokatuek beren ondorioak aurkeztuko dituzte. Bi bakegileen errugabetzea galdetuko dute Luhusoko ekintza gertatu eta zazpi urte pasatxora iragan den auziaren amaieraldean.

Handik aurrera hiru epaileek osatzen duten epaimahaiaren esku geldituko da noiz jakinarazi «terrorismoarekin» lotura duten delituak egin zituztelakoan auzipetuak izan diren Molle-Haran eta ‘Txetx’ Etxeberri buruzko erabakia.

Biek ala biek zehaztasun handiz azaldu zuten atzoko saioan zerk bultzatuta eta zertarako engaiatu ziren bi estatuek ezarritako blokeoa gaindituz ETAren armagabetzeari bide emateko.

Kazetari hendaiarrak, bere abokatuari erantzunez, adierazpen esanguratsu batekin borobildu zuen bere hitzartzea.

2016an, atxilotu zutenean, hala ez bazuen aitortu ere, atzo bere Luhusoko etxera armak eramango zituztela haien indargabetzeari begira eginiko ekimenaren baitan onartu zuen.

Molle-Haranek behin baino gehiagotan azaldu zuen «eredugarriak ziren militanteekiko» sentitzen zuen konfiantzak bultzatu zuela «urrats emateko».

Luhusoko ekimena eta 2017ko apirilaren 8ko Armagabetze Egunarekin lotura eginez, «Berhokoirigoinek eta Etxeberrik bietan parte hartu zutela» oroitarazi zuen.

Batere damurik gabe, «familian jasotako baloreetan» oinarriturik jardun zuela «80 urtez gerra eta gatazka gehiegi ezagutu duen herrian bakea sustatzeko esperantzaz» mahaigaineratu zuen.

Ildo beretik, bere ondoan hitza hartu zuen ‘Txetx’ Etxeberrik berriro egin behar balu Luhuson egin zuena berriz egingo lukeela aldarrikatu zuen.

Handik aurrera, Luhusoko operazioari buruz baita horren ostean heldu ziren armagabetze saioak posible izan zirela konfiantza harremanak sustatu zituztelako, euskal gizartearen baitan, baina baita ere frantses Estatuaren aldetik kolaborazio esparruak garatu zituztelako berretsi zuen bakegileak.

Bi estatu ordezkari ohi

Bi auzipetuen ondoren kalitate bereziko lekukoen eskutik azalpenak jasotzeko aukera izan zuten Auzitegi Korrekzionaleko 16. Ganberako magistratuek.

Armagabetze garaian Pirinio Atlantikoen prefeta zen Eric Morvan, alde batetik, eta bere kargua hartu berria bazuen ere «ekimen garrantzitsu hori» kudeatzea egokitu zitzaion Mathias Fekl Barne ministro ohiak argiki azaldu zuten bakegileekin harremanak sustatu zituztela armagabetzea «justiziaren irizpideen arabera eta segurtasun neurriak bermatuz» bururatu zezan.

Atzera begiratuta, «konbikzio osoa zuela» Luhusoko ekimenak ahalbidetu zuela ETAren erabateko armagabetzea adierazi zuen prefet izan ondoren frantziar Polizia Nazionaleko burua izan zen Morvanek.

Bera bezala, Mathias Feklek 2016-2017an ETA dagoeneko ez zela lehen mailako segurtasun arazoa frantziar Estatuarentzat azaldu zuen, segurtasun indarren arreta guztia islamismoaren eraso bortitzak saihesteko norabidetzen zela gaineratuz.

Fiskalak gaizki hartu zituen estatu arduradun ohien oharra. Biek ala biek argitu zioten «terrorismoaren bizipen hurbila izan zutela» haien ardurak tartean eta beren eskarmentu horretatik egiten zutela segurtasunari buruzko diagnostikoa.

ETAren armak «esku txarretan erortzeko arriskua bazela», bereziki talde islamistek gogor kolpatzen zutenean, eta hori gerta ez zedin aritu zirela gaineratu zuten.

Baionako prokuradorea eta Parisko terrorismoaren aurkako prokuradore artean zehazturiko irizpideak errespetatuz, baieztatu zuten bermeak eman zizkietela bakegileei 2017ko apirilaren 8an atxiloketak ez zirela gertatuko.

Hala, isilpeko paktu horri lehen aldiz oihartzuna eman zioten egoitza judizial batean.

Aurrera egiteko erregaiak

Konfiantza, elkarlana, pragmatismoa, ardura,.. horiek bezalako esamoldeak behin baino gehiagotan baliatu zituzten, bestalde, bi estu ordezkari ohien ondotik hitza hartu zuten gainerako lekukoek ere, armagabetzea posible egiteko ezinbestekoak izan zirelakoan.

Jean-Rene Etxegaray Euskal Elkargoko burua eta Baionako auzapeza; Sylviane Alaux diputatu ohi sozialista; Pierre Massias Zuzenbide irakaslea eta, finean, Kotte Ezenarro Hendaiako auzapena Aieteko Nazioarteko Goi Bileraren geroztik Ipar Euskal Herriko gizarte zibilak eta hautetsiek partekatu zuten bakearen aldeko ibilbideaz mintzatu ziren, norbera bere ikuspuntu eta bizipenetatik, bi bakegileen engaiamendua nabarmenduz.