Athleticek erraz gainditu zuen Mallorca San Mamesen jokatutako azken partidan. Zuri-gorriak 4 eta 0 gailendu ziren, Yurik lehen ordu laurdena bete aurretik bi gol egin, eta partida erabakita utzi baitzuen. Javier Aguirrek Mallorca zuzentzen duenetik, Athleticek irabazitako norgehiagoka bakarra da. Beste hiru partidak berdindu egin baitzituzten, hain zuzen ere.
Zuri-gorrien aldagelan barneratuta daukate Kopako finalak ez duela aurreko partidekin antzekotasunik izango. Iñigo Ruiz de Galarreta hiru urtez egon zen Mallorcan jokatzen, eta ondo baino hobeto daki, oso talde lehiakorra eta borrokalaria dela. Gainera, finalerako sailkapena lortu ostean emaitza hobeak erdietsi dituzte eta sailkapeneko azken postuetatik urrundu dira Ligan. Azken jardunaldian hutsean berdindu zuten Valentziaren zelaian.
Defentsa lanetan oso talde indartsua da Mallorca. Jokalari guztiek sekulako lana egiten dute, eta zaila izaten da gol aukerak egitea. Ohikoena, bost atzelarirekin aritzea izaten da, hiru jokalari egoten dira zelai erdian, eta beste bi goian. Denboraldi honetan iaz baino arazo gehiago izan dituzte golak egiteko; eta, horregatik, atzeko postuetatik gertu egon dira.
Muriqi lesionaturik egonda hainbat jardunalditan, eta bost gol bakarrik egin ditu. Abdonek ere kopuru bera darama Ligan, baina sei gehiago egin ditu Kopan eta taldeko golegile nagusia da. Larin kanadiarrak, berriz, bost egin ditu bi txapelketetan.
Joan den denboraldian, Mallorcak bederatzigarren tokian amaitu zuen Liga, Athleticek baino puntu bat gutxiagorekin. Aurten, aldiz, Kopan erakutsi du zein talde lehiakorra izan daitekeen. Gironaren aurka ezustekoa eman zuen final-laurdenetan, eta Reala kaleratu zuen Anoetan. Horrez gain, Tenerifen luzapeneko azken minutuan egin zuen garaipenaren gola Larinek.
Javier Aguirre entrenatzailearen nortasunaren isla da taldea. Aritz Adurizek mexikarraren izaera goraipatu zuen orain dela aste pare bat Bilbora egindako bisitan, eta jokalariei ahalik eta lehiakorrenak izateko ematen dien grina. Esaterako, Aguirreren izpiritu horrek finalerdietako penalti jaurtiketak gogotsu aurre egiteko indarra eman zien. Era berean, edozein gudarako prest dauden jokalariz jositako taldea da.
Adurizek, Movistarrek antolaturiko ekitaldi batean, Athletic dela irabazteko hautagai nagusia esan zuen. Hala ere, azpimarratu zuen Mallorcak oso argi daukala zein den bere joko eredua, eta gailentzeko egin beharrekoa. Talde zuri-gorriaren aurrelari izandakoak onartu zuen finalean bihotza erdibiturik izango duela. Donostiarra Athleticen ikur bat da eta sentimendu zuri-gorria dauka, baina Mallorcarentzat ari da lanean kirol arduradunaren laguntzaile gisa. Azaldu zuenez, batak ala besteak irabazi edo galtzen badu, poztasuna eta tristura nahastuko zaizkio.
Adurizek 2020an utzi zion futbolari izateari, eta Mallorcara joan zen bizitzera. Izan ere, bi denboraldi egin zituen jokalari gisa irlan. Athleticek sei miloiren truke saldu zuen 2008an, baina ez zuen diru guztia jaso Mallorcaren egoera ekonomiko txarrarengatik. Aurrelari donostiarrak 24 gol egin zituen bertan, eta Valentziatik igaro zen Athleticera itzuli aurretik.
Aduriz Mallorcaren gainbeheraren lekuko izan zen, eta eraberritzea ere gertutik jarraitu du. Egun, AEBtako enpresari talde bat da klubaren jabea, azken hamarkadan zorrak kitatu eta maila jaitsierak ezagutu ostean. Abdon aurrelariak eta Raillo erdiko atzelariak, esaterako, Bigarren B mailan jokatu zuten 2017an Mallorcarekin. «Infernutik» igaro ostean «zerua ukitzeko» asmoa daukatela aldarrikatu dute azken asteetan Kopari begira Balear uharteetan egin duten promozio kanpainan.
90. hamarkadaren amaieran eta mende berriaren hasieran, ordea, garai loriatsuak bizi zituzten irlan. Txapeldunen Ligan jokatzeaz gain, Kopa bat irabazi zuten 2003an eta Superkopa bat 1998an. Samuel Etoo aurrelariak gidatu zuen taldea Kopako titulu hori irabaztera, Huelvako Recreativo taldea menderatu zuten Elx taldearen zelaian jokatu zen finalean. Txapeldunen Ligan jokatzeko ere sailkatu ziren.
Beste final batzuk ere jokatu zituzten garai horietan. Europako Recopako txapeldunordeak izan ziren 1999an Lazioren kontra finala galdu ostean (2-1). Nedved txekiarrak egin zuen italiarren garaipenaren gola azken minutuetan. Urte mordoa pasa diren arren, Mallorcak oso ondo lehiatu izan du jokatu dituen Kopako beste finaletan ere. 1991an, adibidez, luzapenean galdu zuten Atletico Madrilen aurka (1-0), eta 1998an penaltietararte iritsi ziren Bartzelonaren kontra.
Horrez gain, Athleticek badauka ere garai horretan Mallorcaren kontra jasotako porrot mingarri bat. 1999an, 6 eta 1 galdu zuten zaleen ametsgaiztoetan agertzen den norgehiagoka. Epailearen erabakiz, talde zuri-gorriak praka berde batzuekin jokatu behar izan zuen, eta itxura eskasa eman zuen zelaian gol sakukada bat jasota.