Peryferyka, ametsak norberak ekoitzi behar dituelako
Gazteak izanagatik argi dute zer den nahi dutena, ikus-entzunezkoen munduan barneratu. Eta horretarako, hamabost eta hamasei urte besterik ez zituztela Peryferyka ekoiztetxea sortu zuten. Beraien laugarren laburmetraia estreinatu berri dute.
Dei baten zain egotea bezain ekintza eramangaitz gutxi egongo da, horregatik, norbere ametsak norberak bete behar dituenaren adibide garbia da Peryferyka ekoiztetxea. Castingen emaitzen zain egoteaz aspertuta sortu zuten Nagore Osak (Bergara, 2008), Zihara Etxeberriak (Aramaio, 2006) eta Ariana (Arrasate, 2008) eta Dani Nespereirak (Arrasate, 2006) ekoiztetxea. Laugarren laburmetraia estreinatu berri dute, ‘Larramendi’, eta «harro» daude taldekideak, emaitzarekin eta ibilbidearekin; gazteak izanagatik, nahi duten horretara hurbiltzen ari direlako.
«Castingetan ez bagaituzte hartzen, ba agian gu mugitu behar gara zerbait egiteko. Momentu honetan pantaila handira jauzi egiteko guretzat ez badago aukerarik, guk sortuko dugu gure laburmetraia», horixe esan zien Etxeberriak lagunei, eta horrela sortu zen Peryferyka, 15 eta 16 urte besterik ez zituztela. ‘Erbestean’, ‘Post mortem’, ‘El color del engaño’ eta ‘Larramendi’ dira orain artean kaleratu dituzten lanak, eta ekoiztetxearen YouTube kanalean daude ikusgai.
Etxeberria, Osa eta Ariana Nespereirak Arrasateko Doke Antzerki Eskolan ezagutu zuten elkar, Arianaren anaia da Dani, eta ikus-entzunezkoen mundua gustuko zuela eta, taldea osatu eta lanean hasi ziren. Bulkadetatik abiatzen dira peryferyatarren proiektuak: Etxeberriak arratsalde batean idatzi zuen gidoi bat, taldea elkartu eta 2022 urte amaierarako grabaketetan zeuden.
Lanak erraz banatzen dituzte beraien artean, eta proiektutik proiektura antzezleak trukatzen joaten dira. «Nahiko autodidaktak gara, ez dugu aparteko formaziorik ikus-entzunezkoen mundu honetan» aitortzen du Etxeberriak. Eta beraz, ideia etortzen zaie, izan daiteke gidoia bera, edo giroa, edo non grabatu nahi duten, eta ondoren hasten dira guztiari forma ematen.
«Nahiko autodidaktak gara, ez dugu aparteko formaziorik ikus-entzunezkoen mundu honetan»
Egitea aldarrikatzen dute, eta bidean ikastea, orain arteko lau laburmetraietan egin bezala: «Eginez pila bat ikasten da, laburmetrai batetik bestera igarri dugu hobekuntza handia gure lanean, eta batez ere elkarlanean ari zarenean ikasten duzu, besteengandik asko ikasi dut nik, gauzak egin ahala ikasi ditugu».
Oso tonu eta forma ezberdinetakoak izan dira laburmetrai guztiak, hizkuntza aldetik ere bi euskaraz egin dituzte eta beste bi gazteleraz. Etxeberriak kontatzen du elebitasuna mantendu izan dutela; bere ama hizkuntza, esaterako, euskara denez, hobe moldatzen da gidoia euskaraz idatzita, baina Arianaren kasuan kontrakoa da, eta beraz, hala nahi bazuen gazteleraz egitera animatu zuten: «Gure inguruan bi hizkuntza horietan hitz egiten da, hizkuntza batek zein besteak aukera ezberdinak ematen dizkizu, laburmetrai bakoitzaren estetika edo gaiari lotuta hizkuntza bat edo beste hobe joango da».
‘Larramendi’
Martxoa amaieran aurkeztu zuten beraien azken lana, ‘Larramendi’, Arrasateko Amaia antzokian, eta «oso harro» daude. Duela bederatzi hilabete bururatu zitzaion Dani Nespereirari mendian grabatzea hurrengo laburra; Mariasun Pagoaga aktorea ere bertan irudikatzen zuela kontatu zien taldekideei eta Etxeberria arduratu zen gidoia idazteaz.
Baina alor artistikoaz gain, garrantzitsua izaten da alor ekonomikoa ere. «Zaila izan da», onartzen du, izan ere dossier bat osatu zuten eta Debagoienako komertzio eta tabernei aurkeztu zieten proiektua; batzuk segidan «ezezko borobila» eman bazieten ere, beste batzuen baiezkoarekin aurrera egin ahal izan zuten, eta oso eskertuta daude. Irabazi asmorik gabekoak direla argitu du, guztia laburmetraiaren gastuak ordaintzeko erabili dutela: «Lehen laburmetraia mugikor batekin grabatu genuen, oraingoa kamerarekin, eta soinu teknikari bat era kontratatu genuen, mendian zenez beharrezkoa baitzen. Jasotako laguntzak ahalbidetu digu kalitatea lortzen».
«Euskarazko laburmetrai bat da, tradizionaltasuna uztartzen du kutsu garaikide batekin», erantzuten du Peryferykako kideak azken lanaz galdetuta. Bi istorio paralelo kontatzen dituzte; batetik, Bixenta Larramendi eta bere biloba Lur Larramendiren elkarrizketa, non desagertu zen gizon baten inguruan hitz egiten dion amonak, bere osaba Martzelo Larramendiz. Eta bestetik, Martzelo eta Bixentaren istorioa.
Ikuslea adi mantentzea
Etxeberriak dio laburmetraiaren misterio kutsuak asko lagundu diela ikuslea adi mantentzen: «Nahiz eta elkarrizketa bat izan laburmetraiaren gai nagusia, elkarrizketa hori dinamikoa eta entretenigarria izatea nahi genuen, azkenean gaur egun kontsumitzen dugun edukia nahiko azkarra da, eta bederatzi minutuko ikus-entzunezko bat ikustea nahi genuen».
Oso erantzun ona jaso dute, Etxeberriak ikusleak hunkitzea lortu dutela kontatzen du, «lagun batzuk esan zidaten hunkitu eta oilo ipurdia ere jarri zitzaiela, antzokian jendea negarrez ere ikusi genuen. Bagenekien zerbait ona egin genuela, baina jendea horren hunkituta ikusteak motibatzen gaitu».
«Deskantsurako tarterik ez dugu hartu nahi, udan grabatuko ditugu beste bi laburmetrai»
Motibazio horri eutsi eta jada eskuartean dituzte beste bi proiektu. «Deskantsurako tarterik ez dugu hartu nahi, seguruenik udan grabatuko ditugu, oraindik gauza handirik finkatuta ez badugu ere. Batean Ariana izango da protagonista, eta laburmetrai garaikidea izango da, emozioei buruz hitz egingo dugu». Ideiak ez dituzte falta Peryferykan, eta bidea urratzeko prest daude.