NAIZ

Elordiren zalantzak eta Zabaleta «arrotza», Zabala eta Dario errioxarren indarraren aurka

Ostiralean Gasteizko Ogetan ekingo dio Buruz Buruko txapeldun den Elordik Zabalaren aurka final-laurdenetako ligaxka, inguruan dituen zalantzak uxatu nahian. Larunbatean, berriz, bi hilabetez jokatu ezinik aritu den Dario izango du aurrean Labriten Jose Javier Zabaletak.

Aitor Elordik bere jokoan izan dituen zalantzak behingoz atzean laga nahi ditu.
Aitor Elordik bere jokoan izan dituen zalantzak behingoz atzean laga nahi ditu. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Buruz Buruko Pilota Txapelketa final-laurdenetako ligaxka hastera doa. Ostiralean Gasteizko Ogeta pilotalekuan iazko txapeldunaren, Aitor Elordiren txanda izango da Jose Javier Zabala aurrelari errioxarraren aurka. Mallabikoaren debuta izango da Naiarako aurrelariak pasa den asteburuan Mikel Urrutikoetxea txapeldun ohia bidetik atera zuen bitartean.

Pilota aukeraketak ez du, itxura baten beste munduko lurrikararik eragin, nahiz eta jakin Ogeta ez dela defentsan aritzeko frontoirik erosoena. Mallabiko aurrelariak iaz urte borobila osatu zuen, Binaka eta Buruz Buruko txapelak jantzita, baina aurtengoa beste kontu bat ari da izaten. Elordiren iritziz, «txapelak jantziz geroztik ez dut atsedenerako astirik izan egiaz, baina Binakako Txapelketatik kanporatuta geratu ostean, prestatzeko astia izan dut eta azken aldian berriz ere txispa eta bizitasuna hasi naiz antzematen nire kolpean eta jokoan».

Zentzu horretan, prestaketa fisikoa «zorrotz eginda» omen dator aurrelari bizkaitarra eta hori baliatu nahiko luke Zabalaren aurka ligaxkako aurreneko puntua erdiesteko. «Dakidan moduan jokartu beharko dut, iazko arma berberekin. Saketik pilota ezker horman sartzen eta pilota baztertuta, berari gauzak ahaliok eta gehien zailtzen saiatuko naiz hasteko. Berak hartzen badu menpean piloteoa, boleaz eta ezker airez pilota eskuan ahalik eta ondoen sartu eta indartsu astindu beharko dut, bera atzera bialdu nahian, eta aldiz, erasoko aukera azaltzen den momenturik txikienean aurrera pauso bat eman eta gantxoz edo bolearekin txokora, baina tantoa bukatzen saiatu beharko dut behintzat», laburbildu du Buruz Buruko txapeldunak.

Dena beharko du Elordik Zabalari irabazteko. Altunaren ordezko lanetan binaka maila paregabea erakutsi zuen eta Urrutikoetxea dantzan erabili zuen ere final-laurdenetako ligaxkara 14-22 nagusituta sailkatuz. «Hala ere, dena aldatzen da Buruz Burukoa hasten denean», dio Naiarako aurrelariak. «Kantxan beste era batera kokatu behar da eta eroso sentituko banintzen, final-laurdenetara iritsi nahi nuen, partida bakarrean nekez lortzen delako erosotasun hori. Baina hauxe da txapelketarik garrantzitsuena eta hemen egon behar da ongien», gaineratu du.

«Onenen artean lekua egingo badut, aukera bakoitza baliatu behar da. Binaka partida gutxi batzuek izan nituen eta bakoitza azkena balitz bezala jokatu nuen. Buruz Burukoa, berriz, kontratua berritu ondoren datorkit eta ezin dut kale egin, enpresak nire alde apostua egin baitu», gehitu du Javi Zabalak.

Elordiren kasuan iaz denak ezustean harrapatuta lortu zuen Buruz Buruko txapela, eta aurten Zabalak berak nahiko luke Mallabikoaren eredua jarraitzea, «kantxan gozatuz eta dakidana erakutsita». Nolanahi, Ogetako partidan esateko asko duten bi aurkari neurtuko dira ostiralean.

Atzelaria aurrelarien erreinuan

Iruñeko Labrit pilotalekuan neurtuko dituzte indarrak larunbatean, bestalde, Jose Javier Zabaletak eta Dario Gomezek. Binakako Txapela bosgarren aldiz jantzi ostean, Erik Jaka Buruz Buruko txapeldun ohia atzean laga behar izan du final-laurdenetan lekua egiteko. Aurrelarien erreinuan dabilen atzelari bakarra da, ordea, Etxarrengoa, eta Darioren aurka ez du lan errazik aurkituko txapelketarik garrantzitsuenean bidean egiten jarraitzeko.

«Azken aldian tanto bakarragatik geratu nintzen finalerdietatik kanpo eta aurten saiatuko gara behintzat larunbateko lehenengo partida hori borrokatzen eta eguna baldin badugu eta irabaziz gero, orduan hasiko gara hurrengo partidei begira», azaldu du atzelari nafarrak Labriteko aukeraketan.

Birritan jokatu dute Zabaletak eta Dariok elkarren aurka eta bietan atzelaria nagusitu da. Nolanahi, Etxarrengoak ez dauka faborito kontzientzia handiegirik, ezta bere arerioa denbora luzean jokatzeke egon dela jakinda ere, eskuetako arazoen erruz bi hilabete eman baititu pilotalekuetatik kanpo.

«Bere denbora hartuko zuen eskuetatik osatzeko eta nik uste ondo egongo dela. Ziur nago azken hilabete honetan asko entrenatzen eta ahal bezain ondoen prestatzen. Ondorioz, ziur gogotsu eta oso ondo prestatuta etorriko dela. Nire kasuan, Jakaren aurka ondo amaitu nuen. Partida ez zen ikaragarri gogorra izan eta fisikoki ondo amaitu nuen. Eskuetatik ere ez nuen gainera kolpe txarrik hartu, nahiz eta partidara bai joan nintzen kolpe txar bat hartuta, Elordirekin entrenatzen ari nintzela», azaldu du Etxarrengoak.

Kasu honetan, aldiz, materiala ez du horren gustoko izan. Neurri baten. Zabaletak badaki Buruz Buruko Txapelketan erabiltzen diren pilotak aurrelarientzat pentsatuta daudela, berak ez bezala, botez jokatzeko piloteo «klasikotik» urruti aritu nahi duten horientzat.

«Pasa den astean esan nuen pilota oso biziak iruditzen zaizkidala buruz buru aritzeko; sebo asko ere ematen diote eta botera jokatzea horrela oso zaila da», aipatu du, nahiz eta Labriten aukeratu duen materialagatik ez duen ezer txarrik adierazi.

Dariok, noski, badaki zer den Zabaletaren aurrean sufritzea zer den. Ezcarayko pilotariak, hargatik, Labriten ere antzera ibili beharko duela iritzi dio. «Zabaletaren aurka atzetik aritzea tokatzen bazait, atzetik miraririk ezin da egin. Eskuinez bere eguna baldin badauka, defentsan aritzea egokituko zait, baina aukera dudanean jokoa aurrean nahasten ahalegindu beharko dut. Uneoro mugitu dadila eta ez dadila inoiz ere eroso aritu. Osterantzean, gauzak oso zail izango ditut», onartu du.

Jakaren aurka Zabaletaren garaipena ikusten izan zen aurrelari errioxarra eta ez zion itxura txarrik hartu. «Agian sake errestoan zalantzaren batekin ikusi nuen, baina bestela, sakez eta ezkerrarekin ondo asko ikusi nuen. Egia da atzelariei gehixeago kostatzen zaiela frontoi osora moldatzea, baina egunak pasa ahala, bera ere erosoago aurkituko da. Nik ere errestoan asko asmatu beharko dut eta sakea dudanean tantoaren ekimena nire alde irauli beharko dut ere. Baina horrez gain, piloteoan luzaro aritzerik ezin dezaket espero; mugitu beharrik ez badu, aldea berak ezartzen du eta, beraz, arriskuak hartu beharko ditut», laburbildu du Dariok.