NAIZ

Pradales: «‘Bobby’en eredua nahi genuen Ertzaintzarako, baina ETAk dianan jarri zituen...»

Lehendakari bada, sendagile gehiago lortzeko «pizgarriak» emango dituela eta Ertzaintzaren eredua babestuko duela nabarmendu du Imanol Pradales EAJko hautagaiak astearte honetan bi irrati kate publikori emandako elkarrizketetan.

Imanol Pradales, Azkoitian emandako mitin batean.
Imanol Pradales, Azkoitian emandako mitin batean. (Gorka Rubio | Foku)

Euskadi Irratiko eta Radio Euskadiko mikrofonoetan egon da astearte honetan Imanol Pradales EAJko lehendakarigaia. «Jendearekin egoteko aukera» duelako pozik ageri da momentuz, kanpainari buruzko balorazioan: «Gizarteari puntua hartzen ari naiz», nabarmendu du. Honetaz gain, gai nagusiak jorratu ditu: Osakidetza, etxebizitza, trantsizio ekologikoa, Ertzaintza, hezkuntza...

Inkestetan lehia estu-estua ageri da EAJ eta EH Bilduren artean, baina irabaziko duten konbentzimendu osoa duela esan du. Arrazoi hau eman du horretarako: «Galdera nagusi bat dago: nori utziko diogu gure ongizatearen giltza? Horretarako EAJ da bermea». Abstentzioaz galdeturik, «hau demokraziaren festa bada, festa horretan gero eta jende gehiago egotea da garrantzitsua da», erantzun du.

A21aren osteko gobernagarritasunari buruz, Pedro Sanchezekin ez dela gehiegi fio berretsi du Imanol Pradalesek. «Iritziz askotan aldatzen duen pertsona da», argudiatu du horretarako, eta Eneko Anduezak mitinetan garbi hitz egin duela esan duela, baina Sanchezek ez, erantzun du.

Osakidetzari lehentasuna emango diotela berretsi du hautagaiak, baina orain arteko gainbeheraren arrazoiak zeintzuk diren erantzun gabe utzi du. «Gure gizartea zahartze prozesu batean» dagoela esan du, eta horri aurre egiteko «birdiseinua» behar dela uste du, epe luzera. Zer egin den gaizki berriro galdetu diote Euskadi Irratian, baina bigarrenean ere ez du erantzunik eman. Herritarrek emandako balorazio txarra pandemiaren ondorioekin lotu du. Gai honen gainean «gatazka politikorik» ez izatea eskatu du.

«Sendagileak aurkitzea ez dela erraza» argudiatu du beste behin ere: «Pizgarri berriak jarri behar ditugu mahai gainean, eta formula berritzaileak». Esaterako, erretiroa hartzeko zorian direnak lanean segitzeko tematuko dela iragarri du, bai eta «beste autonomia elkarteetan» ari direnak itzularazteko ere. Medikuntza pribatura joan direnak berreskuratzeko ahaleginik egingo ote luketen galdetuta, norberaren «askatasuna» aipatu du Imanol Pradalesek.

Ertzaintzaren egungo eredua sutsu ari da defendatzen Pradales kanpainan, EH Bilduk eskatutako eztabaidaren aurrean: «Bobby-en eredua defendatu genuen baina ETAk dianan jarri zituen ertzainak eta eredua hankaz gora jarri zen. Gero ETA desagertu zen baina beste terrorismo mota batzuk agertu dira, jihadismoa kasu, eta beste gauza batzuei aurre egin behar zaie: indarkeria matxista, ziberdelinkuentzia… Polizia hurbila izan behar da, baina bere lana egiteko tresnak behar ditu ere, gu babesteko. Ertzaintza armagabetu behar dela esaten dutenean, gu ez gara batere ados horrekin».

Gai honetan azpimarra jartzen ari den arren, Euskal Herria «herri segurua» dela aitortu du Pradalesek. Baina honetan «zero tolerantzia» sustatu behar dela defendatu du, hirietan bereziki sortzen diren arazoak murrizteko. Ildo punitibista honetan sakonduz, ea lapurretan direnei «kafea eta pastak eskaini behar dizkiegun» esan du beste behin ere, eta zigorrak gogortzeko aukeraz mintzatu da.

Ertzainen protestei dagokienez, akordioak lortuko direla uste du.

Etxebizitza eta trantsizio ekologikoa

Etxebizitza da kanpaina honetako beste gai potoloetako bat. Erosteko zein alokairuak lortzeko laguntzak jarriko lituztekeela zin egin du hautagai jeltzaleak. Jada bidean den Emantzipa programa jarri du adibide, baina «neurri piloa dugu», erantsi du. Etxebizitza erosteko zerga kenketari eutsiko diotela berretsi du, «autonomia elkarte bakarra gara horretan eta tinko jarraituko dugu». Eremu tentsionatuak izendatzearen alde ere agertu da, nahiz Lakuak Estatuko legearen aurkako helegitea aurkeztu duen.

Trantsizio ekologikoari buruz, «kontu handiz egin behar dugu, lanpostuak arriskuan ez jartzeko», erantzun du. Parke eolikoak jartzeko adostasunak landuko ditu udalerriekin, esan duenez. «Ni Santurtzikoa naiz, eta gure ingurua tximiniez eta azpiegiturez beterik dago, Estatuko laugarren portua da gurea, eta hau ere ongizatea da. Orekak behar ditugu: denok berde izan nahi dugu, baina ondoko herrian bada hobe…».

Orokorrean, «oso erotuta dagoen mundu batean erronka oso garrantzitsuak dauzkagu», aitortu du.