Iraitz Mateo

2024ko Adarra saria Errobi taldearentzat, sortu eta 50 urtera

Errobi talde lapurtarrak eskuratu du aurtengo Donostia Adarra Saria. Ekainaren 21ean egingo da ospakizun kontzertua, eta apirilaren 11tik aurrera egongo dira eskuragarri sarrerak. Egindako bidearen aitortza izango da saria, kantu tradizionalen eta soinu elektrikoen zubigintzaren isla.

Mixel Ducau eta Anje Duhalde, Errobi taldeko kideak.
Mixel Ducau eta Anje Duhalde, Errobi taldeko kideak. (Jon Urbe | FOKU)

Asteazken goiz honetan jakinarazi dute Donostiako 11. Adarra Saria Errobi talde lapurtarrak jasoko duela. Ekainaren 21ean egingo dute ospakizun kontzertua Victoria Eugenian. Taldea sortu zenetik 50 urte bete dira aurtengoan, eta egindako ibilbidearen «errekonozimendua» egin nahi izan diote sariarekin.

Amaia Ispazua musika sustatzaileak, Jaione Askasibar Donostia Kulturako Komunikazio eta Irudi zuzendariak eta Esther Fernandino Donostia Kulturako Musika teknikariak osatutako Aholku Batzordeak hartu du erabakia. Batzordearen arabera, «Errobi taldea erabakigarria izan zen rock progresiboa eta psikodelia Euskal Musikan barneratzeko. Zubi bat eraiki zuten belaunaldien artean, eta sortu zituzten abestietako asko gehitu dira herri ondarean». Fernandinoren arabera, aurtengoan erraza izan da saritua aukeratzea: «Baziren urte  batzuk Errobi saria emateko taldeen zerrendan zegoela, eta urtemugarekin erraza izan da erabakia; gaur egungo ondarean geratu dira beraien kantuak».

Anje Duhalde eta Mixel Ducau taldearen buruak izan dira prentsaurrekoan eta saria esker onez eta ohore handiz hartu zutela kontatu dute: «Duela mende erdi hasi eta hazi genuen lana edota uzta saritzen duen ezaugarri dotore hau ohorez hartzen dugu. Gora zuek, gora musika eta gora gure euskara».

Jaime Otamendi Donostia Kulturako zuzendari kudeatzailea pozik agertu da «bi gazte hauek elkartzeagatik». Errobik korronte askotako ur emariak bildu dituela nabarmendu du eta Euskal Herri osora zabaldu dela txalotu.

Kantu tradizionalak jantzi elektrikoekin

Duhaldek pozik hartu du berria, eta esker berezi bat eskaini nahi izan dio Juan Karlos Izagirreri: «Juan Karlos Izagirre EH Bilduko alkatearen agintaldian asmatu zen sari hau, eta esker bereziak helarazi nahi nizkioke berari, apustu hau egiteagatik».

Errobi taldeak duela gutxi jakinarazi zuen maiatzaren 4an kontzertua emango zuela Bilbon 50.urteurrenaren harira; horren ostean egingo da Donostiako kontzertua. Duhaldek aurreratu du kontzertu bera izango dela bietan «salbu animoa eta publikoa. Izozkailutik ateratako produktu bat egingo dugu, pixka bat hobetua», azaldu du irri artean. Beraien hiru diskoetan oinarritutako errepertorioa osatu dutela esan du; «kantuaz beste ez dugu besterik, gauza natural bat eskainiko dugu».

Ducau ere ados agertu da eskaintzen dutena kontzertu soil bat dela adierazterakoan: «Kantuak funtsez kantuak dira, elektrizitate pixka batekin janztea gustuko dugu, baina kantuak dira». Zein estilotan sakonduko duten galdetuta, estiloak ez dituztela bereizten erantzun du: «Gure kantuetan beti utzi diegu leku bat kantu tradizionalei, baina baita elektrikoei ere; ez ditugu estiloak bereizten, dena da ‘gu’».

Duhalderen ustez ere ez da «rock talde bat bakarrik» izan Errobi. Beraien lana kantu tradizionaletatik ateratako «inspirazio edo lanaren ondorioa» dela nabarmendu du: «Ondorenaren ispilu izatea nahi genuen».

50 urteko emaria

1974. urtean Donibane Garazin emandako kontzertua gogoratu dute, beraien ibilbide osoa loriatsua ez dela izan kontatzeko: «Hirugarren kantuan areto erdia hustu zen, gazteak bakarrik geratu ziren, entzule guztiak ez zeuden prest gure musikarako».

Adierazi dute mimo bereziz ari direla kontzertua prestatzen: «Gure momentuko buruko mina entseguak egitea eta kantuak bergureganatzea da».

Marijose Rekalde eskultoreak egindako garaikurra jasoko dute ekainaren 21ean, eta segidan kontzertua eskainiko dute. Anje Duhalde eta Mixel Ducaurekin batera Txomin Duhalde izango da baterian, Remi Gachis gitarran eta Iñigo Telletxea baxuan. Apirilaren 11tik aurrera eskuratu ahal izango dira sarrerak Victoria Eugeniako leihatilan.