NAIZ

Hernaniko eta Astigarragako udalek txotx garaiaren eredua aldatzeko lan ildoak adostu dituzte

Txotx denboraldiaren ereduak hartu duen norabidea aldatze aldera, Hernaniko eta Astigarragako udalek hainbat lan ildo adostu dituzte. Arazoari heltzeko erakundeen arteko mahaia osatzeko eskatu zieten Gipuzkoako Aldundiari eta Lakuako Gobernuari martxoan, baina ez dute erantzunik jaso.

Urdangarin eta Lertxundi alkateak, argazkiaren erdialdean.
Urdangarin eta Lertxundi alkateak, argazkiaren erdialdean. (Hernaniko eta Astigarragako Udalak)

Egungo txotx garaiaren eredua aldatzeko lan ildoa martxan jarriko dute Astigarragako eta Hernaniko udalek. Hiru ikuspegitatik ikusten dute udalek irtenbidea, jakitun badira ere ez dela berehala etorriko larunbatetan nagusitu den txotx ereduaren aldaketa. Garrantzitsutzat jo dute, baina, urratsak egiten hastea, «oreka bat bilatze aldera». Ildo horretan, eta kontuan hartuta sagardoaren eta sagarraren kulturak bi herrietako nortasunean duen garrantzia, bi udalek neurriak hartu nahi dituzte kultur hori urte osoan zehar sustatzeko.

Arazoari heltzeko erakundeen arteko mahaia osatzeko eskatu zieten Gipuzkoako Aldundiari eta Lakuako Gobernuari martxoan. Agindu arren, Aldundiak zein Lakuako Gobernuak oraindik ez diote eskaera horri erantzun, salatu dutenez. Bi udalok berretsi dute mahai horren beharra, eta azpimarratu apirilaren 21eko hauteskundeen ostean eratuko den gobernu berriari ere eskaera bera egingo diotela.

Eredua aldatzeko, bi udalei ezinbestekoa iruditzen zaie bi herrietara larunbat arratsaldeetan joaten den jendetza gutxitzea eta horretarako, «beharrezkoak diren neurri disuasorioak aztertzeko prest» agertu dira. Izan ere, herritarrek haien herrietako kaleak eta plazak berreskuratu ditzaten nahi dute eta horretarako kultur jarduerak antolatzea bezalako neurriak hartuko dituzte, martxoaren 9an proba moduan egin bezala.

Oreka bilatu nahi dute Astigarragako eta Hernaniko udalek, herritarrei eragiten dien kalteagatik eta baita sagardoaren kultura jasaten ari den «desprestigioagatik ere», Xabier Urdangarin eta Xabier Lertxundi alkateek azaldu dutenez: «Larunbatetan dozenaka autobus pilatzen dira Hernaniko eta Astigarragako aparkalekuetan. Kanpotik heltzen den jendetza horrek bere egiten ditu bi herrietako erdiguneko kaleak eta tabernak, eta bertako herritarrok desplazatuta sentitzen dute euren burua».

Egoera hori otsailetik apirilaren amaierara arte luzatzen dela azpimarratu dute Urdangarinek eta Lertxundik. Horrek esan nahi du txotx denboraldia luzatu egin dela eta horrekin batera, baita udalek hartu beharreko segurtasun eta garbitasun neurriak eta haien kostuak ere.

Gainontzeko erakundeen erantzunik jaso ez badute ere, Hernaniko Udala, esaterako, herriko eragileekin sagar eta sagardoaren mahaian aztertzen ari da hiru helburuko plangintza nola garatu.