Ramon Sola
Elkarrizketa

Otegi NAIZ Irratian: «Ametsak betetzen ari gara, baina poliki goaz, urrutira goazelako»

Kanpaina erdian arnas luzeko hausnarketak utzi ditu Arnaldo Otegik NAIZ Irratian. Apirilaren 21ean EH Bildu bozkatuena izan ala ez, emaitza itzelak jada gauzak aldaraziko dituela uste du. Ortzimuga marraztu du eta «egonkortasunaren mantra» ezeztatu: «Itsasontziak ez dira portuan lotuta egoteko».

Audio_placeholder

Otegi NAIZ Irratian: «Ametsak betetzen ari gara, baina poliki goaz, urrutira goazelako»

Loading player...
Arnaldo Otegi, NAIZ Irratiko mikrofonetan ostiral honetan.
Arnaldo Otegi, NAIZ Irratiko mikrofonetan ostiral honetan. (Andoni Canellada | Foku)

Hautagaia ez denez, EH Bilduko koordinatzaile nagusi gisa hauteskunde lehiaren gainetik dauden hausnarketa mamitsuak utzi ditu Arnaldo Otegik ostiral honetan NAIZ Irratian. Independentzia helburu duten prozesu baten faseak ezaugarritu ditu eta bide honetan kokatu du A21ean izango den emaitza, betiere «pazientzia estrategikoaren» irizpidetik irakurrita. «Marea bat sortzen ari da baina zirimiria gara gu, urrutira goazelako goaz poliki», nabarmendu du.

Elkarrizketan EH Bildu irabazle atera daitekeela baina EAJk eta PSEk (eta PPk ere agian) bera baztertzeko bozak batu dituztela aipatu zaio Otegiri, eta ea honek «frustrazioa» eragingo lukeen galdetu diote. Hortik abiatu du hausnarketa: «Jendearen espektatibak ez dira horregatik zapuztu behar. Hau prozesu gisa ulertu behar da. EAJren lehenengo tentaldia botereari eustea izango da, baina horretarako gero eta gauza arraroagoak egiten badituzu, irismen estrategikorik ez duzula islatzen duzu». Gogora ekarri duenez, Gipuzkoan PPk gobernua eman diola gogoratu zion EAJri ETB1eko debatean.

EH Bildu A21ean bozkatuena izan ala ez, emaitzak «gauzak aldaraziko dituela» aurreikusten du Otegik, are gehiago botereari eusteko EAJk «gauza arraroak» berriro egin behar baditu

 

EH Bildu lehen indarra ez balitz ere, «lasaitasun osoarekin» hartuko duela adierazi du Otegik: «Boto gehien irabaziko ditugunak izango gara, gau magikoa izango da, emaitza ikaragarriak izango ditugu eta emaitza horiek agertoki politikoa baldintzatuko dute. Gauzak aldatuko ditu honek... eta herri honetan gauzak aldatu behar dira», ziurtatu du.

Eginiko aurrerapausoen artean honi eman dio garrantzia: «Gero eta gutxiago dira EH Bildurekin beldurtzen direnak». Eta honako hau erantsi du: beste alderdi batzuk «beldurraren boza» ari dira lantzen, baina bere indar politikoak ez, «guk ez dugu beldurraren boza eskatzen, ilusioarena baizik».

EAJk, PSEk eta PPk darabilten beste argudio bati erreparatu dio: egonkortasunarena. «Estabilitatearen mantra ateratzen dute behin eta berriro, baina zein estabilitate dago Gipuzkoan aurrekontuak aurrera atera ez dituztenean, zein estabilitate dago gazteentzat?». Gustuko duen metafora batekin erantzun die: «Seguruagoa da, baina itsasontziak ez dira portuan lotuta egoteko eraikitzen. Herri honek itsasora atera behar du».

Prozesu batean gauden kontzeptuan sakonduz, Euskal Herriko «periferian» ematen ari diren aldaketak oroitarazi ditu Otegik: «Guretzat amets bat da Ipar Euskal Herrian gertatzen ari dena, Ziburun eta Urruñan gobernatzea. Gasteizen eta Araban irabazten ditugu hauteskundeak. Oionen eta Iruñean gobernatzen dugu. Eta orain A21ean irabaz dezakegu».

Hiru fase

Bere aburuz, bistan da «jendeak gure balore eta printzipioekin gero eta gehiago egiten duela bat. Hori guztia hor dago. Eta non bukatu behar da? Lehenenengo fase batean, urrats kualitatibo bat emanez, urrats nazionala. Bigarrenik, sektore zabal bat independentista da aspaldi, baina hori antolatu behar dugu, eta irismen estrategikoa eman, sektore hori sendotuz eta besteak konbentzituz. Honetarako gobernu fase batetik pasatu behar dugula uste dut, jendeak ikusi behar duela gurekin hobeto biziko dela. Eta hirugarren fase bat izango da, non herri honek erabakiko duen».

Zehatzago, orain «ez gaude independentismo fase batean, gure estatus nazionalean urrats kualitatiboa emateko fasean gaude», laburbildu du EH Bilduko koordinatzaile nagusiak.

Gauzak honela, «poliki» aritzearen beharra, «gauzak ondo eginez», aipatu du Otegik. «Presarik» ez du ikusten inguruan, ez adin nagusikoen artean ez gazteen artean ere: «Nire belaunaldian sekulako ilusioa ikusten dut. Subiranotasun prozesuak oso luzeak dira. Eta norabide onean doazen urratsak ikusiko ditugu».

«Estatuek beti mantendu duten jarrera izango dute, errepresioarena, baina XXI. mendean gaude... Jendea ume gisa hartu behar duzu?»

 

Pere Aragones Kataluniako presidenteak berriki egin zion erreferendum baterako eskaintza PSOEko Gobernuari, Konstituzioan oinarrituta, eta minutu gutxi batzuetan ezezko erantzuna eman zion Pilar Alegria eledunak. Hortaz galdetuta, ez da harritu, ez eta etsipenik agertu ere: «Kataluniako prozesua eta gurea oso ezberdinak dira. Guk eskarmentu luzea dugu eta badakigu ez dela hain erraza. Normala da ezetz esatea Gobernuaren partetik, horretarako dago, baina gauza bat falta zaio: ‘Bale, horrekin ez zaude ados, baina zerekin zaude ados?’».

«Nazio aniztasunaren gaineko eztabaida irekiko da Estatu espainolean –aurreikusi du–. Herriek erabakiko dute. Eta estatuek beti mantendu duten jarrera izango dute, errepresioarena, baina XXI. mendean gaude… Guk nazio batentzat proiektua dugu, denontzat izango dena, eta horiek ez. Gero eta zailagoa izango zaie posizio hori mantentzea. Jendea ume gisa hartzen duzu bestela?», galdetu du.

PSEko Eneko Anduezak hartutako posizioari erreparatu dio, honen harira: «‘EH Bildurekin ez dut inoiz gobernatuko’ ari da esaten. Orduan, termino etiko-politikoetan Sanchez, Chivite, gurekin itunak egin dituzten alkate eta zinegotzi guztiak.. zu baino maila okerragokoak dira?», helarazi dio lehendakarigaiari. Otegiren ustez, «bere teilatuari harriak botatzen ari da» Andueza, eta gainera, «eskubiko markoa erosten».

Osakidetza

Kanpainako gai nagusiak ez dira apenas jorratu elkarrizketan, epe luzeko ikuspegia gailendu delako. Osakidetza hizpide izan da bukaeran. Pello Otxandianok ETB1eko debatean Imanol Pradales jeltzaleari esandakoa ekarri du gogora Arnaldo Otegik: «Horren inguruan ika-mikarik ez dela izan behar esaten dute, baina ardura politikoak bai, egon behar dira. Zergatik egingo dute orain beste gauza bat, orain arte egin ez dutena? Orain arte PAC direlakoak itxi badituzu, orain zergatik irekiko dituzu? Duela gutxi arte dena oso ondo zegoela eta auzi honetan honelako konspirazio bat zegoela, gurea eta sindikatuena, ari ziren esaten. Horri emendakina egin dio Pradalesek. Baina ardurak hartu behar dira, ondo planifikatu, eta batez ere jendearen osasuna ez dela negozioa onartu».