NAIZ

Euskal Herrira ekarri dituzte Angel Egaña gudari arrankudiagarraren gorpuzkiak

1938an Valladoliden fusilatua izan zen Angel Egaña arrankudiagarraren gorpuzkiak Euskal Herrira ekarri dituzte haren senideek, udal ordezkaritza zabal baten ondoan. Omenaldi ekitaldia iragarri dute herrian, hilaren 28rako.

Egañaren senitartekoak Valladoliden, bertako fosa komunetan hobiratutako biktimei eginiko omenaldian.
Egañaren senitartekoak Valladoliden, bertako fosa komunetan hobiratutako biktimei eginiko omenaldian. (Arrankudiaga-Zolloko Udala)

Arrankudiagako udal ordezkaritza zabal bat Valladoliden egon da igande honetan, bertako El Carmen hilerrian tropa faxistek hildako 199 biktimei eginiko omenaldian. Hildako horien artean Angel Egaña arrankudiagarra dago. Biktimen gorpuzkiak Valladolideko hilerri horretako memorialean hobiratu dituzte gaur. Egañaren gorpuzkiak Arrankudiagara ekarriko dituzte udal ordezkaritzarekin batera bertaratutako senideek.

Arrankudiaga-Zolloko Udalak gogoratu du Angel Egaña Valladoliden bertan fusilatu zutela 1938ko ekainean. Zehaztu duenez, «Asociación para la Recuperación de la Memoria Histórica de Valladolid (ARMHV) elkarteak urteetan zehar burutu duen lan eskergari esker faxistek eraildako milaka eta milaka lagunen gorpuzkiak aurkitu eta identifikatu dituzte hainbat hobi komunetan». Angel Egañarenak El Carmen hilerriko zazpigarren hobi komunean aurkitu eta identifikatu ziren.

Hori dela eta, Egañaren familiako kideekin batera, Txutxi Ariznabarreta alkatea buru izan duen udal ordezkaritza zabal bat Valladolideko ekitaldian izan da, «Angel Egañaren gorpuzkiak ARMHV elkartearengandik jaso eta Arrankudiagara ekartzeko».

Euskal Herrira itzulita, Udalak iragarri du ekitaldi zabala antolatu duela apirilaren 28rako, gudaria omentzeko.

Izan ere, Angel Egañaren inguruko datuak bildu dituzte hura oroitzeko. 1914ko otsailean jaioa, Otsantzar auzoko baserrian bizi zen ama alarguna eta hiru neba-arrebekin batera, erroldan jasotako datuen arabera.

Estatu kolpe faxistaren aurrean, «euskal milizian erroldatu zen Padura batailoiko Landarraga konpainian, teniente graduarekin». Gogoratu dutenez, batailoia Basauri, Ondarreta, Iberlanda eta metrailadoreen konpainietako 300 gudarik osatzen zuten eta hainbat frontetan hartu zuen parte: Elgetan, Ubiden, Gorbeian, Durangon edota Amurrion, besteak beste.

Gorbeia mendiko gertakariak

«1937ko martxoaren 31n eta apirilaren 1ean Gorbeia mendian izan ziren borrokek ondorio oso larriak izango dituzte gerora Angel Egañarentzat», azaldu du Udalak ohar batean. Zehaztu duenez, garaiko kroniken arabera, Gorbeia ingurua euskal gudarien eskuetan zegoela, martxoaren 31n IV. Brigadako erreketeen Virgen Blanca tertzioek Gurutzea hartu zuten, «eta bandera faxista eta erreketea jarri zituzten bertan»

Apirilaren 1ean Padura Batailoiko gudariek Gurutzea berreskuratu eta banderak kendu zituzten. Borrokaldian hainbat hildako izan ziren alde bietan. Handik hilabete batzuetara, ekainean, hain zuzen, Bilbo golpisten eskuetan erortzean, Padura Batailoia desegin eta konpainia desberdinetako gudariak II. Dibisioko 156. Brigadara batu ziren, II. Batailoia izenarekin.

Santander alderantz erretiratzean, armada golpistak atxilo hartu eta 24 milizianorekin batera irailean epaitu eta 12 urte eta egun bateko espetxe zigorra jarri zioten Angel Egañari.

Hala ere, azaroan Valladolideko presondegi batera eraman, sumario berriro aztertu eta abenduaren 31n Gerra Kontseiluan epaitua izan zen. «Teniente gradua izanik, Gorbeiako borrokan hildako kapitan faxistaren heriotzaren erantzule egin zuten eta heriotz zigorrera kondenatua izan zen. «Argi ikusten da ofizial golpistaren heriotzaren mendeku gordina izan zela Angel Egañaren aurkako epaia», azaldu dute oharrean.

Egindako ikerketan jakin dute1938ko ekainaren 1ean jakinarazi ziotela epaia arrankudiagarrari, eta hurrengo egunean, 6.30ean fusilatu zutela, Valladolideko udal hilerriko 7. hobi komunean ehortziz.

Valladoliden egindako ekitaldian, Ana Redondo Berdintasun ministroak hartu du parte. «Ahanztura» legeak gaitzestu diren ekitaldi horretan, Redondok arau horiek geldiarazteko Gobernuak sustatutako ekimenek epaitegietan eta nazioartean aurrera egitea eta «egia, justizia eta erreparazioa» lortzea espero duela esan du.