Iragan den asteburu honetan bi euskal langileren heriotzaren berri izan du LAB sindikatuak, garraiolari batena Lleidan eta langile autonomo batena Gasteizen. Horiekin, gutxienez hogei lan heriotza gertatu dira Euskal Herrian urte hasieratik.
LABek azaldu duenez, 2024an dagoeneko sei garraiolari hil dira Euskal Herrian. Atzo Lleidan bere kamioiaren kabinan hilik azaldu zen 59 urteko R.T. Iruñeko garraiolaria, datu guztien arabera, bihotzekoak jota hil zen. Belgikako enpresa batentzako ziharduen lanean.
Sindikatua azken urteetan bereziki salatzen ari den moduan, garraioaren sektorean ematen den arazo kardiobaskularren intzidentzia altuak badu laneko faktoreetan iturri bat. Oso prekarioak dira garraioaren sektoreko lan-baldintzak, lanaldi luzeak, estresa, presioak, garraioagatik ordaintzen duten prezio baxua edota lan baldintzen eraginez modu osasuntsuan elikatzeko zailtasunak.
Honek guztiak arazo kardiobaskularrak eragiteko «koktel perfektua» sortzen du, «denok ikusten ari garen emaitzekin».
Horregatik dio LABek garraioaren sektorean gertatzen diren lan istripu gehienak guztiz ekidin daitezkeela, eta horretarako «borondate politikoa baino» ez dela behar garraiolarien lan eskubideak bermatzeko eta errespetatzeko neurriak jartzeko, baita «erakunde publiko eta enpresa guztien inplikazioa» ere.
«Prekaritatea amaitu behar da. Patronalaren inpunitatea amaitu behar da. Erakundeek ezin dute beste aldera begiratzen jarraitu, bestela gertatutakoaren eta gertatuko denaren konplize izango dira», azpimarratu du.
Heriotza hau salatzeko LAB, ESK, Steilas, EHNE, HIRU eta CGTk osatzen duten intersindikalak elkarretaratzea egingo du asteazken honetan, 11.00etan Iruñeko Gobernu delegaritzaren aurrean.
Langile autonomo bat hilik Gasteizen
Bestalde, langile autonomo bat hil zen Gasteizen, joan zen astean pairatutako istripuko zaurien ondorioz. 54 urteko A.A.C. langileak istripua izan zuen, auzokideen komunitate bateko garbiketa lanak egiten ari zela, maneiatzen zuen makina irauli eta azpian harrapatu zuenean.
Istripuak zauri larriak eragin zizkion, eta asteburuan hil zen horien ondorioz.
«Prekaritatean oinarritutako lan harremanak pairatzen dituzte autonomoek, eta askotan lan arriskutsuak onartu behar izaten dituzte lanik ez galtzeko. Administrazioaren eskutik kontrol are zorrotzagoa exijitzen du autonomoen biziak, merkatua euren bizitzez baliatzen baita, lan prozesuen merketze hutsagatik», nabarmendu du LABek.