Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Ruandako genozidioaren 30. urteurrena, aurrerapauso eta zauri artean

Nazioarteko komunitateak «abandonatu» zituela salatu du Ruandako presidenteak, Paul Kagamek, genozidioaren 30. urteurreneko ekitaldian. Muturreko hutuek tutsien aurka egindako sarraskiak 800.000 hildako eragin zituen ehun egunean. Gaur egun Israel egiten ari den hilketek Ruanda oroitarazten dute.

Ruandar bat hildakoei loreak eskaintzen.
Ruandar bat hildakoei loreak eskaintzen. (Luis TATO | AFP)

Ruandak 14 milioi biztanletik gora ditu, eta, Munduko Bankuaren datuen arabera, haien batez besteko adina 19 urtekoa da. Gehienek ez dute genozidioa oroitzen, edo ez zuten bizi izan. 1994an 6 milioi laguneko herrialdea zen. Ehun egunean 800.000 pertsona hil zituzten, batik bat tutsiak, hutu moderatuak ere bai, anitz aihotz kolpez. Emakumeak bortxatu zituzten, eta umezurtzez bete zen herria.

Apirilaren 7an, ehun eguneko dolua hasi zuten genozidioaren 30. urteurrena oroitzeko. Paul Kagame presidenteak eta Jeannette dama nagusiak su tradizionala piztu zuten Kigali hiriburuan dagoen Genozidioaren Memoria Zentroan. Bertako hobi komunetan daude sarraskiaren 250.000 biktimen gorpuak.

Handik, BK Arena eraikinera joan ziren. «Gure bihotzak berdin betetzen ditu doluak eta esker onak. Gure hildakoak gogoratzen ditugu eta eskertuta gaude Ruanda zer bihurtu den ikusita», adierazi zuen Ruandako Fronte Abertzalearen sortzailea izan zen presidenteak. 1994ko uztailean boterea hartu eta hilketei amaiera eman zien taldea gobernuan dago ordutik.

«Nazioarteko komunitateak denok abandonatu gintuen, erdeinuz edo koldarkeriaz», gaitzetsi zuen milaka lagunen aitzinean, tartean munduko dozena bat estatuburu eta gobernuburu; Etiopia, Hegoafrika, Tanzania, Estatu frantsesa eta Txekiar Errepublikakoak, besteak beste.

Afrikako Batasuneko presidentea, Moussa Faki Mahamat, hala mintzatu zen: «Tribu, arraza, erlijio, kultura edota ekonomia oinarri duten diskriminazioetatik elikatzen diren gatazka sakonen testuinguru honetan, Ruandak eredu bat eskaintzen du umiltasun osoz, eta bere eragin baikorrak Afrikaren mugak gainditzen ditu».

Belgika eta Estatu frantsesa

Genozidioak erlazio zuzena du kolonizazioarekin. Belgikak Ruandako Errepublika kolonizatu zuen 1923an, eta bere agintaldiak iraun zuen bitartean biztanleria etnien arabera banatu zuen, tutsiei mesede eginez, gehiengoa (%85) ziren hutuen aitzinean. Horrek hamarkadatako gorrotoa ekarri zuen eta, azkenik, sarraskia.

Europako Batzordeko presidenteak, Charles Michel belgikarrak, hala adierazi zuen: «Belgikarra naiz, europarra. Badakit nire kontinenteak, Europak, zer zor dion zuen kontinenteari, Afrikari. Ezagutzen dut historia bere sustraiekin, bere handitasun eta lotsekin (...). Horregatik, Belgikako Gobernuak barkamena eskatu zuen 2000. urtean».

Paul Kagame Ruandako presidentea eta Jeannette lehen dama su tradizionala pizten, Kigaliko Genozidioaren Memorialean. (Luis TATO/AFP)

Bestalde, Emmanuel Macron presidente frantsesak, bere ordez Stephane Sejourne Kanpo ministroa bidali zuenak, mezu bat helarazi zien ruandarrei bideoz. Bertan, genozidioaren aitzinetik hutuen Gobernua militarki lagundu zuen estatuko buruak 2021ean Kigalin erran zuena oroitu zuen. Bere herrialdearen «ardura» onartu zuen orduan, ikuskatzaileek genozidioa zetorrela-eta alarma jo arren, ez zituelako entzun. Halere, hilketen «konplize» izan zela gezurtatu zuen.

Bill Clintonek ere egin zituen adierazpenak. Genozidioa gertatu zenean AEBen presidentea zenak hilketa horiek gelditzeko deus ere ez egitea bere gobernuaren porrotik handiena dela aitortu zuen.

 

HITZ HUTSAK, KRIMENA ERREPIKATZEN ARI DENEAN

Paul Kagame Ruandako presidenteak igandeko ekitaldian erran zuen bezala, «hilketa etniko baterako baldintzak edozein tokitan sor daitezke kontrolatzen ez badira». Egun berean, Europako Batasunak «konpromiso irmoa» adierazi zuen «mundu osoko genozidioei eta gizateriaren aurkako edozein krimeni aurre hartzeko». «Iraganeko ikasgai mingarrietatik ikastera eta halakorik gehiago ez errepikatzeko egin beharrekoa egitera» deitu zuen nazioarteko komunitatea.

Ildo beretik mintzatu zen Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusia: «Elkar hartuta borrokatu behar dugu gorroto eta diskriminazio mota guztien aurka. Ziurtatu dezagun 1994ko apirilaren 7an hasitako ekintzak ez inoiz ahaztea eta ez inoiz errepikatzea, inon ere». Azaldu zuenez, «gorrotoa da genozidioaren sustraia, eta lerro zuzen bat marraztu dezakegu milioi bat tutsiren hilketaren eta aurreko gorrotoaren artean, tentsio etnikoek eta kolonialismoaren itzal luzeak sustatuta».

Belgikako teniente koronel bat bala zuloak dituen eraikin batean. (Luis TATO / AFP)

Hitz horiek guztiak erori egiten dira, ordea, Gazan genozidioak aitzinera segitzen duen bitartean. NBEko Justizia Auzitegi Gorenak Israeli neurriak hartzeko eskatu zion, bere armadak genozidiorik egin ez zezan Zerrendan. Eskaera hori Hegoafrikako Gobernuak epaitegi horretan aurkeztu zuen salaketa baten ondorio izan zen. Hegoafrikak segurtatu zuen Israel Gazan egiten ari den operazio militarren «eskalak duela 30 urteko Ruandako genozidioa oroitarazten duela». Sei hilabetean, 33.100 pertsona hil dituzte gutxienez Gazan, horietatik 9.560 emakumeak eta 14.500 haurrak, Zerrendako Osasun Ministerioaren arabera.