NAIZ

Lleidan zendu zen garraiolaria gogoratu eta sektorearen lan baldintzak salatu dituzte Iruñean

58 urteko garraiolari iruindarraren heriotza salatzearekin batera, sektoreko beharginek pairatzen dituzten lan baldintza kaskarrak gaitzetsi dituzte sindikatuek Iruñean.

Sindikatuek Iruñeko Merindadeen plazan egin duten elkarretaratzea.
Sindikatuek Iruñeko Merindadeen plazan egin duten elkarretaratzea. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Hiru, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta CGT sindikatuek elkarretaratzea egin dute asteazken honetan Iruñean, iragan astean «iktus edo bihotzeko baten eraginez» Lleidan zendu zen 58 urteko garraiolari nafarraren heriotza gaitzesteko.

Merindadeen plazan, Gobernu espainolaren ordezkaritzaren aurrean eginiko protestarekin «prekarietateak eta lan baldintza kaskarrek hil egiten dutela» salatu dute sindikatuek eta, aldi berean, garraiolariei 60 urterekin erretiratzeko aukera eman diezaietela eskatu dute.

Nabarmendu dute sei direla jada aurten errepidean hil diren garraiolariak: «Urteko lehen hilabeteotan markak hautsi dira. Izan ere, hilero garraiolari bat hiltzen da bataz beste, eta apirilerako sei hil dira aurten».

Lleidan kamioi barruan zendu zen beharginak 58 urte zituela ikusirik, honakoa adierazi dute sindikatuek: «Sektorea zahartzen ari da, ez dago erreleborik, gazteak ez dira garraioan hasten, lan-baldintzak ez direlako batere onak. Egoera hori arriskutsua da, bai garraiolarientzat eurentzat, eta baita errepidearen gainerako erabiltzaile guztientzat ere».

Adinarekin «nekea, arazo kardiobaskularrak eta beste zenbait osasun arazo areagotu» egiten direnez, istripua izateko arriskua handiagoa dela azpimarratu dute. Horregatik eskatzen dute, hain zuzen, 60 urtetan erretiroa hartzeko aukera.

Zentzu horretan, «beste alde batera» begiratzea eta arazoari aurre egiteko beharrezko neurriak ez hartzea egotzi diete administrazioei.