Bilbon aurkeztu dute ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak eta sindikatuko exekutibako kide Ane Zelaiak aurtengo Maiatzaren Lehena, ‘Antolatu, borrokatu, irabazi’ lelo hartuta egingo dutena.
Egungo egoera sozioekonomikoa lau gai nagusik laburbiltzen dutela nabarmendu du Lakuntzak: enpresen etekinen handitzea, langileen lan eta bizi baldintzen okertzea, gobernuen konplizitatea, eta «ezker instituzionalaren oposizio eta proposamen alternatiboen falta».
Errealitate hori aldatzeko bestelako politika batzuk aldarrikatu ditu Lakuntzak: «Patronalaren interesen eta botere ekonomikoen kontrako borroka politiko, sozial eta sindikala egitea da aldaketa soziala lortzeko jarrera koherente bakarra».
«Borroka hori alboratzen bada –gaineratu du–, langile klaseak beharrezkoak dituen aldaketak baztertzen dira. Ezkerreko espazioetan adostasunak lortu beharko lirateke egungo politikei aurre eginez, alternatiba sozial, feminista eta ekologista bat defendatzeko».
ELAren esanetan, negoziazio kolektiboko emaitzek eta prekarietatearen aurkako borrokak berresten dute «kontrabotere ereduaren aldeko» bere apustua. Zentzu horretan, adierazi dute sindikatuak sinatutako hitzarmenetan soldatek batez besteko igoera %6,5ekoa izan dela.
Borroka sindikalaren aldarria
«Langileentzako lorpenak ez datoz ez erakundeetatik, ez elkarrizketa sozialeko mahaietatik; antolaketa kolektiboak eta borroka sindikalak bakarrik uzten digute aurrera egiten», nabarmendu du Lakuntzak.
«Ondorioa agerikoa da: zenbat eta borroka sindikal eta greba gehiago, orduan eta hitzarmen gehiago eta hobeak», erantsi du idazkari nagusiak.
Mundu mailan «belizismoaren gorakadagatik» kezka agertzearekin batera, Palestinako herriak Estatu izateko eskubidea eta Gazan su-etena aldarrikatu ditu ELAk. Era berean, Zelaiak gogoratu du Europako Batzordeak ohartarazi duela murrizketa politiketara itzuliko dela: «Europako egungo politikak ez dira berdeak, ez sozialak, ez bakera bideratutakoak».
«Hori guztia –jarraitu du Zelaiak– konplizitate politiko batekin gertatzen da: aberastasunaren banaketa Gasteizko eta Iruñeko gobernuen politiketatik kanpo dago. Osasun publikoan inbertsiorik ez egitea, etxebizitza eskuratzeko zailtasuna, zaintza sistema pribatua eta prekarizatua... Horiek dira gure gobernuen politika sozialen gabezien erakusgarri nabarmenenak».
Testuinguru honetan, dei egin dute Maiatzaren Lehenean Bilbon (11.30ean, Jesusen Bihotzetik) eta Iruñean (11.30ean, Gurutzeko plazatik) egingo dituzten manifestazioetan parte hartzera.