Agurrak tristeak izan ohi dira, baina azken sei-zazpi urteotan modu boluntarioan aritu den Presoen Euskara Irakasleen Taldeak harro eta pozik iragarri du bere ibilbidearen amaiera. Izan ere, kartzelan daudenek euskara modu ofizialean ikasi ahal izatea lortu dute, eta lekukoa administrazioari pasa diote orain.
Gogoratu dutenez, urruntzea «bere gordinkeria osoan» indarrean zegoenean, ehunka euskal herritarrek euskaraz bizitzeko eskubidea «erabat kolpatua» zuten. Sakabanaketak eragiten zituen beste hainbat ondorio lazgarrirekin batera, «mintzoa ere lapurtu nahi izan die» euskal presoei: unibertsitatean euskaraz ikasteko aukerarik ez, posta edota telefono bidezko komunikazioetan erdaraz aritzeko inposizioa... Euskara maila hobetzeko edota geure hizkuntzan bizi ahal izateko ikastea ere «ezinezkoa» zen.
Testuinguru horretan sortu zen Presoen Euskara Irakasleen Taldea –haietako bat elkarrizketatu zuen, 2022an, GAUR8k–. 2019-20 ikasturtean, esaterako, 43 irakasle aritu ziren, modu boluntarioan, aipatu eskubide ukazio horri «zirrikitu sendagarri bat ireki nahian: posta bidezko tutoretzen bidez, lagunentzat beharko liratekeen bisita batzuk eskuratuta...».
Aukera berriak urruntzearen amaierarekin
Euskara ikasteko aukerari dagokionean ere «aro berri bat» ireki zuen urruntzearen amaierak, eta hasieratik bertatik irakasle boluntarioek administrazioari planteatu zioten «espetxeetan euskara ikasteko modelak ofiziala behar zuela izan, kalean eskaintzen diren aukera berdinak eskainita, euskaltegien bidez garatzen den metodologia eta bitarteko egokiak bermatuta».
Zaballan hasi zuten bidea Basauri eta Martutenera ere zabaldu zute. «Ez, zoritxarrez, Iruñean; are gutxiago Lannemezanen». Hala, 2022-23 ikasturtean, euskara ikasten aritu ziren 62 ikasle Zaballan, 33 Martutenen eta 24 Basaurin, 33 irakasleren eskutik.
HABEko arduradunek ere emaitzak bikainak direla aitortu dutela nabarmendu dute irakasle boluntarioek.
Aurtengo ikasturterako agindu zieten ikasketa prozesuari «molde ofizialez eta osotasunez» ekingo ziotela erakundeek, espetxe administrazioak eta HABEk elkarlanean. «Urrian izan behar zuena orain gauzatu da, azkenean –azaldu dute–. Eta dagoeneko ikasten ari diren presoen jardunak babes ofiziala du».
«Borondate hutsez aritutako irakasleok lekukoa eman diegu euskaltegiei, beraiek gara dezaten abiatutakoa. Urrats funtsezkoa da, bere txikitasunean. Batez ere, datorren ikasturtean, Martutene, Basauri eta Zaballako espetxeetan euskara ikasteko eskubidea osoa izango delakoan, eskubide-berdintasuna aitortuta eta diskriminaziorik gabe».
Espetxeetan euskaraz bizitzeko aukera «erreala eta kalitatezkoa» izan dadin urrats gehiago egin behar direla jakitun dira, nolanahi ere. Hortaz, euskal jendarteari eta bereziki euskaltegiei zein euskal kulturaren sustatzaile orori dei berezia egin diete, adi egon daitezen eta datorren ikasturteari begira, matrikuazio garaian, espetxeak ere gogoan izan ditzaten.
‘Kanpotegietan’ pentsatzen hasteko garaia
Iragarpena hauteskunde kanpaina betean eginik, alderdiei ere eskaera zehatza helarazi diete: «hausnarketa bat eta proposamen bat. Euskaraz bizitzeko eskubidea bermatu beharra dago herritar guzti-guztientzat, inolako diskriminaziorik gabe. Hori egia izan dadin, hizkuntz politika eraginkorrak, ausartak behar ditugu. Euskal herritarron eta gure erakunde demokratikoen erabakien errespetua oinarri, nola ez. Eta arlo guztietan aukera berriak ireki behar. Erronka horietakoa dugu espetxeetan euskara klaseak era duin eta egokian antolatzea. Eta hortik hasita, gure arloan hain garrantzitsuak izan diren Barnetegiak gogoan, egungo espetxe eredua gaindituko duten ‘kanpotegiak’ pentsatzen eta antolatzen hastea».
Azkenik, ibilbide honetan zehar euskaltegietako hainbat eta hainbat irakaslek beren diru ekarpen eskuzabalarekin eta bestelako ekimenenekin bildutako dirua Harrera elkartearen esku utziko dutela iragarri dute.