Ezker konfederalaren banaketak boto galera handia ekarri dio Elkarrekin Podemosi, 2020an 72.113 boto eskuratu zituen eta lau urtera, Sumar eta biak zerrenda banatan aurkeztuta, 23.679, Gasteizko Legebiltzarraren ordezkaritzaren %7,97tik %2,23ra. Sei eserleku zituen duela lau urte eta orain, batere gabe gelditu da –Sumarrek ordezkari bat lortu du, Araban–.
Zatiketak kalte egin dio Miren Gorrotxategi lehendakarigai izan duen alderdiari. Gorrotxategirekin batera, David Soto eta Juantxo Lopez Uralde, hurrenez hurren Gipuzkoako eta Arabako hautagaiak, izan dira hauteskunde gaueko ekitaldian.
Txalo artean igo dira oholtzara. Eledunak aitortu du emaitza txarrak izan dituela alderdiak. «Ez dugu lortu nahi genuen konfiantza gure proiektua bultzatzeko, baina bizitzan bezala, irabazten eta galtzen jakin behar da, eta kolpe latz hau onartzen dugu», adierazi du.
«Gure proiektua oso beharrezkoa da, eta lanean segituko dugu, bidea bada, batzar nagusietan gaude, udalerrietan hautetsiak ditugu, eta euskal herritarren eskubideen alde borrokan jarraituko dugu», agindu du.
Esker mezu batekin amaitu du balorazio laburra, Gorrotxategiri, beste hautagaiei eta batez ere militantziari zuzenduz. «Militantzia ausarta, indartsua, akonpainatzen gaituena, proiektuaren bihotza».