NAIZ

PAE berritu eta Estatu palestinar bateratua sortzea proposatu du Hamasek

Hamas alderdiko buru nagusietakoa den Ismail Haniyek Palestinaren Askapenerako Erakundeak (PAE) zuzenduko lukeen Estatu palestinarra sortzea proposatu du. Horretarako, erakundea antolatu eta talde palestinar guztiak aintzat har ditzala ezinbestekotzat jo du.

Haniye eta Erdogan, Istanbuleko bilkuran.
Haniye eta Erdogan, Istanbuleko bilkuran. (TURKIAKO PRESIDENTETZAKO BULEGOA | EP)

«Bi fasetan Palestinako barne politika antolatzeko deialdia luzatu dugu. Lehenean PAEaren berrantolaketa emango litzateke, talde palestinar guztiak aintzat har ditzan. Bigarrenean, Gaza eta Zisjordaniako instituzio guztiak sabai beraren pean batuko lirateke, horrela Gobernurako eta kontseilu legegile eta nazionaletarako bidea zabaldu eta Gobernu nazionala eratuz», adierazi dio Anadolu albiste agentzia ofizial turkiarrari Hamas alderdiko buru nagusietakoa den Ismail Haniyek Istanbulera egindako bisitaldian.

Hamaseko buruzagi politikoa Qatarren bizi da eta larunbatean bildu zen Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganekin Istanbulen, Gazako gerraz eta zerrendan su-etena ezartzeko aukerez mintzatzeko, presidentetza turkiarrak komunikatu baten bidez azaldu duenez.

Aurretik, iragan den asteazkenean, Dohan bildu zen Haniye Hakan Fidan Atzerri ministro turkiarrarekin, eta, azken honek bilkuraren ostean adierazi zuenez, Hamaseko buruzagiak armak utzi eta alderdi politiko gisara soilik jarraitzeko prestutasuna erakutsi zion, baldin eta 1967ko mugak aintzat hartuko lituzkeen Estatu palestinarra eratuko balitz.

«Gaza palestinarrek gobernatzen dute, Hamasetik ez dugu Gazako administrazioaren bozeramaile bakarra izatea eskatzen, baina gu ere herri palestinarraren zati gara. Elkarbanatzen ditugun oinarriekin batasun nazionaleko Gobernu bat era dezakegu eta Gazako Gobernuaren aferaren gaineko adostasunak lor ditzakegu», ziurtatu zuen Haniyek.

Iragan den urriaren 7an Israelgo hegoaldea eraso ostean Hamasek bahitutako 100 pertsonak askatzeko abiatutako negoziaketen gainean, Haniyek esan zuen ezin dela akordiorik erdietsi gero gerrak aurrera egingo badu.

«Beraiek (Israelek) nahi duten bakarra bahituak berreskuratzea da, gero Gazako gerrari berriro ekiteko, eta hori ez da posible. Israelek behin betiko atera behar du bere armada Gazatik», ziurtatu zuen Hamaseko buruzagiak.

«Desplazatuak Gaza iparraldera itzultzea ere ez dute nahi. Kopuru mugatu baten itzulera mailakatua onartzen dute. Hori ere ez da posible», gaineratu zuen.

«(Bahituen) trukerako kopuru sinple batzuk proposatzen ditu (Israelek), urriaren 7tik hona Zisjordania eta Gazan 14.000 palestinar inguru espetxeratu direnean», arbuiatu zuen Hamaseko buruzagiak.

«Akordioa erdietsi dadila oztopatzen duena Israel da, baita AEBak ere, antzera pentsatzen baitu eta ez du inolako presiorik egiten. Israelek baldintza hauek onartuko balitu, gu akordioa sinatzeko guztiz prest geundeke», amaitu zuen Haniyek.

Hamas talde terroristatzat dute Israel, AEB eta Europar Batasuneko (EB) herrialdeek, ez hala Turkiak.