NAIZ

Egungo hiri eredua arbuiatu eta Donostia «bizigarri» baten alde egin dute

40 kolektibo baino gehiagok osatzen duten Donostia Defendatuz plataformak egun osoko borroka eguna egin du Gipuzkoako hiriburuan. Egungo hiri ereduarekin desados, Donostia bizigarriago baten alde agertu dira hainbat herritar.

Donostia Defendatuz taldeak antolatu duen mahai-inguruetako bat.
Donostia Defendatuz taldeak antolatu duen mahai-inguruetako bat. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Egungo hiri ereduarekin desados, Donostia eraldatzeko dozenaka arrazoi daudela sinesten dute Donostia Defendatuz ekimenean batu diren 42 kolektiboek, eta hiri «bizigarri» baten alde egin dute larunbat honetan egun osoko borrokarekin.

Kolektibo horien guztien ustez, Gipuzkoako hiriburuan egun garatzen ari diren proiektu urbanistikoak herritarrei bizkarra emanez erabaki dira, soilik «gutxiengo baten onurarako», eta, hala, «gehiengoaren bizi-baldintzak baztertuta geratzen dira sektore pribilegiatuenen mesedetan», ohartarazten dute manifestu bateratuan.

Besteak beste, honako proiektu urbanistikoak aipatzen dituzte: Basque Culinary Center-en bigarren eraikina, San Bartolome muinoan merkataritza-zentro bat eraikitzeko proiektua, eta «babesgabe» uzten ari diren eraikin baliotsuen zerrenda, hala nola, Arte Ederren Antzokia eta Iparraldeko Geltokia. Era berean, hotelen aldeko neurrigabeko sustapena, Belartzaren proiektua, Añorga Txikin aurreikusitako 250 etxebizitzak eta beste hainbat proiektu kritikatu dituzte.

Turistifikazioa eta etxebizitza

Donostia Defendatuz kolektiboak «herritarron plaza» bilakatu duten Bulebarrean antolatu duen borroka egunaren zentroa, baina, hiriaren turistifikazioa etxebitzitzaren arazoa izan dira. Izan ere, SOS Arrazakeria, Etxegabetzeak Stop, Greenpeace, LAB, CCOO, CNT, ESK, Steilas, Saretxe eta beste hainbat auzo elkartek osatzen duten plataformaren iritziz, Donostiaren arazoak ez dira puntualak, egiturazkoak baizik, eta izaera horretako aldaketak bultzatu behar direla iritzi dute.

Hala, bi norabideetan hausnartu dute Donostiako hiri-ereduaren inguruan. Batetik, egungo errealitatearen kalteak plazaratu dituzte, kasurako, turistifikazioari buruzko mahai-inguru batekin. Prozesu honen ondorioak latzak dira kolektibo hauen aburuz. «Espekulazio, turismo eta luxuzko negozioen aldeko Udal Gobernuaren erabakiak bata bestearen atzetik hartzen dira, hiria turistifikazio prozesu basatian sartu, etxebizitza larrialdia areagotu, bizilagunak auzoetatik kanporatu, ondare arkitektoniko eta naturala suntsitu, berdeguneak murriztu, merkataritza txikia galdu eta hiriko sare soziokulturalari eragiten dion bitartean», agertzen du manifestuak.

Baina bestelako Donostia bat pentsatzen ere jarri dira, imajinatzen nola izan daitekeen sostengarriagoa hiriko mugikortasuna, balioetsiz harrera ekimen solidarioek egiten duten lana, edo etxebizitzaren auziari buruzko hausnarketa bultzatuz.

Hitzaldi eta mahai-inguruen artean, bertsolariak (Beñat Gaztelumendi, Unai Gaztelumendi eta Izarne Zelaia) eta Gartxoten kontzertua ere izan dira.

Eguneko mobilizazio garrantzitsuena, baina, 20.00etan deitu dute, kalejira aldarrikatzaile batekin, ‘Hiri bizigarrien alde!’ lelopean.