«Oraingo honetan ez digute utzi, baina Gazara iritsiko gara blokeoa haustera»
Zuloaga, Revilla eta Gorbea Askatasunaren Ontzidiaren euskal ordezkaritzako kideak dira. ‘Flotillan’ ehunka zibilek parte hartu behar zuten, Gazara laguntza eramateko. Israel, AEB eta europar gobernuen presioek ekintza galarazi dute, baina epe laburrean ontzidi bat aterako dela diote.
Istanbulen, laguntza humanitarioarekin Gazara abiatzeko beharrezkoak diren baimenen zain egon ostean, Askatasunaren Ontzidiak (Freedom Flotilla) atzo salatu zuen Turkian blokeatuta dagoela, Ginea-Bissauk, «arrazoi politikoengatik» eta «Israelen presioengatik», hura osatzen duten ontzietako biren bandera kentzea erabaki ostean. Azken asteetako oztopo administratiboen eta Turkiaren aurkako hertsapen diplomatikoen ondoren, hori izan da ontzidiari Gazarantz irtetea eragotzi dion aitzakia. Dena prest zegoen, Mikel Zuloaga ‘Mikelon’, Pili Revilla eta Agus Gorbea Istanbulen ia hamar egun daraman ontzidiaren euskal ordezkaritzako kideek azaldu dutenez. Helburu nagusia lortu ez arren, pozik daude «Israel Palestinan egiten ari den genozidioan bista jartzea» lortu delako. «Nahiz eta hau ez den unea izan, iritsiko da eguna blokeoa hautsi eta ontzidia Gazara laguntza humanitarioarekin iritsiko dena», ziurtatu dute.
Azkenean ontzidiaren irteera atzeratu egin da, beste arazo administratibo batengatik. Zer dago traba horien atzean?
Agus Gorbea: Israelek presio diplomatikoko bide guztiak erabili ditu laguntza humanitarioa Gazara eramatea galarazteko, eta Ginea Bissauri presioa egin dio itsasontzietatik bandera kentzeko, hala nabigatzera irtetea eragozteko. Frustrazioa daukagu, Gazara abiatzeko helburua ezin izan dugulako bete; hala ere, uste dugu Palestinako kausarekiko elkartasuna handitzea lortu dela, eta Gazan egiten ari diren genozidioa berriz mahai gainean jartzea. Hainbeste presio eta gobernu baldin badaude guri ateratzen ez uzteko mobilizatzen, horrek esan nahi du molestatzen dugula.
Israelek «probokaziotzat» jo du Flotilla.
Pili Revilla: Metodo posible guztien bidez erailtzen jarraitu nahi duelako, gosea erabiliz eta Gazako herritarrei sendagaiak ukatuz. Horregatik eragotzi du Egiptotik laguntza jasotzea ere eta baita gure ontzia Gazara abiatzea ere. Bestalde, ez dutelako gizateriaren aurkako krimenen lekukorik nahi.
Israelgo hedabideek adierazi zuten Marinak ontzia abordatuko zuela, bertan aztertu ez duen materiala dagoen aitzakiarekin.
Mikel Zuloaga ‘Mikelon’: Gure ekintza ekintza zuzena izan behar zen, ez bortitza, Israelgo gerrako jaunen kontrakoa; beraz, ez genion baimenik eskatu nahi. Gure ustez, ideia horren oinarria armak dituztenei kontrajartzea da, munduari beste ikuspegi bat ematea. Indarkeriarik gabeko erresistentzia hori gure iruditerian berreskuratu behar da, eta ea beste ekintza batzuetara ere eraman dezakegun.
Ildo horretan, atzo manifestazioa egin zenuten Istanbulen. Zein helbururekin?
P.R.: Hiru helbururekin: Israelek ontzidiaren irteera eragozteko baliabide guztiak jartzeko duen jarrera salatzea, Palestinako genozidioa salatzea, herri palestinarraren askatasuna aldarrikatuz, eta epe laburrean Gazara flotilla bat ateratzeko erabakia dugula berrestea.
Itsasoratuz gero, zer espero zenuten?
M.Z.: Baliteke itsasontzia geldiaraztea, edo ontzia beste leku batera desbideratzea; ez dakigu. Dena den, erreskatatu nahi dut hemen egiten ari garena genozidioan bista pixka bat mantentzea dela. Kasu honetan eta testuinguru honetan, duintasun osoz onartzen genuen arriskua. Izan ere, aldaketarako beti egon behar da arriskua, baita kasu zehatz honetan ere. Uste dut arriskatzeko unea zela, blokeoa gelditu eta genozidioa salatzeko. Hala ere, iritsiko da unea; Gazara itzuliko gara Israelen blokeoa haustera. Oraingoan ez digute utzi, baina ontzidiarekin itzuliko gara.
Nola bizi izan dituzue egun hauek Istanbulen, ontzidia aterako ote zen esperoan?
P.R.: Hasieran ilusio handiarekin, lehenbailehen irteteko gogo handiarekin. Nire kasuan, parte hartzen dudan lehenengo flotilla da, eta data atzeratu den heinean urduritasuna handitzen joan da. Hala ere, frustrazioa maneiatzen ikasi dugu, internazionalismoarekin eta beste kultura eta herri batzuekin lotutako beste mila gauza ikasteaz gain.
A.G.: Asko ikasi dugu. Adibidez, indarkeriarik gabeko erresistentzia tailerrak interesgarriak iruditu zitzaizkidan, baina Pilik esaten duen bezala, data atzeratzen joan denean... frustrazio maila altua izan da.
Presio horiez gain, aktibismoa kriminalizatu egin dela uste duzue?
M.Z.: Ekintza hori ez zegoen gure esku, baizik eta nazioarteko beste eragile batzuen esku, eta horiek ahal duten guztia egin dute ontzia irten ez dadin. Baina niri min handiena ematen didana da ematen duela aktibistak garela tentsioa sortzen dugunak, Israelek bonbardatzen jarraitzen duen bitartean.
Aktibista gisa, zergatik erabaki zenuten Askatasunaren Ontzidiarekin bat egitea eta nondik datorkizue herri palestinarrarekiko konpromisoa?
A. G.: Duela bi urte olibaren brigadan egon nintzen Nablus inguruan, eta aurten, lagun batek flotillari buruzko informazioa bidali zidanean, ez nuen zalantzarik izan ekintza horrekin bat egiteko, uste baitut desobedientzia ekintza indartsua dela Gazan egiten ari diren genozidioa salatzeko.
P.R.: Nik ere urteak daramatzat Palestinako herriaren kausarekin kontzientziatuta, eta Gasteizen mugimendu garrantzitsu bat dago babesteko; ez bakarrik BDZ [Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak]; izan ere, Maccabik asko jokatzen du Saski Baskoniaren aurka, eta beti aritu gara talde zehatz horren aurka ekintzak egiten eta sionismoarekin zerikusia duen guztiaren aurka mobilizatzen.
M.Z.: Nik uste dut Euskal Herriak Palestinarekin izan duen harremana oso estua izan dela beti, eta harreman horretan sartzen dut nire burua.
Izan ere, hainbat ontziditan parte hartu duzu. Zein izan da zure esperientzia?
M.Z.: Esperientzia bikaina. Hala ere, aurreko ontzidiak ezin izan ziren Gazara iritsi laguntzarekin. Behin, Israelgo urpekariek helizeak hondatu zizkiguten. 2012an, Estelle belaontzia Donostiatik eta Bermeotik igaro zen eta euskal aktibistak izan ziren bertan. Israelgo komandoek eraso egin zioten nazioarteko uretan. Israelgo portu batera eraman zuten, han atxilotu zituzten kideak, galdeketak egin zizkieten eta itsasontzia hantxe bertan desegin zuten. Ezin izan genuen berreskuratu.
Zer egin daiteke gizarte zibiletik?
M.Z.: Gobernuak genozidioa galarazteko gai ez direnean, gizarte zibila antolatzen da. Guk ale txiki hori jartzen dugu, ez da asko, baina agian zerbait mugitzeko balio du. Ezin duzu herri bat dentsitate handiko espazio horretan giltzapetu eta bonbardatu. Beste gerra konbentzional batzuetan, jendea herrietatik atera daiteke, alde batera edo bestera joan. Honetan, ez. Beraz, mobilizatzea garrantzitsua da, baita Palestinako herriak bere estatusa erabakitzeko eskubidea duela aldarrikatzea ere.
Eta euskal erakundeetatik?
A.G.: EAEko udaletan mozioak planteatzen ari gara, Israelekin harremanak eteteko eskatuz. Hala ere, nik uste dut gai instituzionalean bide luzea dagoela egiteko; izan ere, Lakuako Gobernuak harremanak ditu sionismoarekin, enpresa sionistekin, bai Ertzaintzak, bai Jaurlaritzak. Gainera, CAF enpresa tranbia bat garatzen ari da Jerusalemen kolonoentzat, eta armamentu-enpresek armak saltzen dizkiote Israeli, baita giza eskubideak errespetatzen ez dituzten beste herrialde batzuei ere.
M.Z.: Ez dut esaten erakundeetan mugitzen ari denik ez dagoenik, baina ez dute ezer funtsezkorik egin. Kito. Ez diezagutela beste ezer kontatu. Zuk hori esaten duzunean, enbaxadorearekin egon zirela esaten hasten dira, etab. Baina ez dute ezer funtsezkorik egin.