NAIZ

Patatak, azenarioak eta izeberg letxugak, apirilean gehien garestitu direnak, Facuaren arabera

Facua kontsumoaren arloan lan egiten duen GKE espainolak egindako analisiaren arabera, supermerkatu handietan apirilean gehien garestitu diren elikagaiak patatak, azenarioak eta izeberg letxuga izan dira, ordena horretan.

Patatak, azenarioak eta izeberg letxugak dira azken hilabetean gehien garestitu diren elikagaiak.
Patatak, azenarioak eta izeberg letxugak dira azken hilabetean gehien garestitu diren elikagaiak. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Patatak, azenarioak eta izeberg letxugak dira BEZaren jaitsieragaik martxoan supermerkatu handietan gehien garestitu diren elikagaiak, Facua kontsumoaren arloan lan egiten duen erakunde espainolaren analisiaren arabera. Zortzi supermerkatu katetan martxotik apirilera arteko prezioak aztertu dituzte.

Zehazki, bost kilo patatako sareak %9,3ko igoera izan du batez beste. Carrefourren izan da igoerarik handiena: martxoan 4,95 euro eta apirilean 6,49 euro, hau da, %31,1 gehiago.

Azenario kiloa batez beste %3,1 garestitu da azken hilabetean, eta igoerarik nabarmenena Lidl-ena izan da, %28,2ko igoerarekin (0,85 eurotik 1,09ra). Izeberg letxugak, berriz, apirilean aurreko hilean baino %2,6 gehiago balio du batez beste. Alcampon izan da igoerarik handiena, %13,3koa izan baita (1,05 eurotik 1,19 eurora).

Azken hilabetean ere gora egin du oliba olioaren prezioak, %2,2 arte. Martxotik apirilera gehien igo zen olioa Hipecorreko La Española markako oliba litro leuna izan zen: eskaintzan egotetik 8,99 eurora igaro zen, eta 13,75 euro balio du, %52,95 gehiago. Martxotik apirilera bitartean garestitu da, halaber, konferentzia udareak (%1,5), arrautza dozena bat (%1) eta esne osoko brick-a (%0,45).

Apirilean batez beste martxoan baino gutxiago balio duten elikagaien artean daude pardina motako dilista (-%0,5), 500 gramoko makarroi paketea (-%1,8), fuji sagarrak (-%1,9), tipula kiloa (-%2,7), limoiak (-%2,9), ekilore olioa (-%3,6), golden sagarrak (-%4,5), laranjak (-%5,9), pipitarik gabeko mahats zuria (-%7,1) eta 500 gramoko marrubien erretilua (-%25,4).

Oliba olioa, urte arteko igoeran buru oraindik

Bestalde, oliba olioa da azken urtean elikagaien artean igoera handiena izan duena, %69,1eko batez besteko garestitzearekin. 2023ko apiriletik 2024ko apirilera bitartean gehien garestitu den produktua Hipercorreko Koipe Birjina Estra litroa izan zen, non 5,75 euroko eskaintzan egotetik 15,89 eurora pasa den (%176,3 gehiago).

Gaur egun, patata gorriek duela urtebete baino %28,8 gehiago balio dute, eta baratxurien prezioa, berriz, %16,1 garestitu da aldi horretan. Pardina dilistk (%8,4), barengorri xerratuak (%4,6) eta sagarrek (ia %2) ere gora egin dute.

Ekilore olioak merkatu da gehien azken urtean, %27,8ra arte. Beherapenik handiena Carrefourreko Fontasol ekilore olioaren litroan gertatu da, 2023ko apirileko 3,39 eurotik 2024ko apirileko 1,39 eurora igaro baita, hau da, %59 gutxiago.

Izeberg letxugak %13,3ko jaitsiera izan du azken 12 hilabeteetan, eta tipulek iazko apirilean baino %10,14 gutxiago balio dute. Era berean, duela urtebete baino gutxiago balio dute lau kilo laranjako sareak (-%7,7), dozena bat arrautzak (-%2,4) edo marrubi erretiluak eta azenarioak (-%1,7).

Bestalde, Facuak gogorarazi du aurkeztutako salaketen ondoren, joan den otsailaren 21ean Eskubide Sozialen, Kontsumoaren eta 2030 Agendaren Ministerioak errekerimendu bat bidali ziela supermerkatuetako eta hipermerkatuetako kateei, 2023ko urtarriletik oinarrizko elikagai askoren prezioei aplikatu dizkieten igoerek irabazi marjinetan igoerarik ekarri ez dutela egiaztatzeko eskatzeko, BEZaren jaitsierak eragindako produktuetan praktika hori debekatuta dagoelako.

Kontsumitzaileen antolakundeak zehaztu duenez, bi hilabete baino gehiago geroago, Kontsumo Ministerio espainolak ez du argitu kateek erantzun ote duten, eta gogorarazi du Ministerioak eta gobernu autonomikoek badituztela zigortzeko eskumenak.