NAIZ

Emakundek eta Deustuko Unibertsitateak sexu indarkeriari aurre egiteko prestakuntza abiatu dute

2024-2025 ikasturtetik aurrera sexu indarkeriaren aurrean esku hartzeko prestakuntza eskainiko dute Emakundek eta Deustuko Unibertsitateak. Online formatuko graduondoko bat izango da, zeinetan sexu indarkeriak identifikatu ahal izango diren, baita prebenitzeko eta konpontzeko gaitasunak garatu ere.

Juan Jose Etxeberria Deustuko Unibertsitateko errektorea eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria, ituna sinatzen.
Juan Jose Etxeberria Deustuko Unibertsitateko errektorea eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria, ituna sinatzen. (IREKIA)

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak eta Juan Jose Etxeberria Deustuko Unibertsitateko errektoreak hitzarmen bat sinatu dute astelehen honetan,2024-2025 ikasturtetik aurrera sexu indarkeriaren aurrean esku hartzeko berariazko prestakuntza garatzeko. Badira 20 urte baino gehiago bi erakundeak lankidetzan hasi zirela. Zehazki, emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean esku hartzeko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lehenengo masterra abian jarri zenean hasi zen bien arteko elkarlana.

Azaldu dutenez, sexu indarkerian esku hartzeko graduondoko berriak sexu indarkeriak eta horien kausak sakonki ulertzen lagunduko du, baita horiek saihesteko ezagutzak eta tresnak ematen ere. Online formatuan izango da, datorren urrian hasiko da, eta arlo horretan ospe handia duten profesionalek emango dute. 24 kreditu ditu (600 ordu), eta honako gaiak landuko ditu: esku-hartze psikosoziala eta instituzionala, trauma eta krisi egoeretako arreta terapeutikoa eta ziberindarkeria sexualak edo indarkeria horiek prebenitzea, hautematea eta identifikatzea.

Irteera profesionala

Aurkezpenean nabarmendu dutenez, arazo horri heltzeko, espezializazio handiko ikuspegi integrala, diziplinartekoa eta intersekzionala behar da, eta esku hartzeko prozesuen eta erakunde egituraren ikuspegi orokorra ere bai. Esparru horretan egin berri den arau garapenak berariazko prestakuntza duten profesionalen eskaera soziala eta instituzionala sortu ditu.

Ikasketa horiek araudi berriari eta araudi horrek eskatzen dituen lanbide profilei erantzuten diete. Gainera, irteera profesionala izango dute erakunde publikoetara bideratuta, bereziki administrazio eta gizarte zerbitzu guztiek, erakunde pribatuek, elkarteek eta gobernuz kanpoko erakundeek irekiko dituzten arreta zentroetara. Emakundek programa honetan ikasteko bekak eskainiko ditu.

Akordioa sinatzeko ekitaldian Raquel Royo, graduondoko programaren zuzendaria, eta Ane Ferran, Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko dekanoa, ere izan dira.